
Eneko Azedok (Gasteiz, 1980) bere lehen eleberria aurkeztu du ostegun goiz honetan: ‘Iraileko zazpi egun’. «Eleberri errealista moduan aurkeztu arren fantasiaren generotik elementu batzuk hartu ditut», esanez definitu du idazleak berak eleberria. Gaur egun kokatuta badago ere, birraititeren gutunen bidez 1936ko gerrako istorioak ere jasotzen ditu eleberriak.
Xabier Mendiguren editorearen hitzetan «oso entretenigarria» den liburu bat da Azedok ondu berri duena, eta editoreak aitortu du ez dela Azedoren lehen sormen lana. Rol jokoak eta karta jokoak sortuak baititu lehenago, eta idazleak berak kontatu du istorioak sortzen lagundu diola esperientzia horrek.
«Istorio bitxi bat gertatzen da, ez da istorio arrunta. Haizea Jauregibeitia izeneko neska bat desagertu egin zen Bizkaiko kostaldean dagoen herrixka txiki batean, Arizkorrieta izenekoa. Eta bere desagerpenaren ondoren, bere egunerokoa aurkitu zuten hondartza batean, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen. Ez zuen ondoriorik atera ordea, Ertzaintzak dio egunerokoan kontatzen dena ez dela sinesgarria eta horregatik kasua itxi zuten», kontatu du istorioaren aurrerapenean. Nahiz eta «spoilerrik» egin gabe istorioaren muina azaltzea kostatu zaion, argitu du liburuan jasotzen dena Haizearen egunerokoa bera dela.
Bi garaitan kokatutako istorioa da, ordea. Izan ere, pertsonaia nagusia bere birramonaren eta birraitonaren Bizkaiko herrixka horretako etxera joan zen eta bertan birraitonaren gerra garaiko gutunak topatuko ditu. Lehen pertsonan dago kontatuta istorioa, eta horregatik lotzen du hain zuzen irakurlea liburura. «Irakurlea ere protagonistarekin batera doa elementu berriak aurkitzen, berak abiatutako ikerketaren bidez jasotzen dugu guk ere informazioa», gehitu du aurkezpenean.
Bi garaitako pertsonaiak
Fikziozko herri bat sortu du Azedok, Bizkaiko kostaldean kokatuta: «Herri txiki bat da, oso isolatuta dagoena, lehengo ohiturak mantentzen dituen herria, arrantzale bizitza, bizkaiera…», kontatu du. Eta herri berri horretara iritsitakoan liburuko beste pertsonaiekin egingo du topo. Horietako zenbait aurkeztu ditu idazleak ostegun honetako agerraldian: «Egoitz biologoa eta aktibista ekologista da, herrian kirol portu berri bat eraiki nahi dutela eta gatazka horrek beregan eragingo du; denda bat duen emakume zahar bat ere badago, aitzinako gauzak kontatuko dizkiona; herriko arrantzale bat; mehatxuak egiten dizkion gizona, edota alkatearekin istorio paralelo bat ere badu…».
1936ko pertsonaiak ere badaude, izan ere, birraitonaren eta birramonaren istorioak ere kontatzen ditu protagonistak. Azedok aitortu du dokumentazio lan handia egin duela, eta gertakizun istorioak ere agertzen direla, «sinestezinak diruditen zenbait gertakari benetakoak dira, adibidez Bilboko portuan urpeko ontzi bat lapurtu zutenekoa».
Lehen begiradan sumatzen ez bada ere, azalak «pista asko» ematen dituela kontatu du. Protagonista bera ageri da, kriseilua, iluntasuna eta argi berde batzuk. Ez du gehiago aurreratu nahi izan misterio guztia ez argitzeko, baina irakurleari adi egoteko deia egin dio.
Mendigurenek inspirazio edota iturriez galdetuta, kontatu du beti asko irakurri izan duela, baina rol jokoen elkarte bateko kide dela eta horrek ere lagundu diola. «Rol jokoetan taldean unean istorio bat osatzen da, irudimena garatzeko oso baliagarria eta aberasgarria da. Kontua da normalean hor geratzen direla istorioak eta nik istorioa paperera ekartzeko ahalegina egin dut», azaldu du, eta kontatu du kasu honetan ez duela istorioa rol jokoetatik atera.

«NAIZek euskal kulturgileak ukatu»?, NAIZen erantzuna

Cerdán dimite de sus cargos tras hablar el Supremo de «consistentes indicios» de comisiones

Fermin Muguruzaren Anoetako kontzerturako jakin beharreko guztia

Ternua presenta concurso de acreedores al no poder hacer frente a una deuda de 16 millones
