
Berri pozgarria jaso berri du EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoak. Urratsez urrats, mendiko kultur eragile hori ibilbidea egiten ari da; betiere, ekarpenean oinarrituta. Orain, berriz, nazioartean kokatu du bere burua. Joan den apirilaren 30ean, Sabadellen, Mendiko Museoen Nazioarteko Elkargoak (IMMA) urteko batzarra egin zuen, eta, landutako gaien artean, Euskal Mendizaletasunaren Museoa kide gisa onartzea erabaki zuen. Gainera, aho batez. Hortaz, aliantza horretako hamahirugarren kidea bihurtu da.
Aitortza hau orain jaso badute ere, EMMOAkoek zortzi urte daramatzate gonbidatu gisa IMMAren urteko bileretan. Euskal ordezkariek aurrerantzean beste hamabi museo eta dokumentazio zentro izango dituzte kide: Turin, Trento eta Sondrio italiarrak; Chamonix eta Chambery frantziarrak; Banff kanadarra; Zakopane eta Jelenia Gora poloniarrak; Sabadell katalana; Berna suitzarra; Pokhara nepaldarra eta Brasov errumaniarra.
EMMOA pozik azaldu da Sabadelleko batzarrak hartutako erabakiarekin eta jasotako aitortzarekin: «IMMAren erabakia oso garrantzitsua da guretzat; izan ere, gure proiektua Euskal Herriko mendizaleek bultzatu dute eta euskal mendizaleentzat zuzenduta dago. Eta hori baloratu dute. Hortaz gain, euskal alpinista entzutetsuenek zein maila handiko munduko kirolariek sostengatu dute gure egitasmoa. Baita mendiko taldeek eta Hego Euskal Herriko lau herrialdetako federazioek ere. Eta horri ere, IMMAkoek azpimarra harri diote. Gogoratu behar dugu Euskal Mendizale Federazioa eta Mendi Kirolen Nafarroako Federazioa EMMOA fundazioko kide direla, Bilboko Mendi Film Jaialdia bezala. Urrats handi horrek ateak zabalduko dizkigu gure ingurumari honetatik kanpo lan egiteko eta nazioarteko lankidetzak indartzeko».
Nahiz eta behin betiko euskal museo fisikoa zabaltzeko denbora itxaron beharko den, IMMAk ontzat jo ditu EMMOAkoen lana eta ekimen guztiak: hitzaldiak, erakusketak, argitalpenak… Hain zuzen ere, 2013an sortu zen garaitik eginiko ibilbide guztia. Eta beti euskal mendizaletasunaren nortasuna eta ondarea aintzat hartuz.
Ekarpen handia
Babesa eta laguntza asko jaso baditu ere, ezin da aipatu gabe utzi EMMOAko «zutabeak» direnak: Txomin Uriarte, Antxon Iturriza, Patxi Cortazar eta Mari Jose Lasa. Federación Vasco-Navarra de Alpinismo historikoa sortu zenetik, 1924an, euskal museoaren egitasmoa amets handia izan da. Bada, helburu horrek lehenago edo beranduago Tolosan izango du aterpe. Euskal mendizaletasunaren ondarearen jagole nagusia izateaz gain, altxor historiak eskuratu eta gorde ditu, balioak transmitituz, zabalkundea indartuz eta ikertzeaz arduratuz.
Ildo horretatik jarraituz, azpimarragarria da euskal eragileak duen funts sendoa: liburutegia, dokumentu biltegia, hemeroteka, fototeka, objektu historikoak, elkarrizketak eta erakusketak. Hots, euskal mendizaletasunaren historiako ondare paregabea.
Zehazki esanda, euskal mendizaletasunaren historiako protagonistek emandako 900 pieza ditu EMMOAk katalogatuta eta argazkiekin. Mendiari eta mendizaletasunari buruzko 4.500 liburu jaso ditu, tartean Kartajanarik oparitutako 1.500 liburu; hots, himalaismoaren buruzko munduko bildumarik onenetakoa.
Irudiei dagokienez, 5.000 argazki digitalizatuta dauzka, XX. mendearen hasieratik gaur egun arteko testigantza. Hortaz gain, Euskal Herriko eta Espainiar Estatuko argitaletxeek eta klubek argitaratutako 50 mendi aldizkari bilduma baino gehiago, etengabe eguneratuz. 1922az geroztik, prentsan argitaratutako mendizaletasunari buruzko orrien aleen gordailua, baita 1976az geroztik euskal egunkari guztietan argitaratutako mendizaletasun orrien bilduma osoak ere.
Bestalde, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan, film historikoak berreskuratzea eta digitalizatzea erraztu da, hala nola 70eko hamarkadako Javier Garretaren bilduma edo Fernando Larruquerten ‘Agur Everest’. Euskal Mendizale Federazioaren 1924tik 1970era bitarteko artxibo ofizialak katalogatu eta digitalizatu ditu. Bide batez, euskal mendizaletasunari buruzko dokumentazio historiko aberatsa ere bildu eta aztertu da. Horri guztiari gehitu behar zaio sei erakusketa iraunkor eta lau erakusketa ibiltari martxan dituela, eta 40 lekutik gora erakustoki.

Osakidetza anuncia un paquete de medidas para agilizar la Atención Primaria

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu
