
AGIRRE 15
BAKAIKOA 22
Salto egiteko indarra erakutsi du Joanes Bakaikoak B Serieko Buruz Buruzko Txapelketako nagusi izanda gero ere! Badu meritua Etxarri Aranazko mutilak, benetan neurketa agonikoa eraman baitu.
Asier Agirre Arrotxapeako semeak eta Bakaikoa, biek ala biek, bazekiten lehenagotik final hau jokatzea zer zen; Bakaikoa 2023an txapeldun izan zen eta Agirre iaz 21 tantorekin geratu zen. Hala ere, urduritasuna eta errematerako nolabaiteko zehaztasun falta nahiko nabarmenak izan dira. Ez zaie inolako lanerako gogo faltarik nabaritu, ordea! Hori sufritu beharra! Bakaikoak arerioa «beste pilotakada bat gehiago» jotzera behartuz izan da txapeldun eta Agirrek, berriz, finala ia galduta zuela zirudienean, 9-16tik 14-16raino ekarri du.
Azken aldera, fisikoki biak leher eginda zeudela, pare bat tantotan elkarri traba egin izana ere protesta egin dute, baina epaileek, jokoaren logikari jarraituz eta inolako intentzio txarrik gabe, erabaki bietan Bakaikoaren alde egin du –tantoa emanez Etxarrikoaren enbarazua eta berriz jokatzeko aginduz iruindarra traban jarri denean–. Zortearen laguntza txiki horrek, sakez egindako zazpi tantoek eta erakutsitako erresistentzia izan ditu lagun Bakaikoak txapela eskuratzeko.
Maratoiak eta esprintak
Aurreneko tanto bietan bapo nekatu dira pilotari biak. Bi tantoren ostean 44 pilotakada jo dituzte eta egundoko ahalegina egin behar izan dute biek ala biek tantoak bizirik mantentzeko. Alabaina, tantoak eusten hobeak direla erakutsi dute, amaitzen baino, aurreneko tanto horietan guztietan erasoan galdu baitituzte pilotak.
Joanes Bakaikoaren sakea izan da aurreneko tanto horietan diferentzia markatu duen jokaldia. Tanto gogorren ostean lau sake sartu dizkio Agirreri eta akordatzerako 2-6 aurretik jarri da duela bi urteko B Serieko txapelduna.
Frontisaren antzeko jarrera hartu du Bakaikoak. Etxarri Aranazkoak pilota harrigarriak eraman ditu, nahiz eta Agirre jotzaileagoa izan. Iruindarra, izan ere, desesperatzeraino eta bere onetik ateratzeraino iritsi da, baina aurrean jokaldirik eza zaio batere atera. Aldiz, sakea hartu duenero Bakaikoak ez du hutsik egin. 3-8koa izan da jokoan egindako aurreneko tantoa, Asier Agirrek bi hormakoa sartu ostean.
Iruindarrak bi hormakoarekin bidezidor bat aurkitu du atzetik aurrera egiteko, baina sakeak ere traizio egin dio, luzetxo aterata falta egion baitu. Eta ez du Bakaikoak alperrik pasatzen laga aukera bikain hori. Sakea eta erresistentzia arma nagusitzat, etxarriarrak berehala egin du aurreneko atsedenaldi luzerainoko bidea, markagailua 5-12 lagata.
Hartzailearen estrategia
Edo sakez, edo ito arteko tantoak. Boxeoan horri askotan hartzailearen estrategia esaten zaio: alegia, aurkariak baino sufritzeko ahalmen handiagoa pilatzea eta horri esker garaipena bilatzea. Horra Joanes Bakaikoaren lana Asier Agirreri aldea ateratzen joateko. Tantoa mendean izanda ere, atzera eta atzera jota, iruindarraren erresistentzia fisikoa hautsi beharraren beharraz.
Baina Asier Agirre ere ez da etsitzeko egon eta «gorputzez gorputz» jarri diren horretan bera ere arriskuak hartzen hasi da. Errematea maizago hasi da bilatzen, ez beti oso ongi, baina atzera jota bakarrik ez zuela arerioa hautsiko jabetuta bederen.
Pixkanaka 14-16raino ekarri du finala eta une batez Bakaikoa bera ere oso jota azaldu da, bai fisikoki eta baita buruz ere, inon ere zulorik eta arnasarik aurkitu ezinda, baina sakea berreskuratu du.
Ez du azken aldera sakez tanto gehiago egin etxarriarrak, baina tantoak menderatzen hasi da eta ikusi du berak ere aurrean jokaldirik egin ezean kosta behar zitzaiola 22 tantoak harrapatzea. Enbarazu egindakoen tantoak ere sasoi horretan iritsi dira, biak erabat lehertuta.
Azkenean, baina, batek bakarrik iraun behar zutik eta Bakaikoa izan da.
FITXA TEKNIKOA
Iraupena: 68.41 minutu
Pilotakadak: 347
Sakez: 1 eta falta 1 Agirrek, eta 7 Bakaikoak
Jokoan egindakoak: 8 Agirrek eta 7 Bakaikoak
Jokoan galdutakoak: 7 Agirrek eta 6 Bakaikoak
Markagailua: 1-0, 1-1, 1-3, 2-3, 2-4, 2-8, 3-8, 4-8, 4-9, 5-9, 5-13, 6-13, 7-13, 7-14, 8-15, 8-16, 9-16, 14-16, 14-17, 14-19, 15-19, 15-20, 15-22
Gorabeherak: Buruz Buruko B Serieko finala, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Aurreneko sakea, urdin.

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina

