Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Unai Mendikote eta Gracia Alonso buru izango ditu ‘Bilbao Miners’ Bilbao Basketen 3x3 taldeak

Euskal jokalariak edo Euskal Herrian jokatzen duten horiek osatuko dituzte Bilbao Basketen gizon eta emakumeen 3x3ko taldeak, Ibon Lopez de Letona entrenatzaile galdakaoztarraren aginduetara. Ekainaren hasieratik, gainera, Valentzian eta Bilbon torneo ezberdinak jokatuko dituzte.

Unai Mendikote, Itziar Ariztimuño, Jone Azkue eta Mohammed Niang, Ibon Lopez de Leotna entrenatzailearekin ‘Bilbao Miners’ taldearen aurkzpenean.
Unai Mendikote, Itziar Ariztimuño, Jone Azkue eta Mohammed Niang, Ibon Lopez de Leotna entrenatzailearekin ‘Bilbao Miners’ taldearen aurkzpenean. (Mikel MARTÍNEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Gero eta indar handiagoa hartzen ari da saskibaloiaren 3x3 modalitateak. Hala, ACB Ligako gero eta klub gehiagok saskibaloiaren «kaleko» ikuskizun horretan gero eta presentzia nabarmenagoa dute. Hala, Surne Bilbao Basketek 3x3ko bere taldeak aurkeztu ditu ostiral honetan. Miribillako meatzeetako jatorriari diosala eginez, ‘Bilbao Miners’ izenarekin bataiatu dituzte beren 3x3ko taldeak, berdin gizon zein emakumeenak.

Horrez gain, euskal jokalarien aldeko edota Euskal Herrian jokatzen duten jokalarien aldeko apustua egin du ‘Bilbao Miners’ honek. Hala, gizonen taldean Unai Mendikote –Ourensen ari da FEBeko Lehenengo Mailan (lehengo Urrezko LEB Ligan)– izango da jokalaririk nabarmenena. Mendikoterekin batera, talde hau Jorge Bilbao –Fuenlabradan ari den bizkaitarra–, Aitor Etxeguren –pibot bizkaitarrak TAU Castello taldeko elastikoa eraman du aurten–, Mohammed Niang –Zornotza taldean ari da FEB Bigarren Mailan–, Elvis Ude, Iñigo Betolaza, Eneko Salinero, Iker Chacon eta Oier De las Herasek osatzen dute.

Emakumeen taldean berriz, Parisko Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina atera zuen Gracia Alonso de Armiño izango da aurpegirik ezagunena. Berarekin batera, Itziar Ariztimuño Lointek Gernika Bizkaiako antolatzailea, Domusa Teknik ISB taldeko Jone Azkue eta Victoria Llorente, NCAAn ari den Julene Royale galdakaoztarra, Leyre Vindel, Naia Sarasua, Cintia Lopez, Leire Vallejo, Lucia Leguina eta Eneritz Gonzalezek osatuko dute emakumeen taldea.

Talde biak Ibon Lopez de Letona Surne Bilbao Basketeko entrenatzaile laguntzaileak zuzenduko ditu.

NBAko giroa

Eta berehala ditu ‘Bilbao Minsersek’ etxeko lanak. Izan ere, Valentziako L'Alqueria del Basket Open 3x3 torneoan –ekainaren 5etik 7ra– jokatuko dute estreinako torneoa eta handik astebetera Bilbao Jokoan torneoan ariko dira –ekainaren 13tik 15era–.

«Indarra hartzen ari den modalitatea da 3x3ko saskibaloia. Ohiko saskibaloia baino laburragoa eta intentsuagoa da, egungo gizartearen erakusgarri», adierazi du Unai Mendikotek. «Nik uste Bilboko torneoa adibidez oso erakargarria izango dela eta gu ikusten hurreratzen denak asko gozatuko duela», gaineratu du.

Itziar Ariztimuñok aspaldi ez duela 3x3an jokatu. «Ez behintzat formakuntza kategoriak utziz geroztik. Badakit oso jokamolde itogarria dela, saskiratze bat egin eta segituan defenditzen hasi behar duzu, eta errebotea bat hartzeaz bat erasoan zentratu behar duzu. No es naiz Gracia –Alonso de Armiño– bezain espezialista jokamolde horretan, baina nik uste ondo pasako dugula. Gainera, ikusleen artean dagoen giroa, jartzen den musika... NBAko giroa sortzen dela dirudi. Nik Olinpiar Jokoetan 3x3ko torneoa gertutik jarraitu nuen eta oso da entretenigarria», azaldu du antolatzaile bilbotarrak.