NAIZ

Gotzon Gomezek hartuko dio lekukoa Nerea Mujikari Gerediaga Elkartearen lehendakari karguan

Gotzon Gomez da Gerediaga Elkartearen presidente berria. Karguan 22 urtez aritu den Nerea Mujika ordezkatu du modu horretan. Bederatzi lagunek osatutako zuzendaritza batzorde berria izango du elkarteak, hala iragarri dute astelehen honetan.

Asun Elorriaga, Nerea Mujika eta Gotzon Gomez.
Asun Elorriaga, Nerea Mujika eta Gotzon Gomez. (GEREDIAGA ELKARTEA)

Gerediaga Elkarteak jakinarazi duenez, urteko biltzar nagusia egin zuen igandean Abadiñoko Gerediaga auzoko foru zelaian. Bi urtean behin, zuzendaritza taldeko kideak berritzeko prozesua zabaltzen da, eta, 60. urteurrenarekin batera, zuzendaritza batzorde berria eratu da.

Azken urteetako zuzendaritza batzordearekin alderatuta, bi lagunek euren kabuz utzi dute parte-hartzea eta pertsona berri bat sartu da. Guztira, bederatzi lagunek osatutako zuzendaritza izango da.

Azken 22 urteetan Gerediaga elkarteko lehandakari izan den Nerea Mujikak eta azken urteetan diruzaina izan den Belen Bengoetxeak elkarteko zuzendaritza uzteko erabakia hartu eta ez zuten berrizte prozesura euren burua aurkeztu. Batzordeko kide berri modura, berriz, Abadiñoko Oihana Azkorbebeitia izan zen pertsona bakarra.

Batzar nagusian onartutako ordezkaritza karguak honako hauek dira: lehendakaria Gotzon Gomez Barrenetxea, lehandakariordea Asun Elorriaga Albizu, idazkaria Aingeru Mimentza Sanchez, diruzaina Gemma Telletxe Kortabarria, eta bokalak Karmele Etxanagusia Atutxa, Mikel Agirregabiria, Goiuri Aldekoa-Otalora Txintxurreta, Olatz Plazaola Sopelana eta Oihana Azkorbebeitia Urizar.

«Emozionatuta»

Bi hamarkadatako ibilbidea laburbildu duen ikus-entzunezko baten ostean, «emozionatuta» hartu zuen hitza igandeko ekitaldian Nerea Mujikak. Pozik doala azpimarratu zuen. Sartu zenean elkartea eta bera ere bai ezberdinak zirela aitortuta, «elkarterako kudeatzaile bat izateak zentzu askotan zein aurrerapausoa izan den» gogoratu nahi izan zuen.

Urte guzti hauetan Gerediagan ezagutu dituen ikerlari eta historialariak eta bidelagunak eskertu zituen eurekin batera «ikasteko eta Durangaldearen alde lan egiteko aukera ematearren». Gerediaga Elkartearen ageriko aurpegia bera izan arren, talde handi bat izan duela lagun, eta oso eskertuta agurtu zen Mujika.

Gomezek ere hartu zuen atzo hitza elkarteko lehandakari izendatutakoan. Txikitatik euskararekiko maitasuna transmititu zioten ama eta aitarentzat izan zituen lehenengo berbak. Baina, batez ere, irakasle izandako Koldo Isusi, Gerediaga elkarteko sortzaile ere izan zen Koldo Alzibar eta Bego Urizar eskertu zituen.

Lehendakari berria durangarra da. 1970. urtean jaiotakoa, Deustuko unibertsitatean filologia ikasi zuen. Gero, Durangoko Jesuitak ikastetxean eman ditu 30 urte baino gehiago euskara eta literatura irakasle modura. Gotzon Gomez Durangoko Errugbi Taldeko kide modura ere ezaguna da herrian. Bertan jokalari eta entrenatzaile ibilitakoa da. Kirol taldean euskara arduraduna ere izan da 30 urtez. Gerediagako zuzendaritza batzordeko kidea izan da azken 8 urteetan eta Deustuko Unibertsitatean bere irakasle izan zen Nerea Mujikak animatuta gerturatu zen elkartera.

Asun Elorriaga, orain arte Gerediaga Elkarteko idazkari izan dena, orain lehendakariordea izango da. Gotzon Gomezekin batera elkartearen ordezkaritza izango du. 1958an jaio zen Muxikako Maume auzoan. Bartzelonako unibertsitatean ikasi zuen filologia eta Hizkuntza eskoletako irakasle izan zen, tartean Durangoko hizkuntza eskolako zuzendari ere bai, jubilatu arte. Gerediaga Elkarteko zuzendaritzako kide da 2012tik eta idazkari lanak bete ditu ordutik.