Zinemako ekaitz tragiko batean, Jauregi baserritarrekin
Bilboko Zorrotza muturreko ertz batean galduta dirudien industria nabe handi honetan sartzean, kea, zarata eta ura. Bat-batean, enbata handi baten bihotzera eraman gaituzte; dena da lainoa, ekaitzaren burrunba eta euria. Igor Legarretaren ‘Inurri itsuak’ thriller tragikoaren filmaketan gaude.

Plato-aren neurriak ikagarriak dira: 2.000 metro karratu inguruko zabalera eta 70 metroko luzera. Sartu eta barneko iluntasun zaratatsuan lasai-lasai diruditen pare bat idi daude. Irudia surrealista da. Zinemaren magia. Fikzioan, Algortako itsaslabarrean, eta beraien bizitzak arriskuan jarrita, itsasontzi ingeles batek, ondoratu ostean, galdu duen ikatza eskuratzeko bertako baserritarrek erabili dituzten idiak dira hauek. Istorio honetako protagonistak jauregitarrak dira, baserri txiro batean bizi den familia. Ikatza jaso behar dute, baina horren truke ordaindu beharrekoa garesti aterako zaie.
Herri kirola baztertu eta aktoreak bihurtu diren idi parearen atzean dago ekaitzaren trumoien ‘erruduna’: horma oso baten luzera hartzen duen argi eta fokuen antolaketa nahasi bat.
Eta hormaren beste aldean, ‘Inurri itsuak’, Igor Legarreta zinemagilearen (‘Ilargi guztiak’) azken filma grabatzeko eraiki den set-a dago... Agian euskal zineman egin den set handienetakoa da?, bota diegu Ane Muñozi, script eta zinemagileari. «Baietz esango nuke», hark. Iluntasunean galdu da Muñoz, han atzean dagoen ekaitz faltsu ikusgarri honek sortutako euritan eta putzuetan.
Zorrotzako industria eraikin abandonatu honetan Galeako itsaslabarra ‘birsortu’ dute. Ramon Pinilla (1923-2014) idazle bizkaitarrak 1960. urtean Nadal saria irabazi zuen ‘Inurri itsuak’ eleberrian imajinatu zuen istorio tragikoa pertsonaia errealekin gauzatu du Igor Legarretak mende erdi baino gehiagoren ostean, eta, horrez gain, euskararen mundura ekarri du.
Zinemagilearentzat, dudarik gabe, erronka bat izan da: «Gaztelania zoragarri batean idatzita dago eleberria –adierazi digu asteazkeneko grabaketak bukatu ondoren hartu duen tarte batean–, baina guk euskaraz egingo dugu, Bizkaiko euskalkia erabilita. Ni euskaldun berria naiz, eta lehenengo bertsioa gaztelaniaz egin genuen; ondoren Harkaitz Canok hobetu zuen, eta Gorka Lazkanorekin landu dugu euskalkia. Niretzat filmea euskaraz egiteak puntu poetikoa du, nire aitak euskara galdu zuelako, amak ez zekielako, eta nik ez nuen aukerarik izan euskara ikasteko. Gero ikasi nuen. Eta dagoneko alaba euskalduna da. Orduan, euskaldun berri batentzat pelikula euskaraz egin eta zuzentzeko aukera izatea opari politena da».
«Euskaldun berri batentzat pelikula euskaraz egin eta zuzentzeko aukera izatea opari politena da»
‘Inurri itsuak’, neurriei dagokionez, ekoizpen handia da. Bruja del Norte Films, A.I.E; Lamia Producciones Audiovisuales, S.L; Lazona Zinema, S.L; Lazona Producciones, S.L; Sideral Cinema S.L. eta Buendia Estudios Bizkaia, S.L.U; eta Caviar Antwerp B.V. batu dira ekoizpen honetan eta, gainerako partaideen artean Atresmedia eta EITB nabarmendu daitezke.
Filmaketa martxoaren 13an hasi zen eta asteazkenean bertan bukatu zuten. Bizkaiko lokalizazio desberdinak erabili dituzte (Bilbo, Elorrio, Galdakao, Getxo, Gorliz, Sagasta eta Mundaka), lan honetan kokaleku natural ikusgarriak dekoratu handiekin nahasteko hautua egin zutelako. Urko Olazabal (‘Maixabel’ eta ‘Soy Nevenka’) eta Itziar Ituño (‘La casa de papel’, ‘Irati’) dira protagonista nagusiak. Josean Bengoetxea (‘Balenciaga’, ‘Errementari’, ‘Loreak’), Miren Gaztañaga (‘Azken erromantikoak’, ‘Ane’), Unax Hayden (‘Irati’) eta zinemarako errekuperatu duten Patxi Bisquert (‘Oreina’, ‘Tasio’) dira aktoreetako beste batzuk.
Platora sartzean, ‘gezurrezko’ itsaslabar ahalik errealena gauzatzeko egin duten lanak harritu egiten du. Basoa birsortu dute. Azken xehetasunera arte gauzatu da. Aktoreak eta lan taldea grabatzen ari diren bitartean, burrunba eta euria etengabekoa da. «Topera gabiltza beti: ura, euria... topera!», dio Julenek, Donostiako Drama FX efektu berezien langilea, haizagailu trifasiko handi bat maneiatzen duen bitartean. «Lainoa egiten duen makina bat daukagu hemen –esan du haren laguntzaileak–, baina airea banatzen ari gara, era berean, set osoan zehar hodi batzuen bidez». Eskuan daraman soplete antzeko bati aire likidoa eta gasaren nahasketari sua eman eta haizagailuak zabaltzen duen lainoa sortzen ari dira.
