
Iragan urtarrilean aipatu genuen Furtenbach Adventures agentzia austriarra helburu berritzaile batean buru belarri zegoela aurtengo Everesteko denboraldirako. Zalaparta handia sortu zuen Lukas Furtenbach zuzendariaren asmoak; izan ere, egitasmo horretan arrakasta izateko xenon gasa erabiliko zen. Dopinaren Aurkako Agentziak (AMA) substantzia hori debekatutako zerrendan sartu du.
Bada, helburu horretan agentzia komertzialak arrakasta izan du. Garth Miller, Alistair Cams, Anthony Stazicker eta Kevin Godlington britainiarrek Londres eta Everesteko gailurra bost egunetan lotu dute. Ingalaterrako hiriburutik joan den 16an irten ziren; munduko mendi garaienaren tontorra, berriz, 21ean zapaldu zuten. Gogoratu behar dugu substantzia horri esker, mendizaleok ohiko aklimatazio fasea saihestu dutela. Eta hori gakoa izan da epe hain laburrean jarduera hori biribildu ahal izateko. Xede nagusia Londres-Everest-Londres lotura astebetean egitea da. Ondo bidean, gaur helduko lirateke etxera.
Berdin dio azken helburu horretan asmatzen duten, kontua da xenon gasak aukera eman diela lau soldadu britainiar ohiei marka hori ezartzeko. Arrakasta hori ikusita, badirudi substantzia horrek agentzia komertzialen artean garai berri bat zabalduko duela.
Nahiz eta xenon gasaren erabilera haserrea piztu duen zirkulu askotan, Furtenbachek bestelako iritzia du: «Everesten denbora gutxiago igarotzeak aldeko eite asko ditu: zabor gutxiago sortzen da, bitarteko gutxiago behar dira… Gai honi buruz hitz egiten dutenek ezer gutxi dakite xenon gasaren inguruan. Substantzia horrek askoz ere seguruagoa egiten du eskalada. Eta kito! Oxigeno gehigarririk gabe eskalatzea oso arriskutsua da».
Alpinismoko Nazioarteko Batzarrak (UIIA), aldiz, ez du bat egiten iritzi horrekin: «Gas anestesikoa da xenon, eta, hortaz, arriskutsua da osasunarentzat. Tratamendu egokirik ez badu, buruan eragin kaltegarriak izan ditzake. Eta heriotza ez da baztertzen».
Laguntza gehiago
Furtenbach Adventures agentzia komertzialak bultzatutako espedizioak “Misssion Everest 7” du izena. Lau mendizale britainiarrak joan den 16an irten ziren etxetik. Katmandura egun berean heldu eta zuzenean Everesteko kanpaleku nagusira eraman zituzten. Aurretik, Alemanian, xenon gasaren tratamendua hartu zuten; hain zuzen ere, 30 minutuko saioa. Diogun bezala, girora egokitzeko fasean erabateko laguntza izan da.
Biharamunean, laukoteak igoerari ekin zion. Aipatu behar da xenon gasarekin batera protagonistok laguntza gehiago izan dutela: igoera guztia oxigeno artifizialarekin egiteaz gain, mendiko langileak ondoan izan zituzten.
Gailurreko bidean ehunka mendizalerekin egin zuten topo. Astelehenean, hilak 19an, britainiarrak hirugarren kanpalekura heldu ziren. Biharamunean, 20an, laugarrenean zeuden, Hots, 8.000 metrora. Eta asteazkenean, 21ean, gailurra erdietsi zuten.

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»

Un temblor de magnitud 4 con epicentro en Iruña Oka se deja sentir en buena parte de Araba
