
Zegama-Aizkorri mendi maratoiak igande honetan izango du bere 24. ekitaldia, Golden Trail World Series delakoen barruan. Orotara 545 korrikalarik hartuko dute parte, horietatik 79 emakume, 2024an Killian Jornetek utzitako lekua palmaresean hartzeko.
Hala da, bai, «umezurtz» dator aurten Zegama-Aizkorri lasterketa, hamabi aldiz parte hartu eta hamaika bider –2007, 2008, 2010, 2011, 2012, 2013, 2014, 2016 2019, 2022 eta 2024an– txapeldun atera den Sabadellen jaiotako 37 urteko fenomenoak –lasterketako markarik onena ere bere eskuetan dago– aurten Gipuzkoa aldean urtero izan ohi duen hitzorduari muzin egin baitio.
Ondorioz, lasterketaren aurkezpenean «proba irekia» espero dutela esan badute zerbaitegatik izan da. Ez da maila bikaineko atletarik faltako. Besteak beste, Manuel Merillas –2023ko garailea–, Elhousine Elazzaoui –iazko bigarren sailkatua–, Roberto Delorenzi, Ander Iñarra –Euskadiko txapeldun 2024– edo Nadir Maguet hantxe izango dira, esaterako, gizonen probako palmaresean beren izena ipintzeko asmoz. Aritz Egeak, bestalde, bere azken Zegama-Aizkorri lasterketa jokatuko du igandean. Emakumeen artean, berriz, iazko garaile Sylvia Nordskar norvegiarraz aparte, Miao Yao, Judith Wyder edo Malen Osa –bigarren iazko edizioan– arituko dira norgehiagoka bizian.
Igande goizeko 9.00etan abiatuko dira parte-hartzaileak, 42,195 kilometro eta 5.472 metroko desnibel positiboa izango duen ohiko ibilbideari aurre egiteko. Juniorren lasterketa, berriz, 10.0etan abiatuko da. Orotara 900 bat atleta ariko dira Zegama-Aizkorri lasterketan korrika, ostiral arratsaldeko 16.00etan jokatuko den Kilometro bertikalean beste 248 korrikalari –55 emakume– ariko baitira.
Jakina da, bestalde, helmugan ez ezik, ibilbideko hainbat pasabidetan –Aizkorriko gailurrean eta Sancti Spirituko aldapan, bereziki– jendea erruz pilatzen dela ibilbide bazterrean bertatik pasatzen diren korrikalariak hauspotzeko, tarteka, Giroko edo Tourreko mendiko etapen giro bertsua sortuz eta korrikalariak hunkituz. Baina Zegama ez da herri handia eta astelehen honetako aurkezpenean azpimarratu nahi izan dute Lurraldebusek zerbitzu bereziak izango ditu ikusleak herrira hurbildu ahal izateko. Hala adierazi du bederen Azahara Domínguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamendu diputatuak.
Horrez gain, Zegamara joaterik ez dutenentzat, EITBk zuzenean euskeraz eskainiko du lasterketa; TV3 telebsiat kateak katalanez eskainiko du; Zegama-Aizkorri lasterketaren Youtubeko kanalak euskeraz eta gaztelaniaz emango du ere aurtengo ekitaldia. Teledeporte eta Eurosport telebista kateek ere erreportaje bereziak eskainiko dituzte Zegama-Aizkorriri buruz.

La caza de Karmelo Ikastetxea en tres actos; compra, cierre y venta a una promotora

Igual Cerdán es Roldán, pero la Nafarroa de 2025 no es la de 1994

Potente incendio en la fábrica de LEA, que ha obligado a confinar Abetxuku y parte de Arriaga

Periodismo en tiempos de maraña golpista
