
Joan den asteburuan jakinarazi zuen Joe Bidenek minbizia daukala. Ohar ofizialaren arabera, ostiralean izan zuen diagnosi horren berri, gernu-arazoengatik urologoarenera joan eta zenbait proba egin eta gero. «Minbiziak guztioi eragiten digu. Zuetako askok bezala, Jill-ek eta biok ikasi dugu garai zailetan indartsuagoak garela. Eskerrik asko maitasunez eta babesez animatzeagatik», adierazi zuen astelehenean sare sozialetan AEBko presidente ohiak.
Hasierako elkartasun-mezuekin batera, susmoak ere izan dira; gaitza lehenago diagnostikatu eta ezkutatu ote zioten. Barack Obamak edo Kamala Harrisek legez, Donald Trumpek ere elkartasuna helarazi zion asteburuan bere aurreko presidenteari. Don Trump Jr. presidentearen semeak, baina, MAGA mugimenduko beste zenbaiten antzera, beste zerbait ezkutatzen ibiltzea leporatu zion Bideni.
Lehen uneko duintasun-unearen ostean, astelehenean Trump presidenteak semearen bideari heldu zion Etxe Zurian eginiko adierazpenetan: «Harritzen nau horren luzaroan ez jakinaraztea jendeari. Urteak behar dira arrisku-maila honetara iristeko. Oso egoera tristea da. Oso txarto sentitzen naiz; uste dut jendeak gertatu dena ezagutzen saiatu beharko lukeela».
Hedabide askok profesionalengana jo dute argibide bila; zenbait medikuk harriduraz hartu dute horren minbizi oldarkorra lehenago ez antzematea, baina beste batzuek esan dute zenbait kasutan oso bizkor haz daitekeela, ia sintomarik ere izan ez arren. Ohar ofizialaren arabera, «badirudi minbizia hormonekiko sentikorra dela, eta horrek kudeaketa eraginkorra ahalbidetzen du». Esaldi horrek, baina, tratamendua lehendik hasia zela dio, eta horrek ere galdera ugari ekarri ditu, gaitza ezkutatzen saiatu ote diren.
Liburu polemikoa
Bidenen minbiziaren albistea eta gaiari buruzko galderak presidente ohiaren agintaldiari eta hautagai izateko erabakiari buruzko liburu polemiko bat argitaratu bezperan iritsi zen. Atzo heldu zen liburu-dendetara, izan ere, Jake Tapper CNNko aurkezleak eta Axios hedabide digitaleko Alex Thompson kazetariak idatzitako “Original Sin: President Biden’s Decline, Its Cover-up, and His Disastrous Choice to Run Again” (Jatorrizko bekatua: Biden presidentearen gainbehera, haren estalketa, eta berriro aurkezteko hautu penagarria).
Bertan, Etxe Zuriko goi-kargudunei eta Bidenen inguruko taldeari haren gainbehera kognitiboa aspalditik ezagutzea eta berariaz ezkutatzea leporatzen diote. Egileen hitzetan, hauteskundeak igaro eta gero baino ezin izan zituzten elkarrizketatu laguntzaile horiek. 200 elkarrizketa egin ostean ondorioztatu dute 2023tik jakitun zirela Bidenen gainbehera bizkortuz zihoala baina hura blindatzea erabaki zutela, Gobernuko kideak ere harengandik urrunduz. Iazko ekainean, Trumpen aurkako eztabaida ezin okerrago irten zen eta, handik hilabetera, presioak gora eginda, presidenteak bazterrera egin zuen. Primariorik egiteko astirik gabe, Harris presidenteordearen esku geratu zen hautagaitza.
CNNren babespean, ziurra da arrakasta izango duela liburuak. Beste batzuek kritikatu egin dute, Trumpen neurrien aurrean atzera begiratzen tematzeagatik. «Etengabeko berritsu profesionalentzako lohikeria hutsa da liburua. Zelaian sekula sartu ez baina ikuskizunaz baliatzen diren horiek dira», salatu zuen Bidenen alaba Naomik.
Bezperan
Joe Bidenen minbiziari buruzko albistea eta gaiaren inguruko galderak presidente ohiaren agintaldiari eta hautagai izateko erabakiari buruzko liburu polemiko bat argitaratu bezperan iritsi ziren.

Aizarotz, demostración palpable de que hay fórmulas para contrarrestar el despoblamiento rural

«Que Iruñea apueste por la dignidad colectiva ante el genocidio israelí es algo grandioso»

«Guretzat hip hopa gure historia kontatzeko erreminta egokiena da»

Homenaje a Germán Rodríguez con actuación sorpresa de Rozalén
