
Susa argitaletxeak eta EHAZEk ostegun honetan aurkeztu dituzte Ganbila bildumaren bi izenburu berriak: ‘Zorretan’ eta ‘Aztitza’. Agurtzane Intxaurraga eta Oier Guillan dira egileak.
Bildumako 28. eta 29. liburuak dira orain argia ikusi dutenak. Agurtzane Intxaurragak, Hika antzerki konpainiaren zuzendariak, bi testu bildu ditu liburuan: ‘Hitzak’ (2012) eta ‘Zorretan’ (2024, Donostia Antzerki Saria). «Bi obrak hamabi urteko tartean eginak diren arren, badituzte puntu komunak ere: emakumeari historikoki lotu izan zaizkion rolen zama eta hartaz askatzeko tentsio kontzientea, oihartzun egiten duena egun jendartean bizi ditugun kezka ugariekin; bi obrak publikoaren tripak eta bihotzak zeharkatzen dituen gizatasun zorrotz batek lotzen ditu, hunkidura edonoren bizitzaren oihartzunekin lotzeko abileziarekin. Horiez gain, Intxaurragaren egile ahotsa errekonozitu daiteke bietan, denboran gertuago idatzita baleude bezala, eta bada istorioa egituratzeko eta bertan umore zipriztinak dramarekin harilkatzeko joera komun bat. Hitzek egiten gaituzte, hitzek sortzen dute nahi genukeen mundua, eta bi obra hauek mundu hobeago bat egiten laguntzen digutelakoan gaude». Hauxe dio sinopsiak.
Diptiko modukoa osatzen dute ‘Hitzak’ eta ’Zorretan’ lanek. «Emakumeari lotutako rola da nagusi bilduman atera dituen bi liburuek. Horrek emakumeari suposatzen dion zama, hortik ateratzeko egiten dituen ahaleginak, sortzen diren gatazkak... testuinguru hori dugu. ‘Hitzak’ lanean bortxa matxista psikologikoa da gai zentrala, ‘Zorretan’ liburuan zaintza eta dolua jorratzen dituen gai nagusiak. Bi testuekin batera Iratxe Retolazaren hitzaurrea –aberasgarria– dugu, irakurlearentazat agitz baliagarria izaten ahal dena eta Santos Bregañaren azala dugu», azaldu du prentsaurrekoan Gaizka Sarasolak, Ganbila kolekzioaren editorea Oier Guillanekin batera.
Bi lanek badute antzekotasunik. «Dramaren lanketan, umore zipriztinak nola sartzen dituen, denborarerekin nola jolasten duen, espazioa nola irudikatzen duen eszenan... nabaritzen zaio kariñoz egindako lanak direla. zer eta nola eskaini nahi duen zaintzen du, beraz ikuslea ere zaintzen du. Zuzendaria da idazlea, nabaritzen zaio hori ere. Idazten duen bitartean ari da obra eraikitzen. Ofizioarekiko ardura eta maitasuna nabarmentzen dira», gaineratu du Sarasolak.
Oier Guillanen lanaz «habitat desberdinetan, zeharbideetan ibiltzea gustatzen zaio», nabarmendu du. «Bere hitzak beti dira garaikideak, berriak, ausardia dutenak. Bestelako antzerkia posible dela sinesten du. Nik ez dakit hala den, baina berak egiten du. 11 testuez gain Asier Sarasolaren poema du hitzaurre moduan eta Idoia Beratarbideren azala. Musika emanaldiko testua, antzerki laburrak, bakar-solasak, dantzarako emanaldiak, performanceak... denetarik dago liburuan. Batez ere hitzekin jolasten du eta umorea bilatzen du. Badu baita ere enpatia handia eta horrek poesiara darama bere antzerkia. Gaiei dagokienez eneroaa, zaintza, feminismoa, egungo auzi sozial eta politikoekiko kezka, kultura eta kulturarekiko ardura... aipa daitezke. Eta nabarmentzekoa da bere buruarekiko itaunketan ari dela. Artifizioa egiten du, eta hagitz lan zintzoa da», laburtu du.
«Hasierak. Hasierak soilik. Gustukoa dut nola aurkezten diren istorioak, nola ehuntzen diren paisaiak, pertsonaia batzuen bizitzak kokatzeko. Nola hasten diren azaleratzen haien bizitzak ekintzen bitartez. Maite dut une hori zeinean ate bat zabaltzen den, non espektatiba bat sortzen den, non kuriositatea pizten den. Liburuen hasierak irakurtzen ditut, eta korapiloak hasten direnean irakurtzeari uzten diot. Lagunek beren oporrak kontatzen dizkidatenean kontakizunaren erdian komunera joaten naiz. Ez zait interesatzen istorioen bilakaera, haien hasiera baizik. Filmekin berdin. Film guztien lehen ordu erdia ikusten dut, eta gero zinematik ateratzen naiz, aspertzen hasten naizelako, istorio bat garatzen hasi orduko. Interesgarriena ez delako zer gertatuko den, gerta daitekeena baizik. Posibilitateak interesatzen zaizkit. Aukerak. Jakitea beste mundu posible batzuk daudela, horrekin konformatzen naiz. Ez dut gehiagorik jakin nahi». Oier Guillanen ‘Aztitza’ liburuaren sinopsia da hau.
