NAIZ

Euskal Herriko artistek Palestinan gertatzen denaren aurrean ahotsa piztu dute

Euskal Herriko artista talde batek Palestinan gertatzen ari denaren aurrean ahotsa piztu du eta nazioarteko ekimenekin bat egin du. Honez gain, ‘Hitzez pitz’ izeneko musika bilduma prestatu dute. Aterako duten dirua Gazan lan egiten duen GKE bati emango diote.

Gazako haurrak, janari eske.
Gazako haurrak, janari eske. (Moaz ABU TAHA | APA IMAGES-ZUM-DPA-EUROPA PRESS)

«Munduko indiferentziaren isiltasun gorgarrian, Gaza deuseztatzen ari da. Erortzen den horma bakoitzarekin, istorio bat da hiltzen. Itzaltzen den begirada bakoitzarekin, memoria bat da desagertzen». Horrela hasten da Euskal Herriko artista eta kultur eragile talde batek kaleratu duen idazkia.

«Ahots kolektiboa piztu nahi dugu, duda izpirik gabe genozidioa denaren aitzinean. Badu bi urte Palestina, eta bereziki Gaza, amesgaizto amaigabea bizitzen ari dela, gure begipean, gobernuen isileko konplizitatearekin, ezikusiarena egiten baitute edo, oraino okerrago dena, gerla makina elikatzen segitzen baitute», gaineratu dute.

Injustiziaren aurrean altxatzen den artea

«Injustiziaren aitzinean altxatzen ez zen arteak arima galtzen du. Gure instrumentuak, pintzelak, ahotsak eta lumak jendetasuna basakeriari nagusitzen zaion mundua marrazteko baliatu behar ditugu. Sortzaileak gure garaiaren lekuko baldin bagara, nola hetsi begiak tragedia garaikide horren aitzinean», erantsi dute.

«Geldirik egoten diren nazioarteko erakundeen hipokrisiaren aitzinean, ez dugu gehiago itxoin nahi. Ez da gehiago asmoez mintzatzeko garaia, egiazki ekiteko tenorea da», aldarrikatu dute.

Gauzak horrela, Israelek Gazari ezartzen dion blokeoa hausteko eta «hil ala biziko» korridore humanitarioa irekitzeko nazioarteko ekimenak sostengatu dituzte, Gazarako Mundu Martxa edo Askatasunaren Flotilla kasu.

Musika bilduma

«Gure engaiamenduk ez dira hitz hutsak», nabarmendu dute eta horretarako musika bilduma argitaratu dute, prezio librean, herri palestinarraren alde, ‘Hitzez pitz’. Obra fisikoen salmenta ere antolatu dute. Gertakari bat antolatzea ere planteatzen ari dira, dirua biltzeko.

Bilduko den diru guztia Palestinan lan egiten duen GKE bati emango diote.

«Eskuin muturra, faxismoa, kolonialismoa eta zapalketa mota guziak ideien eta kulturaren arlora sartu dira gudura. Arteari eraso eginez, kritika eta erresistentzia ito nahi dituzte. Horregatik gara, hain zuzen, borrokatzera behartuak», adierazi dute.

«Irudimena kolonizatzen digun eta jendetasunez husten gaituen propagandari uko egin diezaiogun. Basakera normalizatzea errefusa dezagun. Errealitatez mintzatzeko, balia ditzagun eskatzen dituen hitzak», aldarrikatu dute.

Hauek dira ekimena sostengatzen duten artista eta taldeak: EHZ, Usopop, Bilaka, Collectif Moï Moï, Züzülü, Borderline Fabrika, Musique d'Aperitif, Dia! Radio, Udada Festibal, Maita Kultura, Combustible, Collectif Balleperdue, RTZ, Orbel, Palecoal, Lumi, Ekhi Lambert, Makjak, Haira, Rüdiger, Nakar, Mäirü, Izaki Gardenak, Fusible, Ekiza, Willis Drummond, Xiberoots, Libe, Ezezez, Zetkin, Xak, Bloñ, Kaskezur, Ibil Bedi, Pangea Pop, Galder, Auhen, Ødei, Bilau, HK, Panda Valium, Kuartz, Ghau, Full Cab, Kuma No Motor, Venil, Manon Boulart, Calypso, Gau Txori, Xab Xab, Nicolas Armendariz, Manu Berk, François Maton, Nina Garcia, Guillaume Faveau, iF, Eider Beobide, Xalba Ramirez eta Joseba Irazoki.