Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Oihana Azkorbebeitia Urizar
Mendi lasterkaria

«Hizkuntza lotuta dago herri batekin; bata bestea gabe ez da ezer»

2006az geroztik mendi korrikalarien Euskal Selekzioko kidea da Oihana Azkorbebeitia (Abadiño, 1981). Buruan ikurrina eramaten du beti, bere ile gorriarekin batera haren bereizgarri bilakatu dena.

Oihana Azkorbebeitia
Oihana Azkorbebeitia

Euskal Herriko mendi korrikalaririk onenetariko bat da Oihana Azkorbebeitia, eta Euskal Herriaren izena mundu osoan barrena eramatea lortu du, bere jardunari esker, nazioarteko hainbat txapelketetan emaitza onak lortu baititu. Mendian gora doanean, urrunean, bera datorrela jakitea erraza izaten da, haren motots gorria apaindurik ikurrinaren bufa jantzi ohi duelako buruan, inori ez ahazteko nondik datorren.

Euskaraldiaren Hamaikakoaren parte izateak zer suposatzen du zuretzat?

Iruditzen zait edozein euskaldunentzat ohore txiki bat dela Euskal Herri mailan mezu hori zabaltzea. Hasieratik eman zidaten aukera enbaxadore izateko, baina ez bakarrik egun horietan, ondoren ere bai. Ahalegindu behar dugu egunerokotasunean ariketa hori egiten. Pozik nago aukera eman didatelako eta funtzio hori egin dezakedalako.

Pertsonalki zerbait berezia egiteko asmorik ba al duzu Euskaraldiko egun horietan?

Niretzat ez da izango ahalegin handi bat. Niretzat normala da. Egingo dut egunerokotasunean egiten dudan berdina, zeren ni gaur egun euskaraz bizi naiz, eta ahalegintzen naiz beti, lanean edo denda batera joaten banaiz, nire lehen hitza euskaraz egiten. Beraz, Euskaraldiak iraungo duen egun horietan berdin arituko naiz. Normalean saiatzen naiz euskaraz hitz egiten edo ulertzen ez dutenei ere euskara garbi batetan hitz egiten. Orduan, egun horietan are gehiago. Esan bezala, ez da esfortzu handi bat izango niretzat, eguneroko bizimoduarekin jarraitzea izango da.

Euskararen enbaxadore zara orain, baina esan dezakegu Euskal Herriaren enbaxadore bazarela nolabait, lasterketetan inoiz ez baituzu ikurrina ahazten.

Kar, kar, kar. Euskal Herri eta Estatu mailan, eta atzerrira begira lehiatzen hasi nintzenean, beti pentsatu izan dut nire ardura badela erakustea euskaldunak euskaldunak garela, eta espainiarrak espainiarrak direla. Ikurrina hori hasieratik erabili izan dudan ikurra izan da, eta egia da horrek markatzen duela, nazioartean gu sekula ez garelako izan espainolak. Italian, adibidez, baschi ginen. Hizkuntza lotuta dago nortasun batekin eta herri batekin, eta uste dut mezuak hori izan behar duela, euskara bai, baina Euskal Herria ere hor dagoela eta bata bestea gabe ez dela ezer.