Agurtzane Intxaurraga
Agurtzane Intxaurragaren iritzian arte eszenikoek behar dute Ganbila bezalako bilduma. «Aurretik ‘Bidaideak’ eman nuen argitara Arantxa Iturberekin. ‘Ai ama’, ‘Ixa’ eta ‘Aitarekin bidaian’ antzezlanen testuak zeuden. Orain ‘Hitzak’ eta ‘Zorretan’. ‘Hitzak’ inkontzienteki sortu zen, ariketa pertsonal moduan, entzundako elkarrizketa bat ulertu nahian. Tratu txarrak jasan dituen emakume ba edo emakume oro da abiapuntu. Istorioa sortzen ikusi eta indarra hartu zuen eta Arantxa Iturberengana jo nuen, berarekin ikasi bait dut idazten.‘Hau publikatu egin behar duzu’ esan zidan. 2012an estreinatu nuen Hika konpainiarekin, bi urte lehenago sortua. Emakumeok jarraitzen dugu/dute tratu txarrak jasotzen, hitzekin denok ematen ditugu nahita edo nahi gabe. Ez nuen kolpeez hitz egin nahi. Ni ez naiz kapaz idazteko irudirik jarri gabe, horregatik dio Iturbek lau eskutara idaztean berak belarriak eta nik begiak. Kasu honetan nahastuta daude, irudikatu nuenean nola kontatu formula topatu».
Bi obretan Jabi Barandiaran da gizonezko aktorea. «‘Hitzak’ lanean tratu txarrak ematen zizkion bikoteari eta ‘Zorretan’ lanean maitasuna gailentzen da, elkarrekiko errespetua. Halako bikoteak ere asko daude eta batzuetan ahaztu egiten zaigu. Idazteko gogo batetik sortu da. Ez dut nire burua idazletzat, dramaturgotzat baizik. ‘Zorretan’ bada 36 urteotako eskarmentutik sortua. Garbi neukan zer kontatu nahi nuen eta mundu absurduan sartu nahi nuen era berean. Denbora hautsia dago bi lanetan, publikoa mimatzen eta hezitzen saiatzen naiz, ez hain ‘errazak’. Estilo aniztasuna sartu nahi nuen. Ez dakit irakurketa hutsarekin nola hartuko den. Pertsona askoren zaintzarekin zaintza bakarra osatu dut», kontatu du.
Oier Guillan
Oier Guillanek hartu du ondoren hitza. «Metrokoadrokan idazketa kolektibo izan ohi da. Idazketa pertsonalago batetik egina da ‘Aztitza’. ‘Mr. Señora’-n (2017) testu laburrak jaso nituen, bizitzako esperientziak. Orain ere bai. Ordutik hona bildutako esperientzien lekukotza da ‘Aztitza’. Saltsa askotan gabiltza, ez dakigu geldirik egoten», aitortu du.
‘Aztia’ lanak irekitzen du liburua –agertokietan gaur egun–, ez kasualitatez, Guillanen esanetan. «Liburu osoa ulertzeko gakoak daude bertan. Bada kanta bat esaldi bakarreko letra duena. Esaldiak dio: ‘munduko min gehienak arintzen dira beste norbaitek min horiek ikusten baditu’. Literatura egitea begirada luzatzea da, ikustea, eta itzalean dagoena azaleratzea fikzioaren bitartez. Zentzu horretan, ‘Aztitzak’ erreferentzia egiten dio ofizioari. bada ofiziozko liburua, ofiziozko idazketa».
«‘Enpatia politikoa da’ esaldia etorri zitzaidan behin. Ez nuen ulertu, baina klabea zela ikusi nuen. Idatzi ditudan liburu gehienak zeharkatzen dituen hitza elkartasuna da. Lehen urratsa da enpatia, identifikazioa. Antzerkian ez ditugu soilik enpatia sortzen duten personaiak sortzen. Batzuetan enpatia gatazkatik dator. Haien bitartez enpatia lortzeko sortzen ditugu istorioak eta pertsonaiak. Muga hauskorra da antzerkiarena. Zilegi da fikzioa gorputzea norberak gatazka hori bizi ez duenean? Antzerkilariarena da enpatia ariketa erradikalena. Prest egon behar du enpatia gorputzera, emozioetara, tripetara eramateko eta ez arrazoia soilik. Ordea, beti ibiliko da antzerkilaria elkartasun ariketa usurpatzeko mugan edo arriskuan. Eta hor sartzen da dramaturgoaren ofizioa, idazlearena baino gehiago. Batez ere jendartean bizirik dauden minak hartzen direnan mintzagai. Baina zer litzateke antzerkia ikuslearengan ezerosotasuna sortzeaz aparte antzerkilaria bera ezerosotasuna bizitzeko prest ez balego? Liburu honetan ahalegina dago enpatia leku ezerosoetara eramateko mina ariintzeko ahaleginean», egin du hausnarketa.

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca
