Lantoki, erakunde eta elkarteek ere badute zeresana eta zeregina
Euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan jardun eta entzuteko ariketa da Euskaraldia. Baina herritarrei egiten zaien gonbiteaz gain, lantoki, erakunde eta elkarteek ere badute ariketa horretan zeresana eta zeregina.

Euskaraldia entitateetan nola zabaldu eta landu daitekeen argitzeko agerraldia egin zuten otsailean Euskaraldiko arduradunek. Goiatz Urkijo koordinatzailearen esanetan, «jakitun gara oso garrantzitsua dela Euskaraldiak entitateetan duen eraginaz. Eta ez entitateetan bakarrik, bertako kide askorentzat ere entitatea da euskaraz hitz egiteko duten eremu bakarra».
Entitateak aipatzen direnean askotariko eremuak barnebiltzen ditu, izan ere, lantokiak badira entitate, baina baita kirol edo kultur elkarteak, eta denda edo tabernak ere. Eremu horietako ordezkariek izango dute nolako ariketa egin nahi duten hautatzeko aukera. Izan ere, aurten, oinarrizko egitekoak aurrera eramateaz gain, euskararen erabileran bestelako urratsak emateko aukera ere izango dute.
Honakoak izango dira entitate batek Euskaraldian parte hartzeko aurrera eraman beharreko oinarrizko egitekoak: kideak Euskaraldian inguruan informatu, prestatu eta ariketa ikusgarri egin. «Oinarrizko egiteko horiek izango dituzte izena ematen duten entitate guztiek», azaldu du Goiatz Urkijok.
Eta, gainera, lanketa sakonagoa egiteko aukera ere emango zaie izena ematen duten entitate guztiei. Bestelako urratsak ematea hautatzen dutenei «euskararen erabilera sustatzeko aurrerapausoak ematea proposatuko diegu, hala nola, ariguneak sortzea, bilerak euskaraz egiteko neurriak hartzea, mintzatratuak adostea…».
ASKOTARIKO ENTITATEAK
Otsailean San Telmo museoan egindako agerraldian, Euskaraldian izena eman duten hiru entitatetako ordezkariak izan ziren: Irsearaba, Luma Baiona eta Osasuna. Bakoitzak bere eremuan pausoak eman nahi dituztelako euskara gehiago eta modu erosoagoan erabili ahal izateko.
Irsearaba gizarte ekimenerako kooperatiba da, gizarte eskuhartzearen alorrean egiten du lan. 2023an Euskara lantaldeak bultzatuta, plangintza global baten aldeko apustua egin zuten, erabilera bultzatzeko xedearekin. Idoia Martinez de Lahidalga eta Sergio Jimenez entitateko ordezkarien esanetan, orain Euskaraldiarekin lortu nahi dute «euskararen erabilera areagotzea bai langileen artean baita lan egiten dugun pertsonekin ere, eta Euskaraldian hartutako jarrera epe luzera mantendu nahi genuke. Lotsak alde batera utzi eta euskara aktibatzeko».
Haien kasuan, egun, “Egunon” eta “Mintzatratu” dinamikan entitateko hiru zerbitzutan egiten dute, eta Euskaraldiko egunetan ariketa erakunde osora zabaltzeko asmoa dutela aurreratu dute.
Aurreko ediziotan Euskaraldian parte hartu ez bazuten ere, oraingo honetan «gogotsu» ekingo diote ariketari, izan ere, «euskara normalizatzeko dinamika bat da eta bidea oinez egiten denez, pauso hori emateko egitasmo ezinhobea dela pentsatzen dugu», adierazi zuten kooperatibako kideek, eta gainerako entitateak Euskaraldira batzeko animatu zituzten.
Luma Baiona euskarazko murgiltze ereduko haurtzaindegi da, eta Patxi Amulet elkarteko kideak ere beren esperientzia partekatu zuen agerraldian. 2008 urtean sortu zen Luma Baiona «ez baitzen baionar ttipiendako tokirik aski haurtzaindegietan. Gainera, ez zen ttipientzako euskarazko eskaintzarik: ez elebidun, ez murgiltzaile ereduetan», azaldu zuen Amuletek.
