
Gaizka Sarasola Iartzabalek eskuratu du (H)illbeltza elkarteak, Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak esleitzen duten (H)ilbeltza beka, ‘Mug(h)erri‘ eleberri proiektuagatik. Epaimahaiak aurkeztu diren zazpi laginen artean hautatu du Sarasolaren proposamena, azaldu dutenez, egileak aukeratu duen lokalizazioak Baztan oroitarazteaz gainera errealismo magikoari keinu egiten diolako eta erabiltzen duen hizkera landuak proiektua indartzen duelako.
Epaimahaiaren hitzetan, Sarasolak «Baztan izan daitekeen landa eremuan kokatzen du istorioa; horrela, lokalizazioak istorioari hurbiltasuna emateaz gainera, landa giroaren bizitzaren eta bilakaeraren erradiografia bat egiten du, betiere klixeetatik ihes egin nahian». Era berean, nabarmendu du genero beltzean ez dela ohikoa fantasiari eta errealismo magikoari keinu egitea, «eta arteaz ere gogoeta egiten du. Alde horretatik, (H)ilbeltza bekaren parametroekin bat eginik ere, ezohiko elementuak txertatzen dira, eta hizkera landua erabiltzeak indartu egiten du proiektua. Zoriondu nahi dugu irabazlea eta baita epaimahaiaren lana zaildu duten gainerako proiektuak ere», ebatzi dute.
Sarasolak 3.000 euro jasoko ditu orain eta beste 3.000 emango zaizkio lana akitzerakoan. Izan ere, ondobidean eleberriak 2026ko abenduan ikusi beharko luke argia, Txalaparta argitaletxearen zigilupean, eta 2027ko (H)ilbeltza ekimenean aurkeztuko lukete.
Gaizka Sarasola (Lesaka, 1974) musika irakaslea eta txistularia da, eta baita Mairu Antzerki Tailerraren sortzaileetariko bat ere. Bi liburu argitaratuak ditu bere zenbait antzezlanen bildumekin: ‘Erleak, satorrak, beleak’ (EDO!, 2016) eta ‘Zerrakuretan’ (Susa, 2021). Musika arloan, ‘Ixuriak’ (2004) eta ‘Ez naiz deusen jabe’ (2007) diskoak kaleratuak ditu Xabier Erkiziarekin batera, eta LedSilhouette dantza konpainiaren ‘Concavo-Convexo’ (2019) lanarentzat musika sortu du.
(H)ilbeltza bekaren xedea euskarazko nobela beltza sustatzea da eta, helburu horrekin, sormen eta itzulpen lanak saritzen ditu txandaka. Beka eskuratu dute, besteren artean, Miel A. Elustondok (‘Kezko bola batek itoak birikak’, 2019), Josu Barambonesek (Patricia Highsmithen ‘Lardaska’ ekarri zuen euskarara), Eneko Barberenak (‘Suak erreko ez balu’) edota Joxan Oizek ‘Amazurtza’. Aurtengo abenduan ikusiko du argia iazko sarituak, Amaia Apalauzak euskaraturiko ‘Guillem’, Nuria Cadenasen eleberria.

«NAIZek euskal kulturgileak ukatu»?, NAIZen erantzuna

Cerdán dimite de sus cargos tras hablar el Supremo de «consistentes indicios» de comisiones

Fermin Muguruzaren Anoetako kontzerturako jakin beharreko guztia

Ternua presenta concurso de acreedores al no poder hacer frente a una deuda de 16 millones
