NAIZ

Gradu bat eta lau master berri eskainiko ditu Mondragon Unibertsitateak datorren ikasturtean

Mondragon Unibertsitateak bost titulu ofizial berri eskainiko ditu datorren ikasturtean, horien artean gradu bat eta lau master.

Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako campusa.
Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako campusa. (MONDRAGON UNIBERTSITATEA)

Mondragon Unibertsitateak bere eskaintza akademikoa zabalduko du 2025-2026ko ikasturtean eta bost titulu ofizial berri (gradu bat eta lau master) eskainiko ditu, bai eta zigilu dual berriak eta Ikus-entzunezko Komunikazioko graduko ibilbide propio bat ere, goi mailako heziketa ziklo bateko adar jakin batetik datozen ikasleentzat.

Zehazkiago, erakundeak jakinarazi duenez, Kultura eta Sormen Industrietako Gradua, Euskal Kulturaren Eragiletzako Masterra, Elikagaien Hartzidurako Unibertsitate Masterra, Sentsoreen Analisiko eta Kontsumitzaileen Zientziako Unibertsitate Masterra eta Mondragon Unibertsitatea buru duen EU4DUAL Europako Unibertsitate Dualaren Fabrikazio Digital eta Jasangarriaren Ingeniaritzako Europako Unibertsitate Masterra dira titulu ofizial berriak.

Era berean, datorren ikasturterako berrikuntza akademiko nagusien artean, Ikus-entzunezko Komunikazioko Gradua hiru urtean egiteko aukera izango dute Irudiaren eta Soinuaren arloko goi mailako heziketa zikloko ikasleek, graduondoko lau titulu berritan sartuko da zigilu duala eta Negozio Adimenerako Datuen Analisia / Business Analytics Masterra sarean egiteko aukera izango da.

Hain zuzen ere, datorren ikasturtetik aurrera, Pertsonen Talentuaren Kudeaketa Estrategikoko Masterrak, Erakundeen Nazioartekotzeko Masterrak, Energia Sistema Adimendunetako Masterrak eta Operazio Logistiko eta Produktiboen Zuzendaritzako Masterrak eskainiko dute modalitate duala.

2028rako, ikasleen erdiak dualak

Gaur egun, Mondragon Unibertsitateko titulazioen %60 dualak dira –11 gradu eta 13 master–, eta ikasleen %30ek eredu horretan ikasten du. Datozen bost urteetan eredu hori sendotzen jarraituko du unibertsitateak, eta aurreikusi du ikasleen erdiak dualak izatea 2028rako.

Kalitatezko prestakuntza duala bermatzeko, 900 enpresa eta erakunde laguntzailek baino gehiagok osatutako sare zabala du Mondragon Unibertsitateak. Esperientzia duala bizitzen duten ikasleen %26 esperientzia hori izan duen enpresa berean geratzen da lanean.

«Eredu horretan izandako bilakaerari esker, Mondragon Unibertsitatea erreferentziazko unibertsitate bihurtu da prestakuntza dualean, EU4DUAL Europako Unibertsitate Dualaren proiektuaren buru izateraino. Prestakuntza dualaren bidez Europako goi mailako hezkuntzaren kalitatea hobetzea da Europako aliantzaren helburua», azaldu du ohar batean.

Gizartearen aldaketei erantzun

Datorren ikasturtean abian jarriko duen eskaintza berriarekin, Mondragon Unibertsitateak gizartearen aldaketei erantzun nahi die, bai eta horiekin bat datozen lanpostuak prestakuntza berrien bidez betetzeko beharrari ere.

Eskaintza berria, beraz, unibertsitateak ikasturte akademiko honetan eskaini dituenei gehituko zaie, hau da, graduko 18 titulu –horietako 11 dualak–, 22 unibertsitate master –13 dualak– eta doktoregoko lau programa, baita hainbat graduondoko, titulu propio eta aditu ikastaro ere.

Gaur egun, Mondragon Unibertsitatean 7.000 ikasle baino gehiago ari dira ikasketa ofizialak egiten (graduak, masterrak eta doktoregoak), eta horietatik 2.400 berriak dira. Gainera, urtero 8.000 profesionalek baino gehiagok egiten dute ikastaro, master edo titulu propioren bat, etengabeko prestakuntzaren esparruan. Azken lau urteotan 34.000 profesional trebatu dira Mondragon Unibertsitatean.