NAIZ

Antzerkia, umore azidoa eta musikala, Donostia Kulturaren udako programazioan

Antzerkia, magia, musikala... denetariko proposamenak ekarriko ditu udan Donostia Kulturako programazioak. Zuhaitz Gurrutxagaren ‘Nortasun agiria’-k irekiko du denboraldia eta ‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?’ lan arrakastatsua ere itzuliko da Donostiara.

Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia, ‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?’ lan arrakastatsuan.
Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia, ‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?’ lan arrakastatsuan. (Gorka BRAVO)

Donostia Kulturak udarari begira osatu duen programazioa aurkeztu du ostegun goiz honetan eta antzerkia, magia, musikala, umorea... denetariko proposamenak ekarriko dituztela iragarri dute. Denboraldia Zuhaitz Gurrutxagak irekiko du uztailaren 2an, ‘Nortasun agiria’ bakarkako bere hirugarren lanarekin, eta ‘Almazenean’ obran ere ikusi ahalko da, Iker Galartzarekin batera, abuztuaren 11 eta 17 artean. Langile klasearen esplotazioaren gaia jorratuko dute, umore azidoa lagun, euskaraz eta gaztelaniaz.

Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia protagonista dituen ‘Arizona’ ere emango dute, migrazioez eta mugaz diharduen lana, eta ‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?’ lan arrakastatsua ere itzuliko da Victoria Eugeniako oholtzara, uztailaren 8 eta 13 artean, euskaraz eta gazteleraz. Mireia Gabilondok sortu eta protagonistatzat Telmo Irureta duen lan honek 2025eko Talia eskuratu zuen.

Antzerkiaren alorrean Lola Herreraren bisita ere jasoko du Donostiak. 90 urte betetzeko puntuan, ‘Camino a La Meca’ ekarriko du Victoria Eugeniara abuztuaren 27 eta 31 bitartean. Helen Martins eskultore hegoafrikarra oinarri duen lana da.

Fernando Guillen Cuervok ‘Testigo de cargo’ ekarriko du, Fernando Bernues zuzendari eszeniko duen Agatha Christieren klasiko baten berrinterpretazioa, eta Marc Camolettiren ‘Pijama para seis’ ere igoko da Donostiako oholtzara, Gabino Diego protagonista duela.

Komediaren alorrean, Sobera, Angel Pardo, Elsa Matilla eta Lara Dibildos protagonista dituen ‘Inmnaduros’ lana ere emango da, eta Andoni Ferreñoren ‘Se alquila’ ere itzuliko da eszena donostiarrera.

Magia, dantza eta musika

Magia klasikoena ekarriko du, bere aldetik, Orbi Magoak ‘Acero 2.0’ ikuskizunarekin, uztailaren 10etik 13ra, baita umore beltza ere Israel Reyesen ‘El cabaret de los hombres perdidos’ obrarekin, eta musikala Cristina Ramosek zuzendutako ‘Solo Whitney’ lanaren bidez.

Dantzaren alorrean, Malandain Ballet Biarritzen ‘Urtaroak’ lanak Vivaldiren obra klasikoaren eta Giovani Guidoren ‘Urteko lau estazioak’ obraren fusioa proposatuko du, eta ‘Escape Room’ «fenomeno eszenikoa» Victoria Eugenian izango da abuztuaren 21 eta 24 artean. ‘Querida Aghata’ obran, nobela poliziakoaren maisua eta Benito Perez Galdos idazlearen arteko topaketa bat antzeztuko da, uztaila amaiera eta abuztu hasiera aldera.

Musikaren alorrean EGOren kontzertuaren ‘Luur’ obraren estreinaldia, Markus King Band eta Sasibilen ‘Los Gavilanes’ zarzuelaren interpretazioa eskainiko dira.