
Hernaniko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak elkarlanerako akordioa sinatu zuten 2020. urtean. Helburua, «Hernaniko memoria historikoa eta gertuko memoria berreskuratzea, zabaltzea eta ezagutzera ematea». Hitzarmen horren lehen emaitza 2023an aurkeztu zuten, ‘Hernani 1960-2021. Motibazio politikoko indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak’ izeneko lana hain juxtu. Orain memoria osatzeko ahalegin horretan beste pieza garrantzitsu bat osatu dute, 1936-1959 urte bitartean gertaturikoa. Liburuaren herri aurkezpena datorren igandean, maiatzaren 25, izango da udaletxean bertan. Gaur aurrerapen bat egin dute Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak, Javi Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko Oroimen Historikoko sailaren zuzendariak eta Irati Zuriarrainek, ikerketaren egileak.
«Liburu honen argitalpenarekin zor historikoa kitatu nahi dugu 36ko Gerra eta lehen frankismoa ezagutu eta pairatu zuten hernaniarrekin, gertatu zenaren egia ezagutu eta memoria berreskuratuz. Hernaniar askok, emakume, gizon zein ume, gertaera krudel eta tragiko asko bizitu zituzten urte haietan. Izen-abizenak jarri nahi izan dizkiegu sufritu zutenei eta era guztietako zigor eta errepresioak jasan zituztenei», nabarmendu du Lertxundik.
Heriotza, erbestea, kartzela, kontzentrazio esparruak, lan behartuak... garai oso latzen kontaketa ekarri nahi du lehen lerrora argitalpenak, izen-abizenez, zapalketa hori beren azalean sufritu zuten hernaniarren eta haien familien erreparaziorako bidea hori delakoan. Bucesen hitzetan, «gertaturikoa ezagutu eta ezaguturaztea ezinbestekoa da egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak betetzeko. Ikerketa hauekin Euskal Herriko udalerrietan izandako gertaera beliko zein politikoak ezagutarazi nahi dira, baina helburu nagusia giza faktorean sakontzea da».
Eguneroko esperientziak
Irati Zuriarrain ikertzailea izan da lan mardularen egilea. Jasotakoa bi liburukitan antolatu dute; lehenengoan Bigarren Errepublika eta Gerra Zibileko urteak izan dira ikergai eta bigarren liburukia frankismoari buruzkoa da. Guztira 800 ale argitaratu dira eta dohain banatuko ditu Udalak interesa duten herritarren artean. Igandeko aurkezpenean bertan banatuko dira eta Biteriko kultur etxean ere izango dira eskuratzeko moduan datorren astetik aurrera.
Zuriarrainen hitzetan argitalpena «ikerketa luze baten emaitza da». Ikertzaileak nabarmendu du lana aurrera atera ahal izateko ezinbestekoak izan direla ikerlari eta familia askoren ekarpenak, bereziki eskertu dituenak. Dokumentu ofizialak, garaiko prentsa, artxibo judizial eta familiarrak, konfiskatutako ondasunen zerrenda, erantzukizun politikoko espedienteak eta ahoz zein idatziz egindako testigantzak izan dira Aranzadik baliatu dituen informazio iturriak.
Lanaren egileak mahai gainean jarri dituen datuak argigarriak dira eta hernaniarrek jasan zuten zapalketaren nolakotasuna begitantzen laguntzen dute: Hernanitik ihes egin behar izan zuten 200 herritar identifikatu dituzte; 250 haur eraman zituzten Belgika, Frantzia eta Britainia Handira eta 1936ko abenduan, Hernanin erroldatutako biztanleriaren ia %35 ez zegoen udalerrian. «Horrek gatazkaren eragin demografikoa eta giza eraginaren neurri bat ematen digu», nabarmendu du Zuriarrainek.
Izan ere, ikerketa lanak ez du fokua jarri bakarrik gertaera politiko handietan. Interes bereziz behatu ditu Hernanin bizi izan ziren eguneroko esperientziak, biografiak, istorio pertsonalak, indarkeria mota desberdinak eta hauek jasan zituztenen zerrenda. «Izuaren eguneroko jarduna eta errepresioak egunerokoan zuen eginkizun integrala berreraikitzeko saiakera ere bada liburu hau», esan du egileak.
Argitalpen honekin Hernaniko Udalaren eta Aranzadiren elkarlana amaitutzat ematen da. Baina Xabier Lertxundi alkateak aurreratu duenez, «horrek ez du esan nahi Hernaniko oroimen historikoa eta gertuko memoria berreskuratzeko orain dela 25 urte hasitako bidea itxiko dugunik». Hartara, 2026. urtea berezia izango dela aurreratu du, 90 urte beteko baitira 1936ko Gerra hasi zenetik eta frankistek Hernaniko hilerrian 200 pertsona inguru fusilatu eta ezkutuan lurperatu zituztenetik. Beraz, 2026. urtea memoria historikoa berregiten segitzeko urtea izango da Hernanin.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

