NAIZ

UEUren Udako Ikastaroak, arnasgune akademiko eta euskaldunen topagune

UEUk 53. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu Iruñean. Azken hiru urteetako hariari jarraituz, 20 jardunaldi eta topaketa antolatu ditu hainbat eragilerekin elkarlanean, euskal jendartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko helburuarekin. Matrikula zabalik dago.

Ezkerretik eskuinera, Edurne Koch, Aitor Bengoetxea eta Irati Iciar, Iruñean, aurtengo Udako Ikastaroak aurkezten.
Ezkerretik eskuinera, Edurne Koch, Aitor Bengoetxea eta Irati Iciar, Iruñean, aurtengo Udako Ikastaroak aurkezten. (UEU)

Arnasgune akademiko eta euskaldunen topagune bezala definitu dituzte UEUko arduradunek Udako Ikastaroak. 53. edizioa izanen da aurten, eta asteazken honetan aurkeztu dute, Iruñean. Aitor Bengoetxea Alkorta UEUko zuzendariak hartu du lehendabizi hitza: «Bost hamarkadatan zehar UEUren Udako Ikastaroek ez dute hutsik egin hitzordura (1977tik aurrera Iruñean), eta jakin izan dute gizartearen beharretara egokitzen».

Hasieran hitzaldi irekiak ziren, ondoren jakintza-alor espezifikoak, barnetegi moduan Larraonako garaian, laburragoak eta aditu eta profesionalei begirakoak azken urteetan, eta duela bi urte ospatu zuten 50. urteurrenaren hariari jarraiki, hausnarketa eta gogoetarako gune dira orain. Hori baita UEUren funtzioetako bat: «Euskal Herriarentzat garrantzitsuak diren gai eta eztabaidentzat gune akademiko euskaldun bat eskaintzea gure gizartea aberatsagoa izaten laguntzeko asmoz».

Neurrira egindako 20 jardunaldi

Irati Iciar UEUren Udako Ikastaroen arduradunak aurtengo edizioan 20 jardunaldi, topaketa eta gogoeta gune prestatu dituztela aipatu du. «Iruñea, Baiona eta Eibarrez gain, aurten Tolosa, Usurbil, Bilbo, Gasteiz eta Errenteriara ere iritsiko gara. Duela hiru urte, gizartearentzat eta UEUrentzat estrategikoak diren gaiak lantzeko erabakia hartu genuen, eta ildo horretan jarraituko dugu. Udako Ikastaroak konpartitzeko guneak dira. Izan ere, UEUk izaera herritarra dauka eta euskal gizartearentzat interesgarriak eta beharrezkoak diren gaiak lantzeaz gain, parte-hartzea sustatuko dugu. Era berean, udakoak ere badira UEUrentzat estrategikoak diren aliantza eta lankidetzak garatzeko egitasmoak», adierazi du.

Hala ere, udakoen ezaugarriak bere horretan mantenduko direla azpimarratu du Iciarrek: «Aurrez aurrekotasuna ezinbestekoa da udakoetan, jendeak hausnarketa egiteaz gain, elkar ezagutu eta komunitatea trinkotzea baitute helburua». Jardunaldiek formatu eta izaera ezberdinak hartuko dituzte. Ohiko hitzaldiak, mahai-inguruak zein tailerrak izanen dira, eta aditu eta arituen hitzak jaso eta elkarrekin lantzeko aukerak eskainiko dira.

Jardunaldi guztiak neurrira egindakoak direla azaldu du UEUren Udako Ikastaroen arduradunak: «Udako Ikastaro hauek lankidetzan oinarritzen dira, eta hainbat eragilerekin batera antolatu ditugu: Kontseilua, Jakin, Gezki ikerketa-taldea, Iratzar Fundazioa, ALDEE... Jende multzo zabalak izena eman dezake bertan: alorreko profesionalak eta adituak, gaian interesa duenak eta, finean, euskaldun guztiek».

Saio osagarriak

Aurtengo Udako Ikastaroek hilabete iraungo dute, ekainaren 11tik uztailaren 11ra, eta 10 euro balioko dute matrikula guztiek. Informazio guztia www.ueu.eus helbidean dago, baita matrikulatzeko aukera ere.

Zenbait saio osagarri ere antolatu dituzte: lehena, Iruñean, ekainaren 27an, Filosofia Bilkuraren amaiera saio gisa baina modu irekian eskainiko da Gilkitxaro antzerki taldearen ‘Alperrak, tunanteak eta maleanteak’ antzezlana. Eibarren, uztailaren 10ean, bertso paseoa egingo da, herrian bertan, ‘Euskal literatura eta arte garaikideen irakurketa feministak eta queerrak. Espazioak, afektuak eta erresistentziak’ jardunaldiaren baitan. Horietaz gain, ekainaren 25ean Iruñean eta ekainaren 30ean Gasteizen UEUk ekoizten duen ‘Ikerl(h)ari’ podcasta grabatuko dute publikoarekin.

Ingumak 25 urte

Hasiera ekitaldia Bilbon egingo dute ekainaren 11n, Euskaltzaindiaren egoitza nagusian, UEUrentzat estrategikoa den gai bat lantzeko helburuarekin: ‘Inguma, 25 urtez euskal komunitate zientifikoaren ispilu’. Orain dela 25 urte, UEUk Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, Inguma datu-basea abiatu zuen. Urte hauetan, unibertsitate mailako zientzia eta jakintza alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa dokumentatu du, hau da, euskaraz zer egin den eta nork egin duen jaso du.

Urteurrena aproposa da UEUrentzat hain garrantzitsua den lanabes honi buruzko jardunaldi hau antolatzeko. Euskal komunitate zientifikoarekin batera, Ingumak egin duen ekarpena aztertuko da bertan, beste hizkuntza gutxitu batzuek egindako lana ezagutu eta aurrera begira jarri.

Nafarroako Gobernuarekin batera

Edurne Koch Elizegi UEUren Nafarroako arduradunak Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean antolatutako ikastaroak aurkeztu ditu. Aurten 15 ikastaro eskainiko dituzte urte osoan. Edonork egin ditzake, baina unibertsitatean ikasten dabiltzan ikasle nafarrek izango dute lehentasuna. Udaberri honetan bost ikastaro dituzte martxan.

Aurreko edizioetan bezala, ikastaro guztiak bete dira eta burutu direnen artean ikasleen asetasun-maila oso altua izan da, baieztatu duenez.

Udako Ikastaroen baitan hiru ikastaro antolatu dituzte Iruñean, ekainaren azken astean. «Doakoak izateaz gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ECTSak emango dizkie ikasleei eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak ere irakasleen etengabeko prestakuntza gisa homologatu ditu. Ikastaro hauek 2017an UEUren Udako Ikastaroetako egoitza iraunkorra izendatua izan zen Ezpeleta jauregian eskainiko ditugu», jakinarazi du Elizegik.

UEU azken urte hauetan Nafarroan egiten ari den lana eta batez ere Nafarroako Gobernuarekin egiten ari den elkarlan emankorra goraipatu du.