Kazetaria, surfean espezializatua / Periodista, especializado en surf

Denboraldi erdiko mozketa CT zirkuituan, kaleratuak eta bizirauleak

Datozen orduetan amaituko da Australiako Margaret River urautsian egiten ari diren CT itzuliko zazpigarren txapelketa. Denboraldi erdiko mozketa egiteko ordua iritsi da. Nortzuk jaitsiko dira Challenger Series mailara?

Jordy Smith surflari beteranoa da aurtengo faboritoa.
Jordy Smith surflari beteranoa da aurtengo faboritoa. (WSL)

Urtero bezala, Margaret Riverreko txapelketak aurreikuspen guztiak gainditu eta sekulako olatuak eskaini ditu, baina antolatzaileek bi eguneko geldialdia egitea erabaki dute. Beraz, datozen orduetan egingo dira nesken zein mutilen kategoriako azken txandak. Edonola ere, lehen mailatik kaleratuak izango diren lehiakideen zerrenda ia osorik argitara daiteke.

Nesken kategorian zalantza gehiago daude, erronda gutxiago egin baitituzte, baina mutilenean, denboraldi erdiko mozketa jada egina dela esan daiteke; lehen postuak zehaztea soilik falta da; izan ere, aldaketa esanguratsuak izango dira rankingeko lehen postuetan Margaret Riverreko txapelketa amaitu ostean.

Azken egunetan bezala, ikuskizun bikaina espero da datozen orduetan; izan ere, posible da lehiakideak The Box urautsian lehiatzea. Lehen errondak Margaret Riverren egin zituzten, ur askoko olatu handi eta zailekin, baina etenaldia egin aurreko txandak ondoko urautsian egin zituzten, The Box eskuin olatu borobil eta arriskutsuan. Sekulako ikuskizuna izan zen eta, esan bezala, oraindik ez da amaitu; beraz, zaleek adi egin beharko dute. Kontuan hartu Australian sei orduko aurrerapena dutela; alegia, han eguerdia denean Euskal Herrian goizeko seiak dira.

Margaret River

Mutilen kategorian 36 surflari lehiatzen dira, eta neskenean 18. Mutilen kategoran lehen errondak egin dituzte eta jada final-laurdenetan dira, baina nesken kategorian lehen bi errondak baino ez dituzte egin; hortaz, oraindik txanda dezente falta dira egiteko, baina jada badakizkigu lehen mailatik kaleratuak izango diren ia surflari guztien izenak.

Mutilen kategorian izendatuak dira Challenger Series mailara jaitsi diren lehiakideak. Nabarmentzekoa da Imaikalani DeVault hawaiiarraren balentria, txapelketa aurretik 29. postuan izan arren final-laurdenetara iritsi baita eta, horrela, denboraldi erdiko mozketa gainditu ahal izango du, gutxieneko 22. postua eskuratuko baitu rankingean. Aitzitik, albiste txarra 22. postuan zen Alejo Muniz brasildarrarentzat, CS mailara jaitsiko baita.

Crosby Colapintok maisutasuna erakutsi zuen The Boxen. (WSL)

Denboraldi erdiko mozketa ozta-ozta gainditu duen beste lehiakide esanguratsua Crosby Colapinto da. Kaliforniarra 19. postuan zen eta laugarren errondan 25. postuan zen Jackson Bunch hawaiiarraren kontra lehiatu zen. Txanda erabakigarria izan zen, irabazten zuenak denboraldi erdiko mozketa gainditzea lortuko baitzuen. Colapinto nagusitu zen eta Bunch CS mailara jaitsi da.

Bigarren mailara jaitsi diren mutilen artean ospe handiko surflari batzuk ere badaude, hala nola Seth Moniz hawaiiarra, Samuel Pupo brasildarra eta Ryan Callinan australiarra.

Nesken kategorian, ostera, kaleratuak izango diren sei lehiakideen izenak oraindik airean dira, baina badira hiru izen zaleen arreta bereganatu dutenak. Brisa Hennessy Costa Ricako surflaria, Lakey Peterson estatubatuarra eta Sally Fitzgibbons australiarra puntako postuetan izan dira azken urteetan, baina une honetan bigarren mailara jaisteko zorian dira, baldin eta Margaret Riverren emaitza oso on bat lortzen ez badute. Ikusmina handia da.

Lidergoa jokoan

Itzuliko sei emaitza hoberenak hartzen dira kontuan CT rankinga osatzeko. Guztira 12 txapelketak osatzen dute aurtengo CT itzulia, baina denboraldiari amaiera emango dion Final Handian lehen bost sailkatuak soilik lehiatu ahal izango dira. Beraz, aurrerantzean rankingeko lehen bost postuetako batean egotea garrantzitsua da Final Handira iristeko.

Nesken kategorian, lehen hiru postuetan oso berdinduta daude Gabriel Bryan hawaiiarra, Caitlim Simmers estatubatuarra eta Molly Picklum australiarra. Hirurek lidergoari eutsi diote denboraldia hasi zenetik, baina egiazko erronka orain hasten da, oso zaila baita denboraldi osoan lehen postuei eustea.

Mutilen kategorian, ostera, Italo Ferreira brasildarra da buru rankingean, baina Margaret Riverreko txapelketaren ostean bigarren postura jaits daiteke, Jordy Smith oraindik ez baitute kaleratu. Txanda bat pasatzea nahikoa du rankingeko buru izateko. CT zirkuituan lehiatzen ari den surflari zaharrena da Smith, 37 urterekin, eta aurtengo munduko titulua  irabazteko faboritoa ere bada; izan ere, urte luzez garaipen esanguratsuak lortu arren eta denboraldi gehienak oso postu onean amaitu arren, inoiz ez du munduko WSL titulua irabazi hegoafrikarrak. Aurtengoak azken aukera dirudi.

Margaret Riverreko txapelketaren ostean rankingean nabarmen igoko den beste lehiakidea Barron Mamiya da. 25 urteko hawaiiarra sekulako maila erakusten ari da, batez ere olatuak indartsuak direnean. Oraindik ez dute kaleratu; beraz, Margaret Riverren emaitza on bat eskuratzen badu, lehen hiru edo lau postuetako batean koka daiteke. Esanguratsua da, itzuliko seigarren txapelketaren ostean zortzigarren postuan zegoela kontuan hartzen bada.

Nadia Erostarbe bigarren errondan kaleratu zuten. (WSL)

CS itzulia

Lehen mailatik kaleratuak izan diren lehiakideak Australian geratuko dira Margaret Riverreko txapelketa amaitu ostean. Izan ere, Challenger Series itzulia bertan hasiko da, New Castlen ekainaren 2tik 8ra egingo den txapelketarekin. Guztira bost txapelketak osatuko dute aurtengo CS zirkuitua eta lau emaitza hoberenak hartuko dira kontuan CT mailara igoko diren hamar mutil eta bost neskak izendatzeko.

Lehen mailara igotzeko CS mailan lehiatuko diren 80 mutil eta 48 nesken arten euskal herritarrak ere izango dira. Nadia Erostarbe zarauztarra, Margaret Riverren bigarren txandan kaleratua izan zena, esaterako, CS mailan lehiatuko da aurrerantzean, eta ondoan izango du Annette Gonzalez Etxabarri zumaiarra. Mutilen kategorian, berriz, Keoni Lasa eta Adur Amatriain zarauztarrak eta Yago Dominguez getxotarra lehiatuko dira lehen mailara igotzeko.