NAIZ

Guardetxea desalojatzen saiatu da Donostiako Udaltzaingoa

Donostiako Udaltzaingoa duela aste batzuk herri mugimenduak berreskuratutako Guardetxea eraikina desalojatzen saiatu da ostiralen. Alde Zaharreko Gazte Asanbladak elkarretaratzea egin zuen Udaletxearen aurrean.

Donostiako Udaltzaingoaren kotxe bat Guardetxean.
Donostiako Udaltzaingoaren kotxe bat Guardetxean. (ALDE ZAHARREKO GAZTE ASANBLADA)

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, Donostiako Udaltzaingoa duela aste batzuk herri mugimenduak berreskuratutako Urgulleko Guardetxea eraikina desalojatzen saiatu da ostiral eguerdia.

«Barruan erresistentzia egiten ari ziren kideei eta bertaratu diren guztiei esker joan egin dira, desalojoa gauzatu gabe. Hori bai, bi pertsona identifikatu dituzte», azaldu du asanbladak.

Haien arabera, PPko zinegotziek jarri dute salaketa eta desalojorako prozesu judiziala martxan dago.

Ostiral arratsaldean elkarretaratzea egin dute Udaletxearen aurrean.

Gogoratu dutenez, Udal Gobernuak eta Gazteria eta Kultura Saileko Zinegotziek, maiatzaren 2an Alde Zaharreko 13 eragilek egindako Bilera Eskaerari erantzun gabe jarraitzen dute.

2019. urtean, Donostiako Udalak hainbat konponketa egiteko aitzakipean Guardetxea itxi zuen, eta ordutik, 6 urte eman ditu hutsik. Maiatzaren hasieran Donostiako eragile eta norbanako ugariren laguntzarekin batera, Alde Zaharreko Gazte Asanbladak eraikina berreskuratu zuen eta bilera eskaera luzatu zioten Udal Gobernuari.

«Auzoko eta Donostiako gazte eta kolektibo askoren beharrak asetuko lituzke espazio honek: saretze eta parte hartze komunitarioa sustatzeko, bestelako aisialdi eredu bat garatzeko, formakuntzarako, eskualdeko musika eszena indartzeko, proiektu solidarioak sortzeko, euskara sustatzeko edota ekitaldi musikal zein kulturalak antolatzeko», azaldu dute.