
Udal osoko bilkurak izan dituzte aste honetan Donamariako, Mundakako eta Mutiloako udalek, eta UEMAko kide izateko erabakia hartu dute hirurek. Hurrengo egunetan, berriz, Ormaiztegik eta Ibarrangeluk ere aztertuko dute aukera, udal osoko bilkuretan.
Ekainaren 14an egingo du UEMAk aurtengo lehen batzar nagusia, Azkoitian, eta orduan aztertuko ditu herri berrien eskaerak. Bost herri berriak onartuz gero, 118 udal izatera iritsiko da UEMA. Guztien artean 353.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.
Donamaria, bultzada berri baten bila
Astelehenean egin zuen udal osoko bilkura Donamariako Udalak, eta udal gobernua osatzen duten Herriarengatik taldeko zinegotzi guztien aldeko botoekin, UEMAko kide izatea erabaki zuen. Euskaldunen indizea %89,2 da Donamarian, baina azken urteotan ezagutza apaltzen ari da. Euskaldunen profila aldatzen ari da, eta kezka sortu dute lehen hizkuntzaren eta etxeko erabileraren datuek.
Donamaria Nafarroa iparraldeko herria da, Malerreka eskualdean dago, eta iaz 452 biztanle zituen. UEMAko 114. udalerria izango da.
Mundakan, gehiengoarekin
Egun mugitua izan zuten herenegun Mundakan. 10.00etarako deitutako udal osoko bilkuran hainbat kontu zituzten aztergai, eta tartean zuten UEMAko kide izateko eskaera ere. Aldeko bozka eman zuten alkatetza duen EH Bilduko hiru zinegotziek eta herenegun arte udal gobernuko kide zen Herritarren Alternatiba taldeko bi zinegotziek. EAJko hiru zinegotziek, berriz, aurka bozkatu zuten, euskararen aldeko hizkuntza politika bideratzeko EUDEL nahikoa dela iritzita.
Udal osoko bilkuran bertan iragarri zuen Herritarren Alternatibak udal gobernua utzi eta oposiziora pasatuko dela, baina udala UEMAko kide izatearen alde agertu ziren lehenago.
Mundaka Bizkaiko iparraldeko udalerria da, Busturia eskualdean dago, kostaldean, eta 1.828 biztanle zituen iaz. Soziolinguistikoki udalerri euskalduna da, baina alde handia dago euskararen ezagutzaren (% 68), lehen hizkuntzaren (% 47), euskara gaitasunaren (%21), eta kaleko (% 39) zein etxeko (% 25) erabileren artean.
«Udalerri euskaldunen bilakaera nabarmen islatzen du Mundakak: ezagutzarekin lotu ohi denez euskaldun indizea, udalerri euskalduna da, baina erdararen nagusitasun ez erabatekoa duena. Bilakaera aztertuta, euskararen galera handiagoa da irabazia baino, eta hori iraultzeko beharra ikusi du udal gobernuak, beste udalerri euskaldunekin eta UEMArekin batera eragiteko, batez ere herritarren ahalduntzean», azaldu du UEMAk.
Mutiloan, aho batez
Mutiloako Udalak ere asteazkenean egin zuen udal osoko bilkura, arratsaldean, eta aho batez erabaki zuten UEMAko kide izatea, udalbatzarra osatzen duten Mutiloako Herri Kandidaturako hautetsi guztien aldeko botoekin.
Gipuzkoako udalerri euskalduna da Mutiloa. Goierri eskualdean dago, eta iaz 253 biztanle zituen. Soziolinguistikoki, euskara indizea % 91,4 da Mutiloan, baina ezagutzarekin lotutako indize horrek behera egiten du gero lehen hizkuntzaren (% 70) eta etxeko erabileraren (% 52) datuak behatuz gero.
«Garai bateko arnasguneen bilakaera argi erakusten du, beraz, Mutiloak: ezagutza altuko udalerria izan arren, beste hainbat aldagaik agerian uzten dute euskararen aldeko hizkuntza politika aurreratuaren beharra, herritarren ahalduntzean eta hizkuntza ohituretan eragiteko», dio UEMAk.
Hurrengo egunetan Ormaiztegik eta Ibarrangeluk ere aztertuko dute UEMAko kide izatea
Aste honetako hirurak ez dira laster UEMAra gehitu daitezkeen herri bakarrak. Izan ere, Ormaiztegik eta Ibarrangeluk ere hurrengo egunetan dituzte maaitzeko udal osoko bilkurak, eta udal horiek ere UEMAko kide izatea aztertuko dute osoko bilkuretan.
UEMAk ekainaren 14an egingo du aurtengo lehen batzar nagusia, Azkoitian, Baztartxo antzokian. Mankomunitateak orduan onartuko ditu UEMAko kide izateko herri berrien eskaerak. Ofizialki, beraz, egun horretatik aurrera izango dira herri berriak UEMAko kide. Gaur egun 113 udal dira UEMAko kide. Donamaria, Mundaka eta Mutiloarekin batera Ormaiztegi eta Ibarrangelu ere gehituz gero, 118 udal izatera iritsiko litzateke UEMA. Guztien artean 353.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Intensidad, fútbol, emociones, polémica y empate en el derbi vasco de San Mamés (1-1)
