Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Enplegua inklusiorako bide bihurtuz, bi esperientzia Arizmendiarrieta foroan

Asett Nazioarteko Lehen Foroa hasi da ostegun honetan Donostian. Ekonomia sozialaren etorkizuna definitzeko nazioarteko topagunea antolatu dute eta hamaika erronka sozialen inguruan ari dira hausnartzen, tartean inklusioaz.

Asett nazioarteko foroan antolatutako hitzaldi bat, inklusioaren ingurukoa.
Asett nazioarteko foroan antolatutako hitzaldi bat, inklusioaren ingurukoa. (Andoni Canellada | FOKU)

Ekonomia soziala eta pertsonen inklusioa nola korapilatzen diren izan dute aztergai ostegun goiz honetan Asett (Arizmendiarrieta Social Economy Think Tank) Nazioarteko lehen Foroan. Ekonomia sozialak ezberdintasunen murrizketan eta gizarte eta lan inklusioan duen paperari buruzko eztabaidak izango dituzte ostegun honetan eta ostiralean Donostiako Kursaalean nazioarteko hizlariekin.

Kursaaleko laugarren aretoan inklusioaren inguruan jardun dira Gureak taldeko Maria Larraza eta Ilunion Hotels kateko Jose Angel Preciados beren esperientzien berri ematen, Enableko Moses Chowdari Gorrepati dinamizatzaile lanetan zelarik.

Larrazak gogoratu du Gureak taldeak 50 urte bete dituela aurten, eta etorkizunera begira «inklusio eredu bat sortzen» jarraitzen duela egunez egun. Lehen urteetara jo du aldaketak egin beharra azaltzeko; kontatu du 1975ean Gipuzkoako guraso talde batek sortu zuela, desgaitasuna zuten haurrak eskolaratzearekin hasi zirela, eta ume horiek 18 urte betetzerakoan lanera jauzi egin beharraren hausnarketak bultzatuta hasi zirela lanpostuak sortzen.

«70eko hamarkadan buzo bat jantzi eta zortzi orduz lan eginez harrotasuna genuen, baina garaiak aldatu egin dira eta gaur egun Gureaken dauden langileek erabakietan parte hartu nahi dute, eta horri erantzutea dagokigu», azaldu du. Inklusioaren pertzepzioan sakondu nahi dutela adierazi du Larrazak, eta pertsona bakoitzari bere nahi eta beharretara egokitutako aukera eman. Gaineratu du bizitzan zehar behar eta nahiak aldatzen direnez, lanpostuek ere aldatzen joan behar dutela.

«Korrontearen aurka borrokatzen dugu», salatu du, eta ikuspegi horretatik merkatuarekin lehiatzea geroz eta zailagoa bada ere, egun beste enpresekin lehiatzen ari direla nabarmendu du. Nahiz eta bere ustez merkatua «inklusiorako prest ez egon», ateak irekitzen dabiltza Gureaken.

Erronka bikoitz bat mahaigaineratuz amaitu du bere hitzartzea: «Perspektiba soziala izatea eta lehiakortasunaren perspektiba ez dira ideia kontrajarriak, horretan egin behar dugu lan. Izan ere, gure balio handiena ez da sortu duguna, egiteko dugun modua baizik».

Ohiko zerbitzua baino gehiago

Jose Angel Preciadok, bere aldetik, zehaztu du egun Ilunion Hotels kateak 31 hotel dituela, eta krisi ekonomikoaren ostean proiektuaren ikuspegia aldatu zutela pertsonak erdigunean jarriz. Madrilekoa izan zen lehen esperientzia, langileen %75 desgaitasuna duten pertsonek osatu zuten, horrela inklusioan ekarpen bat egiteko asmoz.

Egun, desgaitasuna duten langileez gain «kanporatze arriskuan dauden kolektiboetako» langileak ere badaude hotel hauetan lanean: «Indarkeria matxista pairatu dutenak, menpekotasuna dutenak, Ukrainak zein Gazatik etorritakoei ere leku bat egin diegu, adinekoak…».

Adierazi du desgaitasuna duten kideen inklusioa bermatzeaz gain, gizarte osoari egiten diola ekarpena beraien proiektuak. Izan ere, hotelean aurretik zeuden langileen «sentsibilizazio» bat lortu dutela esan du, eta baita bezeroek ere.

«Zerbitzua eskaintzeaz harago, gizartean dauden kezkak ere erantzun behar dira», egin du aldarri, eta pixkanaka zabaltzen joan den proiektua dela kontatu du, «mundu berri bat eraiki nahi dugu, denok kabituko garena».

Ekintzarako deia

Ostegun goizean egin dute harrera ekitaldia ASETTen, eta erronka sozialei aurre egiteko orduan eredu ekonomiko eta enpresa eredu tradizionalek «mugak» erakusten dituztela hausnartu dute: «Ekonomia soziala alternatiba bideragarri eta iraunkor gisa posizionatu da».

«Justizia klimatiko eta sozialerako bidea ardatz duen ekintzarako» deia egin dute antolatzaileek. Ostegun honetan zein ostiralean hamaika gizarte erronka aztertuko dituzte: inklusioa, etxebizitza, kultura, finantzak, generoa, zaintza, akademia, osasuna, teknologia, nekazaritza… Nazioarteko erreferenteekin osatuko dituzte solasaldiak, proiektuak ezagutzera eman eta «jakintza partekatzeko» asmoz.