Hamish McArthurrek astindu ederra eman dio 9a zailtasunari
23 urteko eskalatzaile ingelesak maila horretako bi bloke egin ditu bi asteko tartean. 'Megatron'-entzat bost egun behar izan zituen; 'No one mourns the wicked', aldiz, hiru orduan sinatu zuen.

Nalle Hukkataival finlandiarrak 'Burden of Dreams'-ekin boulderreko munduko lehen 9a proposatu zuenetik, zailtasun horrek pasarte oso interesgarriak bizi izan ditu. Azkenak, adibidez, kolektibo guztia ahoa bete hortz uzteaz gain, oso kutsu berezia izan du. Hamish McArthur izan da protagonista. 23 urte besterik ez ditu, eta nazioarteko lehietan lehen lerroan ikusi dugu. Olinpiadetan ere. Baina arlo hori alde batera utzi eta azkenaldiotan arrokara jauzi egin duenean, onartu behar dugu nolabaiteko iraultza egin duela. Gazte hori Ameriketako Estatu Batuetara eginiko bidaian, oso tarte txikian, gai izan da 9a mailako bi boulder sinatzeko: 'Megatron'-ek bost egun eskatu dizkio eta 'No one mourns the wicked'-ek hiru ordu besterik ez.
'Megatron'-i dagokionez, apirilaren 20a izan zen eskalatzaile horrek arrakasta izan zuen eguna. Coloradoko Eldoradon dagoen bloke horren lehen igoera Shawn Raboutouk egin zuen orain dela hiru urte. Korapilo hori asmatu eta askatu bezain laster, hainbat espezialista estatubatuar lehen errepikapenaren bila abiatu ziren. Baina 'Megatron'-en zorroztasunak den-denak atzera bota ditu. Drew Ruanak, adibidez, kontaezinak diren ekinaldiak egin ditu.
Bitxia bada ere, bederatzigarren esferan sartu aurretik, McArthurrek 8c+ mailako bloke bat zuen: 'Big Z'. Alabaina, gogo handiz zegoen beste urrats bat egiteko, eta 'Megatron' helburu hartu zuen. Lanean jarri zenean, segituan ohartu zen ikusitako bideoetan hainbat eskalatzaileren metodoak ez zirela berarentzat batere egokiak; izan ere, espezialista horiek baino garaiera handiago du.
Boulder horrek dituen hamazazpi mugimenduak zain zituen. Bigarren egunerako, gazte honek sekuentzia askoz ere eraginkorragoa aurkitu zuen. Eta pixkaka-pixkaka mugimenduak lotzen joan zen. Protagonistak dio blokeak hiru dimentsio dituela. Erresistentzian oinarrituta egoteaz gain, gorputzaren mugimenduak eta oinen erabilerak berebiziko garrantzia dute. Hortaz gain, aipatu du hamazazpi mugimenduek uneoro dena ematera eskatzen duela. Hots, mugimendu samurrik ez omen ditu.
Eroria duen ertz bat gainditu ostean, McArthurrek sabai bati aurre egin zion. Zorionez, indarrak ez xahutzeko, oin batekin blokeo bat egiteko aukera izan zuen. Mugimendu hori aurrera jarraitzeko eta arrakasta izateko giltza izan zen. Baina maiz gertatzen den bezala, helburua oso eskura dagoenean, arrazoi ezberdinengatik lorpena atzeratzen da: «Bitxia izan zen egoera. Sinatu nuen egunean blokearen giltza gainditu ostean, ia amaieran, zortzi aldiz erori nintzen. Une jakin batean, iruditu zitzaidan eskalatzeko era ez nuela aldatu behar. Buruak lan handia egin behar zuen, eta gune mental egokia bilatu behar nuen mugimendu guztiak lotzeko. Zaila da azaltzea, baina lehenik eta behin esan behar dut ikusezina bihurtu behar nintzela. Munduari nire inguruan mugitzea baino ez nion utzi behar. Kontua ez da nik zenbat eman dezakedan. Ez dago nire esku, baizik eta blokeak agintzen du. Behin betiko egunean izan nituen erorikoak ikusita, nire burua beste dimentsio batean kokatu behar nuen. Eseri, isiltasunean kontzentratu eta lasai egon nortasunaren zentzua desagertu arte».

