Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Altuna III.ak lehen tantotik txokoan korapilatu dio finalerdia Unai Lasori (22-9)

Jokin Altuna iazko txapela defendatzen saiatuko da, larunbat honetan, Donostiako Atano III.ean, Lasoren aurka finalerako txartela modu ikusgarri batean eskuratu ostean. 15-0eko partziala altxatzea ezinezkoa izan zaio nafarrari.

Altuna III.a, tanto bat ospatzen Lasoren aurrean.
Altuna III.a, tanto bat ospatzen Lasoren aurrean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jokin Altunak beste final baterako txartela eskuratu du. Buruz Buruko egungo txapelduna da amezketarra eta ekainaren 1ean, Bilbon, iazko txapela defendatzen saiatuko da larunbat honetan Unai Lasori aise irabazi ostean (22-9).

Amezketako aztiak ez du bere magiaren beharrik izan beste askotan erabili izan duen bezalaxe. Kalitatez soberan da gipuzkoarra eta faktore horri eraginkortasuna, segurtasuna eta zehaztasuna gehitzen bazaizkio, menderaezina den pilotari bat bihurtzen da.

Eta hori da Jokin Altuna. Gaurko partidaren hasieratik mina egiten saiatu da Aspekoa. Baita lortu ere, eta nola gainera! Txokoa eta ezker pareta lagun izan ditu amezketarrak bertan min handia egiteko. 15-0eko hasierako partzialean, 7 tanto egin ditu Altuna III.ak txokoan edo ezker paretari itsatsita.

Laso ezinean aritu da. Gainera, lehen tantoan bertan irrist egin du eta ezin izan du pilotari ondo heldu. Ondoren, Jon Mariezkurrena botileroari onartzen zion moduan, hankek ez zioten erantzuten. Eta hor Altuna inor baino 'marrazoagoa' da. Odola usaindu eta etekina ateratzen ahalegintzen da beti.

Ez hori bakarrik. Gipuzkoarra ez da pilotari bi aldiz jarraian gaizki ematen dion horietakoa. Nahiz eta tanto batean ondo ez eman, hurrengo pilotakadan, gutxienez, gauzak gaizki jartzen saiatzen da. Eta Lasori hori egin dio 8-0koan. Bizkarreta-Gerendaingoak ez du aprobetxatu eta Altuna III.ak txokoan amaitu du tantoa, hurrengoa sakez egin eta 9-0koa ipintzeko.

Final-laurdenetako ligaxkan kosta egin zitzaion egungo txapeldunari aurrera egitea. Lehen partida galdu egin zuen eta beste bietan irabaztera behartuta aritu zen. Gaur, berriz, presiopean izan du Laso denbora oro, eta bere errepertorio guztia aterata, ez dio aukera minimorik eman.

Unai Laso, ezinean

Mariezkurrenak bere pilotariari lasaitzeko eta bere aukerak izango zituela azpimarratzen zion. Honek ezker gantxoz lortu du bere lehen tantoa. Baina beranduegi zen: 15-1. Geroago, lau tanto egin ditu jarraian, baina takada gehiago behar zituen aurkaria urduritzeko. Nahiz eta tanto eder batzuk lortu, finalerako txartelak izen-abizena zuen: Jokin Altuna.

PARTIDAKO FITXA:

Altuna III.a: 22

Laso: 9

Pilotakadak: 209. Iraupena: 48:09. Markagailua: 15-0, 15-1, 17-1, 17-5, 18-5, 18-6, 19-6, 19-8, 20-8, 20-9 eta 22-9. Sakez egindako tantoak: 3 Altuna III.ak eta 1 Lasok. Jokoan egindako tantoak: 14 Altuna III.ak eta 5 Lasok. Galdutakoak: 3 Altuna III.ak eta 5 Lasok. Gertakariak: Giro eta sarrera bikaina Donostiako Atano III.a pilotalekuan Buruz Buruko finaledietako partida jarraitzeko. Lehen sakea gorriarentzat.