NAIZ

Lara Gonzalez beste urtebetez geratuko da IDK Euskotrenen; Marta Alberdik Gernika lagako du

Antolatzaile donostiarrak bere etxeko klubean hamaikagarren denboraldia osatuko du, Maria Eraunzetamurgil eta Roso Buchekin batera. Marta Alberdik, berriz, bost denboraldiren ostean lagako du herriko taldea. Defentsan esfortzu handia egin arren, jokoan jarraitutasun gutxi izan du Gernikakoak.

Lara Gonzalezen izaera gogorrak mesede egin dio IDK Euskotreni maila ez galtzeko borrokan.
Lara Gonzalezen izaera gogorrak mesede egin dio IDK Euskotreni maila ez galtzeko borrokan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

IDK Euskotrenek Lara Gonzalezek beste urtebetez Donostian jarraituko duela adierazi du astelehen honetan. Oraindik 30 urte baditu ere, 10 denboraldi bete ditu dagoeneko antolatzaile gipuzkoarrak, 2021etik 2023ra Basket Zaragoza taldean egon zela ahaztu gabe.

Gorriak eta beltzak ikusi ditu aurten Ibaeta Basketek Emakumeen Endesa Ligan mailari eusteko, eta maila ez galtzeko borroka latz horretan Lara Gonzalez taldeko kapitainak zeresan handia izan du. Kantxan izaera gogorrekoa da jokalari gipuzkoarra eta une zailetan baloia saskira jaurtitzeko ez  du beldurrik izaten, sartu zein ez. Hala, pasa den denboraldia batez beste 6,3 puntu, 2,7 errebote eta 1,7 asistentziarekin itxi du Gonzalezek. Ez da harritzekoa, halaber, Azu Muguruzak batez beste 24 minutu inguru ematea kapitainari kantxa barruan, jokalarien artean talentu handiagoa duten Laura Cornelius, Roso Buch edo Alba Prieto, esaterako, bertan egonagatik.

2025/26 denboraldiari begira, beraz, hiru jokalari lotuta ditu Ibaeta Basketek. Lara Gonzalez kapitainaz gain, Maria Eraunzetamurgil –azken jardunaldian garaipena lortu eta mailari eusteko orduan heroiaren kapa jantzi zuen etxeko hegalekoa– eta Roso Buch ere bertan izango baitira, biek ala biek kontratua baitute datorren denboraldirako.

Etxeko erreferenteari agur Gernikan

Marta Alberdik, berriz, ez du Lointek Gernika Bizkaian jarraituko. Emakumeen Endesa Ligan 2017/18 denboraldian egin zuen debuta, baina ez zen lehenengo taldeko kide izan 2020/21 denboraldia iritsi arte.

9 urterekin iritsi zen Gernika KESB klubera, San Fidel ikastolatik eta 25 urte bete gabe esango dio agur. «Eredu eta ispilu izan da azken urteotan harrobiko jokalari gazte guztientzat», dio Lointek Gernika Bizkaiaren agurreko oharrak, baina akaso hori baino gehiago bilatuko du Marta Alberdik berak.

Minutuak beti izan ditu garesti hegaleko gernikarrak, nahiz eta defentsa lanetan esfortzua eta gaitasuna baduela behin baino sarriago erakutsi. Erasoan, ordea, ez du esperotako aurrerapausorik eman eta hargatik nahi baino gutxiago kantxaratu dute Gernikan izan diren entrenatzaile guztiek. Esaterako, amaitu berri den denboraldian partidako sei minutu eskas jokatu ditu hegaleko bizkaitarrak eta batez beste 0,8 puntu, 0,6 errebote eta 0,3 asistentzia pilatu ditu.

«Harrobiko gainerako jokalariei bidea erakutsi die eta erreferente izan da lehen taldera heltzeko ametsean. Horregatik, eta askoz gehiagogatik, klubak eskerrak eman nahi dizkio bere konpromiso eta lanagatik eta onena opa dio bere etorkizunean, arlo pertsonalean zein profesionalean» dio klubak Marta Alberdiri agur esateko oharraren bitartez.

Iaztik hona goitik beherako aldaketa behar du, bai, Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldeak: Marta Alberdiz gain, Kendra Chery, Maya Dodson, Irati Etxarri, Elena Buenavida eta Awa Fam ere joan dira eta ondorioz, goitik behera aldatu beharko du talde bizkaitarrak.