«Iraila edo izango zen gu eraikin honetan izan ginen lehengo aldia, eta hau guztia huts-hutsik zegoen. Poliki-poliki joan gara bidea aurkitzen, hau gauzatu ahal izateko», argitu du Igor Legarretak. Zinemak gezurra egia bihurtzeko duen ahalmen hori da zinemagilea bera ere txunditu egiten duena: «Niretzat gauza polita da, plano batean gezurrezko mundu bat begien aurrean dudalako. Zeren hemen dena da gezurrezkoa!», adierazi du.
Bidaia honetan Imanol Nabea (argazki zuzendaria) eta Mikel Serrano (‘Akelarre’ eta ‘Handia’ filmetan egindako lanarengatik Goya sariak jaso ditu), arte zuzendaritzan, lagun izan ditu. Garrantzi berezia du, horrela sumatzen da, irudia; lanketa berezia egin dute, ‘tonu’ ilun eta intentsoa lortzerako bidean. «Hori izan zen gure apustua hasieratik, filmaren eszenaratzea pixka bat estilizatzea. Historia nahiko hiperbolikoa kontatzen du eleberriak –ekaitza da erraldoia, protagonistek egin behar duten ahalegina da erraldoia, dena da erraldoia hemen–, beraz, ‘pelikulari puntu estilizatu hori eman behar diogu’, pentsatu genuen. Hau da, sinesgarritasun hori mantendu nahi dugu, benetako pertsonak izan zirela, edo baserri batean eta itsaslabarrean gaudela sinistu dezagun, baina, beste alde batetik, fikziozko tonua izan dezala nahi genuen. Koloreak ere ez dira arruntak: esaterako, baserritar familia bakoitzari eman diogu kolore berezi bat».
Ekaitza da abiapuntu eta helmuga istorio honetan. «Metafora bezala funtzionatzen du –argitu du–. Erresilientziari buruzko istorio bat dela esan daiteke: haiek aurrera joan behar dute, berdin dio zein oztopo duten aurrean. Batez ere Sabas Jauregi aurrera joango da, motor hori duelako barnean, aurrera joateko».
Itziar Ituño: «1930eko emakume hau nigandik oso urrun dagoen emakumea da. Latza izan da»
Itziar Ituño Juana da, Sabas Jauregiren emaztea: «Baserriko ugazaba, Sabasen emaztea eta ama da. Etxekoandrea da, gutxitan ateratzen dena baserritik, eta esango nuke Sabasen erabakien kontrapuntua dela».
Lanean jo eta su dabilen arren –zinema aretora iritsi berri da ‘Faisanen irla’-ri Argentinan errodatu duen ‘Pensamiento lateral’ gehitu zaio; ekainean, bestalde, beste telesail bati ekingo dio Ituñok–, hemen basauriarrak orain arte egokitu ez zaion pertsonaia bati aurre egin behar izan dio:
«1930eko emakume hau nigandik oso urrun dagoen emakumea da. Ni naiz emakume feminista eta oso kontzientea, baina garai hartan gizartea nola zegoen kontuan hartuta, emakume indartsua tokatu zait gorpuztea, sekulako tragediari aurre egiten diona ahal duen moduan. Eta konturatu naiz garai hartan emakume izatea zeinen gogorra zen. Une batean amak esaten dio Juanari: ‘Zer pentsatzen duzu, familia galdu duen emakume bakarra zarela? Seme-alabak gadu dituen emakume bakarra zarela?’. Hau horrela zen. Eta Itziarrentzat, hori entzutean: ‘Ostras, egia!’. Eta hala eta guztiz ere, aurrera egiten zuten. Pentsa, garai hartan, zenbat abortu natural, zenbat gaixotasun... Nire amamek, Jesusak eta Julik, seguruenik edukiko zituzten abortuak, eta segi aurrera, egizu lan, egin zaitez beste guztien zainketaren arduraduna... Latza izan da. Beste pasta batekoak zirela iruditzen zait», aitortu digu Ituñok.
Estetikoki ere aldatuta dago filme honetan basauriarra: «Ilea horrela jarri zidatenean etorri zitzaidan burura amama Jesusa. Horrela ezkondu zelako, ‘ondas al agua’¸ hauek modan zeudelako».
Urko Olazabal da Sabas: «Garaiko gizona da, baserritarra, indartsua eta berarentzat ‘¡la procesión va por dentro!’», dio. Lan fisiko handia eskatzen duen pertsonaia du eskuartean, burugogorra, sentimenduak ezkutatzen dituena. Etxe horretan ez dago diru askorik, eta ekaitzak ekarri dion ikatza familia berotan mantentzeko erabili nahi du. Olazabalek gaur egungo egoerarekin parekotasunak bilatzen ditu: «Garai bateko ikatza gaur egun elektrizitatea da. Gaur egun krisi energetiko batean gaude ere, eta neguan jendeak ez du dirurik etxea bero mantentzeko. Eta hori gertatzen da XXI. mendean, eta ez bakarrik hirugarren munduan. Euskal Herrian gertatzen da, jende asko dago egoera horretan».
Txaloak entzun ditugu eszena bakoitzaren bukaeran. Egindako lana ospatzen ari dira. Orain estudioan sartu eta filmatutakoa ‘josten’ hasiko dira, oraindik bidaia luzea gelditzen baitzaio jauregitarren ekaitzari, zinema aretoetara iristeko.

«NAIZek euskal kulturgileak ukatu»?, NAIZen erantzuna

Cerdán dimite de sus cargos tras hablar el Supremo de «consistentes indicios» de comisiones

Fermin Muguruzaren Anoetako kontzerturako jakin beharreko guztia

Ternua presenta concurso de acreedores al no poder hacer frente a una deuda de 16 millones
