
Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako udalek merkataritza, ostalaritza eta gainerako saltokietako erakusleihoak nahiz saltokiak apaintzeko Euskaparate lehiaketa antolatu dute hirugarren aldiz, Oiartzualdeko Euskara Batzordearen bitartez, Euskaraldiaren helburuekin bat eginez.
Antolatzaileen esanetan, Euskaraldiari lotuta egoteaz gain, Oiartzualdeko lau udalek merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko urteko 365 egunetan gauzatzen duten “Prezio berean, euskaraz!” egitasmoarekin ere bat egiten du ekimenak.
Horrela, lau udalek dei egin diete eskualdeko merkatari ostalari eta bestelako establezimendu guztien jabeei Euskaraldiaren testuinguruan gauzatuko den lehiaketan parte hartzera. «Establezimenduak apaintzeak gure kaleak pixka bat alaitzeaz gain, Euskaraldia bezalako ekimen positibo bati bultzada eta ikusgarritasuna emango dizkio», azaldu dute.
Nahi duten Oiartzualdeko merkataritza, ostalaritza eta gainerako saltoki guztiek parte hartu ahal izango dute eskaparate lehiaketan. ‘Euskaraldia’ hitzak nahitaez egon beharko du bistan apaintzen den saltoki edo erakusleihoan, baina hortik aurrera norberaren sormenaren eta irudimenaren arabera geratuko da.
Euskaraldia edo euskara aitzakia edo gai hartuta apaindu beharko dute saltokiaren erakusleiho bat gutxienik. Erakusleihorik ez izan arren, establezimendua bera edo haren alde nahiz zatiren bat apainduz parte hartu nahi dutenek ere egin ahal izango dute.
Lehiaketan parte hartu nahi duten establezimenduek www.oarsoarrak.eus webgunean aurkituko duten formularioa bete beharko dute, eta erakusleihoak edo saltokiak apainduta eduki beharko dituzte maiatzaren 9tik 25era behintzat. Epaimahaikideek hilaren 9tik 16ra bitartean ikuskatuko dituzte erakusleihoak, eta ikusi ahala, haien balorazioak biltzen joango dira.
Epaimahaiak maiatzaren 19rako ezagutaraziko ditu eskualdeko irabazlea eta herri bakoitzekoa nor diren. 400 euroko balioa duen deskontu bonu sorta bat eskuratuko du irabazleak bere bezeroen artean banatzeko, eta herri bakoitzeko irabazleak 200 eurokoa jasoko du.
EUSKARAREN PAPARAZZIAK
Bestalde, Euskararen Paparazziak argazki lehiaketaren zazpigarren edizioa antolatu du Oiartzualdeko Euskara Batzordeak, argazkigintza merkataritzarekin eta ostalaritzarekin lotzen duen lehiaketa. Aurtengo edizioa eskualdeko Euskaraldiko ekintza izango da.
“Prezio berean, euskaraz!” egitasmoaren barnean antolaturiko argazki lehiaketa da Euskararen Paparazziak. Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan euskararen erabilera handitzeko, hizkuntza paisaiak duen garrantzia azpimarratzea du helburu.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Oiartzualdeko saltokietan ikusgai eta euskaraz dauden errotuluei, kartelei edo bestelako idatziei argazkiak atera, eta e-posta bidez (euskararenpaparazziak@gmail.com) edo WhatsApp bidez bidali beharko dituzte 747 449 416 zenbakira.
Argazkiak maiatzaren 10etik 28ra bitartean bidali beharko dira. Lehiaketaren lau irabazleek ekainaren 9tik 30era bitartean Oiartzualdeko saltokietan gastatzeko 150 euroko saria irabaziko dute. Ekainaren 4an ezagutzera emango dira irabazleen izenak.

Homenaje a Germán Rodríguez con actuación sorpresa de Rozalén

Y la música obró el milagro sanferminero: un kaiku en plena cuesta de Santo Domingo

La peineta de Morante; el torero de Vox se encara con el tendido reivindicativo de Iruñea

Hallan el cadáver de un iruindarra en el río Urumea en Donostia
