Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Harreman oparo baten amaiera, zalantzaz betetako etorkizuna

Jordi Torresek eta Yerai Martinek agur esan diote Eibarri, emakumezkoen taldea bere historiako leku onenean utzita. Rocio Candal kirol zuzendari berriari ez zaio lanik falta izango, kontratua amaitzen duten jokalari gehienek ere alde egingo baitute.

Torres, Palacios eta Martin Ipuruako prentsa aretoan mintzatu dira.
Torres, Palacios eta Martin Ipuruako prentsa aretoan mintzatu dira. (Raúl Bogajo | Foku)

Harremana oparoa izan da eta agurra, lasaia. Etorkizuna, ordea, galdera-markarekin dator, kirol zuzendariaren eta entrenatzailearen martxari, Eibar historiako posizio onenera eraman duten futbolari gehienena gehitu behar baitzaio. Ez da txikia Rocio Candalek egin behar duen lana.

Baina emakumezkoen atalaren arduradun berria lehen lerroan jarri baino lehen, Jordi Torresek eta Yerai Martinek familia armaginari agur esateko agerraldia egin dute astelehenean, Cesar Palacios kirol zuzendariak lagunduta. Mezua, bi zentzuetan, bi terminotan laburbil daiteke: «eskerrik asko» eta «gero arte», agur baino hobeto.

Palaciosek egindako «lana, ardura, ahalegina eta inplikazioa» eskertu dizkiete, «pozik» agertu zen euren etapa horrelako rollo onakin amaitu ahal izateagatik eta atea irekia utzi die, Eibar bien Ipuruan jarrai zezaten saiatu dela aitortuz.

Baina zikloak amaitu egiten dira eta une egokiarekin asmatzea inoiz erraza ez den arren, Yerai Martinek alde egiteko ordua heldu zaiola uste du, Eibarren eman dituen hiru denboraldietan igoera lortu eta taldea Lehen mailan mantendu ondoren. «Une on asko egon dira baina higadura nabaritzen dut ere. Pozik nago klubarekin, jokalariekin... ezin dut ezer txarrik esan, guztiz kontrakoa. Baina dagoeneko ez daukat hainbeste energia taldeari transmititzeko eta horregatik uste dut niretzat eta Eibarrentzat hobe dela ez jarraitzea».

Oroitzapen on asko eramango ditu, hiriak igoera ospatzeko taldeari egin zion harrerarekin hasita, baita futbol profesionalean izan duen lehen esperientziak eskaini dizkion irakaspen handiak. Nabarmenena, «egunerokotasunaz gozatzearen» garrantzia. «Partida irabazteko entrenatzen duzu baina partida 90 minutu besterik ez dira. 80-20 bat da eta horregatik gozatu behar da egunerokotasunaz. Eta une txarretatik ikasi behar da eta onak gozatu. Eibarren sekulako zortea izan dut goizero jaikitzen nintzelako eta Ipuruara etortzeko gogoa nuelako. Eta hori da ikasi dudan gauzarik politena. Askotan emaitzan bakarrik zentratzen zara eta egunerokotasuna baztertzen duzu, taldekideekin pasatzen dituzun uneak, jokalariekin...».

Ez daki non aplikatuko duen ikasitakoa hemendik aurrera. Ez du ezer baztertzen baina argi utzi du ez duela alde egiten beste eskaintza bat duelako. Atseden txiki bat behintzat hartuko du, beraz.

Ez da Jordi Torresen kasua, beste latitudetan arituko baita Ipuruatik irten bezain laster, oraindik bere etorkizuna zein den publiko egin ez badu ere. Eibarren eman dituen sei urteetan pilatu duen esperientziaz baliatuko da bere hurrengo klubean. Ez da nolanahikoa. Hirugarren taldea entrenatzeko heldu zen 2019an eta igoera lortu zuen. Ondoren, harrobiaren ardura hartu zuen eta 21/22an, emakumezkoen sekzio osoaren arduradun izendatu zuten. Jaitsiera batekin estreinatu zuen kargua baina taldea berehala itzuli zen Lehen Mailara eta bi denboraldi beranduago bertan jarraitzen du. «Beti duzu anbizioa baina hasi ginenean imajinatu ere ezin genuen Eibar utziko dugun lekua», poztu da. Horrela jarrai dezan, garrantzitsuena «honaino eguneroko lanak ekarri gaituela gogoratzea» izango dela uste du Torresek.

«Oso eskertuta» dago «nire lehen aukera profesionala» eman zion klubarekin. «Beti izango naiz armagina. Beti nahi izango dut onena klubarentzat», azpimarratu du.

Bertigo

Beste nonbaitetik egingo du, Yerai Martinek bezala. Guztiz ulergarria da biek hartu duten erabakia baina nolabaiteko bertigo sentsazioa uzten du familia gorri-urdinean. Batez ere, eurekin batera lehen taldeko futbolari asko, gehienak, doazelako ere.

Izan ere, errezago da kontratua duten jokalarien zerrenda osatzea: Altonaga, Carla, Laura Camino, Patri Ojeda, Carmen Álvarez, Nati Cano, Mireia eta Peckova; zortzi besterik ez. Berriz, klubak konfirmatu duen bezala, utzitak egon diren futbolariak beren taldeetara itzuliko dira; Athleticera Eider, Mariana eta Astralaga eta Fiorentinara Monnecchi.

Gainontzekoen etorkizuna ez dago oraindik guztiz argi. Eibarrek hamar jokalarien kontratua (Noelia, Miralles, Andrea Sierra, Espe Pizarro, Andrea Alvarez, Ane Campos, Elba, Amani, Annelie, Van Deursen) ekainaren 30ean amaitzen dela besterik ez du azaldu komunikatu baten. Eta klubean argi dute gehienek ez dutela elastiko gorri-urdina janzten jarraituko baina oraindik kontratua berritzeko negotziatzen ari da batzuekin.

Proiektu berriko lehen fitxaketak ere itxita daude baina iragarpen horiek dagoeneko Rocio Candalen ardura izango da, baita oraindik egiteko dagoen lan guztia ere. Aste honetan bertan egingo du bere lehen agerraldia Ipuruan Kirol zuzendari berriak.