NAIZ

Gipuzkoa Basket 2-0 galtzen ari da Estudiantes, Jayson Granger eta epaileen aurka

Final-laurdenetako bigarren partida gipuzkoarrek menderatu zuten eta 37 segundoren faltan 80-84 aurretik ziren, baina epaileek adierazitako falta bikoitz baten ostean Granger beteranoak 6-0eko partziala lortuta buelta eman zion demari. Ostiralean Illunben nahitaez irabazi beharko du GBCk.

Jayson Grangerren azerikeriek buelta eman zioten GBCren aurkako bigarren partidari.
Jayson Grangerren azerikeriek buelta eman zioten GBCren aurkako bigarren partidari. (@MOVISTAR ESTUDIANTES)

«Gaur sentitzen dugu gure ahalegina ez duela ligak baloratu» adierazi zuen suminduta Mikel Odriozola Gipuzkoa Basketeko entrenatzaileak igande gauean, Gipuzkoa Basketek Estudiantesen kantxan 86-84 galdu eta gero. Izan ere, partida amaitzeko 37 segundoren faltan donostiarrak 80-84 aurretik zihoazen, baina denbora tarte labur horretan Jayson Grangerrek eta epaileek Madrilgo taldeak 6-0eko partziala ahalbidetu zuten.

«Altxatuko gara eta ostiralean lehiatuko dugu», gaineratu zuen Odriozolak. Beharko, aurreneko partidan 83-71 galdu zuten donostiarrek eta igandeko porrotaren ostean kanporaketan 2-0 atzetik jarri baitira. Hau da, beste porrot batek kalean utziko luke Mikel Odriozolaren taldea.

Kirolaren legea da jokatzen duen hark irabazi bezala galdu ere egin dezakeela. Arazoa kasu honetan beste bat da: Estudiantes Gipuzkoa Basketekin batera erori zen ACB Ligatik 2020/21 denboraldia eta gero, eta harrezkero Madrilgo taldeak dirutza xahutu du berriz ere elitera itzuli guran, baina zorterik gabe.

Fase Erregularra San Pablo Burgosek eraman duelarik, kanporaketak dira Madrilgo taldearen azken errekurtsoa enegarren ahalegin honetan ere, eta egiari zor, Estudiantesen klub azpiegitura sendoagoa da Gipuzkoa Basketena baino. Jayson Granger, ‘Pato’ Garino, Francis Alonso, Natxo Lezkano entrenatzailea bera... inbertsio handia egin du Estudiantesek eta horrek, nahi ez dela ere, eragina du lehiaketako gainerako kideengan ere.

Hori guztiagatik izan zen hain mingarria igandeko porrota Gipuzkoa Basketentzat. Daishon Smith eta Xavier Johnsonen eskutik markagailuan eta jokoan ekimena eraman zuten donostiarrek aurreneko laurdenetik azkeneraino. Estudiantesek presioari eusten asmatu zuen, Garino, Kravic eta Alderete bezalako jokalarien lanari esker. Aldiz, Jayson Grangerrek egun oso petrala izan zuen, azken segundoak iritsi ziren arte behintzat.

Jokaldi erabakigarria

Baina Uruguain sortutako antolatzaileak eskarmentua sobera du, eta bere jokaldi batek guztia aldatu zuen. Xavier Jonhsonek 80-83koa ezarri berri zuen partida azken minutuan sartuta zela, eta Grangerrek saskipera barneraldia behartu zuen. Marinus N'Guessan pibotak falta egin zion antolatzaileari, eta epaileek jokoa geratu aurretik, Gipuzkoa Basketeko Mateo Diaz argentinarrak beste kolpe bat eman zion Saski Baskoniako jokalari ohiari.

Granger suak eta garrak hartuta altxatu zen lurretik eta protestan hasi zen. Ondorioz, epaileek falta teknikoa adierazi zioten eta Mateo Diazek berak 80-84koa saskiratu zuen jaurtiketa libreen marratik. Alabaina, epaileek ez zuten hor utzi Grangerren jokaldia eta N'Guessanen falta bi jaurtiketa librerekin zigortu bazuten, Mateo Diazen «bigarren falta» hori kirol-gabetasun falta bezala zigortu zuten; hau da, beste bi jaurtiketa libre Grangerrentzat eta baloi jabetza Estudiantesentzat. Beti da zaila epaileen lana, baina kasu honetan Madrilgo taldearen eta Grangerren estatusak pisu handiegia izan zutela esan liteke.

Uruguaikoak lau jaurtiketatik hiru asmatu zituen, 83-84, baina hurrengo jabetzan ez zuen barkatu. Orotara 14 saiakeratik hiru baino ez zituen sartu, baina hirugarren saskiratzen horrekin 85-84koa ezarri zuen, 27 segundoren faltan.

Gipuzkoa Basketek azken aukera bat izan zuen, eta Daishon Smithek Garino atzean utzi ostean saskipean jaurtiketa erraz bat eduki zuen, itxuraz. Baina ezkerrez indartsuegi laga zuen baloia eta kale egiteaz gain, errebotea Grangerri erori zitzaion. Honek berriz ere jaurtiketa libreen eremura bisita egitea lortu zuen eta han, nahiz eta azken saiakeran kale egin, 86-84 malapartatua ezarri zuen, kanporaketa donostiarrentzat ia ezinezko jarriz.

Ondorioz, ostiral gauean, 20.30etatik aurrera, ezingo du hutsik egin Mikel Odriozolaren taldeak. Igandekoak ez dauka bueltarik, baina datorren ostiralean lehiaketak «baloratuko» al du donostiarren ahalegina. Horrenbeste merezi dute.

Derbiaren ordu aldaketa

Bestalde, Larunbatean Saski Baskoniak eta Surne Bilbao Basketek ACB Ligako euskal derbia jokatuko dute. Hasiera baten partida 20.45etan jokatzekoa bazen ere, 18.00etara aurreratu dute azkenean. izan ere, 21.00etan Mendizorrotzan Alaves eta Osasunaren arteko futbol ligako euskal derbia jokatuko baitute Mendizorrotzan.