Irakurtzen den bezala, eskalatzaile gazteak lehentasuna ematen dio buruaren sendotasunari zein kudeaketari. Sasoiarekin ez zuen zalantzarik; bai, ordea, 'Megatron'-en goiko zatiak xahutu zion energiarekin. Baina diogun bezala bost egun (ez jarraian) behar izan zituen 9a mailako bere lehen blokea biribiltzeko. Bloke horrek duen zailtasunaren inguruan, MacArthurrek dio ez duela eskarmentu handirik iritzi sendo bat emateko. Hala eta guztiz ere, uste du 'Megatron' 9a dela. Eta hori azaltzeko gehitu du 8c+ mailako bloke bat egiteko hiru egun behar izan zituela eta 8c zailtasuneko beste bat soilik egun bat.
Hiru ordu!
Ez dakigu azken proposamen horien inguruan eman dituen iritziek asko balio duten joan den 4an eskalatu zuen 9a zailtasuneko bere bigarren lorpena azaltzeko. Agian ez du azalpenik behar, baina eskalatzaile honek 'No one mourns the wicked'-en egin duenak hitzik gabe utzi ditu espezialista eta publiko orokorra. Coloradoko Thunder Ridgen dagoen boulder hori hiru orduan sinatu zuen!
Bloke horren lehen igoera Nathaniel Colemanek iaz erdietsi zuen. McArthurrek aurreratu du irudiak ikusi zituenetik bloke horrekin amets egin duela. Lehen bisitan heldulekuak ukitu zituenean ezustekoa hartu zuen. Txarrak omen ziren. Batzuk kamutsak, beste batzuk irristakorrak, inklinatuak ere baziren… Ezaugarri horiek kontuan hartuta, protagonistak bazekien gorputzaren oreka perfektuan oinarritu behar zela.
'No one mourns the wicked'-era heltzeko 45 minutuko hurbilketa bidea egin zuen. Eguerdian lehen mugimenduak probatzen hasi zen, eta, bitxia bada ere, aipatu ditugun helduleku txarrek beste aurpegi bat erakutsi zioten. Blokearen ezaugarrietara oso azkar egokitu zen, eta bi ordu beranduago giltza menderatuta zuen. Gainera, oso erraz; ekinaldi bakoitzak ez zion buruhausterik eragiten.

Saialdien azken orduak ez zuen misteriorik izan. Arratsaldeko hirurak izateko gutxi falta zenean, McArthurrek behin betiko igoerari ekin zion. Hasierako tartea 8b mailakoa da, eta zehaztasun osoz mugimendu horiek gainditu zituen. Hortik aurrera, amaierara arte, oso eraginkorra izan zen. Eta diogun bezala, hiru orduko lanaren ondoren, bere bigarren 9a egin zuen.
Boulderrak egun duen maila gorena bi asteko epean eta era horretan lortzea zaila egiten da ulertzea, baina eskalatzaile ingelesak erakutsi du mugak hausteko daudela. Horregatik guztiagatik dio aurrerantzean prest dagoela egingarriak ez diruditen xedeak berriro definitzeko. Itxaropentsu dago egoera hori astintzeko, eta gehitu du oraindik asko ikasteko duela. Gai hori asko lantzeaz gain, ibilbide horretan aldaketa baikorra bilatzen ari da. Ildo horretatik jarraituz, eskalatzaileak dio eskaladaren hainbat murru hausteko lan egingo duela; batez ere, eskalada esfera handiagoan sartzeko.

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

Una monja de Urduña sigue hospitalizada y prohíben a las de Belorado contactar con ellas