Baionako entitateak Euskaraldian izena ematea erabaki du «euskararen sustapena eta transmisioa Luma Baiona Haurtzaindegiaren proiektuaren bihotzean direlako». Euskarazko murgiltze egitura gisa, haien «engaiamendua» indartu nahi dute hizkuntzaren eguneroko erabilpenaren alde, bai haurrekin, bai familiekin. Amuletek gaineratu zuenez, «Euskaraldiaren garaian euskaldunak ez diren familien inplikazioa indartzen saiatuko gara, dela etxean euskara gehiago erabiltzea bultzatzen, dela familiekin euskarazko elkartruke-momentuak sortzen».
«Keinu txiki bakoitzak balio du», azpimarratu zuen Luma Baionako ordezkariak. Izan ere, Euskaraldia ingurune euskaldunago baterantz urrats bat gehiagoren egiteko denboraldia da, eta beste batzuei eredu ematea.
OSASUNA, BIDEA PAUSO TXIKIZ
Osasuna kirol taldeak ere parte hartuko du aurtengo Euskaraldian. Mikel Erbiti Osasuna klubeko kideak azaldu zuenez, «guk beti esan izan dugu osasunak euskaraz zuela izena baina izana erdalduna izan duela urte askotan». Egoera hori aldatu egin zen 2017an bazkideek hala eskatuta urte horretan egin zuten batzar nagusian. «Hizkuntza eta aholkularitza batzordea sortu genuen orduan eta bidea hasi», azaldu zuen Erbitik.
Euskaraldiarekin helburu bi dituztela aipatu zuen: barne mailan ariguneak sortzea, euskaldunon artean talde lanak euskaraz egin ahal izatea eta klub barruan euskararen normalizazioa bultzatzea. Kanpora begira, berriz, «helburua da zaleek sentitzea, euskara haiena den bezala, Osasunarekin duten harremana euskaraz ere egin dezaketela», gaineratu zuen Erbitik.
Euskaraldiak «aukera polita eskaintzen du», bidea pauso txikiz bada ere egiten hasteko, «gerora pauso gehiago eta handiagoak etortzeko».
Lanketa sakonagoa egiteko aukera
Izena ematen duten entitateek egiteko hauek izango dituzte Euskaraldian:
• Informatu: Belarriprest eta ahobizi rolen inguruko informazioa entitateko kideen artean zabaldu, eta izena ematera animatu, horretarako erraztasunak jarrita.
• Prestatu: Entitateek kideei euskararen erabilera sustatzeko prestakuntza eskaintzea aztertuko dute, horretarako baliabideak izango dituzte webgunean.
• Euskaraldia ikusgarri egin: Izena ematen duen entitateak ariketa badatorrela ikusgarri egingo du: espazioak apainduz, ekintzak antolatuz, barne zein kanpo komunikazioan hartutako neurriak edo egingo diren ekintzak jakinaraziz…
Eta aurreko egiteko horiez gain bestelako pausoak eman nahi dituzten entitateek, lanketa sakonagoa egiteko aukera baliatu dezakete izena eman ostean. Hori aukeratuta, koordinazio orokorretik baliabideak eskainiko zaizkie aparteko lanketak egiteko, besteak beste:
• Ariguneak sortu: euskaraz lasai aritzeko guneak.
• Komunikazioak euskaraz egin: bilerak, mezuak eta bestelako komunikazioak euskaraz zabaldu.
• Mintzodromoak antolatu; entitate barruan lasai euskaraz hitz egin ahal izateko.
• Mintzatratuak adostu entitateko kideen artean.
• Hiztegi kutxa; entitatearen arloko euskarazko hiztegia ezagutu eta erabiltzeko.
Azken lanketa hauek egiteko, intraneteko sarbidea eta aholkularitza izango dituzte eskura entitateek.

Homenaje a Germán Rodríguez con actuación sorpresa de Rozalén

Y la música obró el milagro sanferminero: un kaiku en plena cuesta de Santo Domingo

La peineta de Morante; el torero de Vox se encara con el tendido reivindicativo de Iruñea

Hallan el cadáver de un iruindarra en el río Urumea en Donostia
