
Bihar beteko da hilabetea Iberiar Penintsula osoan itzalaldi handia gertatu zela. Efemeride berezia baliatu dute astearte honetan Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak eta Izarkom telekomunikazio operadore kooperatiboak lankidetza estrategiko sakonago bat bultzatuko duen hitzarmena sinatzeko eta ‘Itzali sistema, piztu alternatibak’ izeneko manifestua aurkezteko.
Erika Martinez Goienerreko presidenteak eta Iker Garaialde Izarkomeko zuzendariak Bilbon kazetariekin egindako topaketa batean azaldu dutenez, hitzarmenaren bitartez betidanik bi erakundeek izan duten elkarlanari «marko» bat emango diote eta, besteak beste, bakoitzaren azpiegiturak partekatuko dituzte eta dibulgazio ekintzak garatuko dituzte elkarrekin.
Garaialderen hitzetan, «kooperatibek elkarren beharra dute eraldaketa ekosozialaren bidean». Era berean, Martinezek, «bidelagun onak aurkitu eta zaintzeak» duen garrantzia azpimarratu du.
Biek energia eta telekomunikazioen sistema erresilienteago bat eraiki beharraz hitz egin dute, eta herritarrei gogorarazi diete «ezinbestekoa dela gure kontsumo ohiturak aldatzetik hastea».
Izan ere, apirilaren 28an izandako itzalaldiak egungo sistemak pairatzen dituen «ahultasunak eta dependentziak» agerian utzi zituela nabarmendu dute. «Hau ez da izan arazo puntual bat, irabaziak maximizatu beste helbururik ez duen sistemak eragindako akatsa baizik. Etekin ekonomikoa jendartearen eta planetaren gainetik jarri izanak ondorio latzak ditu; batzuk epe motzekoak eta kolpeka datozenak; beste batzuen kasuan, aldiz, epe luzera sumatuko ditugu ondorioak», azaldu dute.
Bide horretan, gogoratu dute energia edo internet oinarrizkoak diren giza eskubideak direla «eta hezkuntzan edo osasungintzan ez bezala, tamalez, erabat barneratuta dugula enpresa pribatuen bidez zerbitzuok jasotzea». Horregatik, beharrezkoa ikusten dute azpiegitura kritikoak noren esku dauden eta nola funtzionatzen duten agerian utzi eta eztabaida irekitzea.
«Argi dugu energia eta telekomunikazioen sistema erresilienteago bat eraiki behar dugula, interkonektatutako ―baina, aldi berean, deszentralizatuagoak diren― eredu iraunkorragoak sustatuz. Administrazioetatik azpiegitura zein banaketa publikoa bermatzen ez den bitartean, enpresa egitura, kooperatiba eta sare komunitarioak sortu eta babestu behar ditugu. Baliabideak kolektibizatzea da gaur egun dugun aukera, boterea gutxi batzuen esku gera ez dadin eta erabilera arduratsua zein iraunkorra bultzatzea ahalbidetuz. Horrela, erabaki eta eskuhartze ahalmena zabaltzen dugu, antolakuntza eredu gardenago eta demokratikoagoak sortuz», aldarrikatu dute.
Era berean, instituzioei dei egin diete «mendekotasuna gainditzeko burujabetza eta jasangarritasuna oinarri duten neurri eta politika aktiboak sustatzeko».
«Herritarrok, gizarte eragileok, erakunde publikook eta kooperatibok elkarrekin egin behar dugu bidea, trantsizio ekosoziala helburu, alternatiba sendoak eraiki eta beste itzalaldi baten arriskua eragozteko, bide batez», nabarmendu dute.
Agerraldia amaitzeko, Martinezek eta Garaialdek ekainaren 19an bi kooperatibek eskainiko duten hitzaldiaren berri eman dute. Hitzaldia arratsaldeko 18.00etan hasiko da Goienerren Bilboko egoitzan. Gainera, dei egin die Euskal Herriko norbanako eta eragile guztiei, manifestu kolektiboarekin bat egiteko.

Aizarotz, demostración palpable de que hay fórmulas para contrarrestar el despoblamiento rural

«Que Iruñea apueste por la dignidad colectiva ante el genocidio israelí es algo grandioso»

«Guretzat hip hopa gure historia kontatzeko erreminta egokiena da»

Homenaje a Germán Rodríguez con actuación sorpresa de Rozalén
