
EAEko Auzitegi Nagusiak Valogreene Paper S.L. enpresari Lakuako Gobernuak emandako ingurumen baimen integratua baliogabetu izana «oso positibotzat» jo du Bergarako Udalak. Gorka Artola alkateak ostegun honetan prentsaurrekoan azaldu duenez, epaiak berretsi egin du «Bergarako Udalak hasieratik defendatutako jarrera: Valogreene enpresaren proiektuak ez zuela bat egiten» udal planeamenduarekin, eta «industria jardueratzat mozorrotu nahi izan zen egitasmoa, benetan, hondakinak errausteko jarduera bat zela».
Alkateak gogorarazi duenez, «Udalak hasieratik salatu zuen proiektuan ezarritako aldaketak ez zirela behar bezala aztertu», eta «Eusko Jaurlaritzak onartutako baimenean hainbat salbuespen onartu zirela justifikaziorik gabe, arrisku potentziala sortuz herritarren osasunarentzat eta ingurumenarentzat».
Artolak nabarmendu du, gainera, Auzitegi Nagusiak berretsi duela Valogreene proiektua «hirigintza planeamenduarekin bateragarria ez zela» eta administrazioaren «oinarrizko prozedurak urratu» zirela.
Bergarako Udalak azpimarratu du prozesu guztian zehar «gardentasunez eta zuhurtasunez» jokatu duela, herritarren interes orokorra lehenetsiz. Alkateak adierazi duenez, «ez da erraza izan. Batzuek uste zuten Bergarako Udala ez zela gai izango Eusko Jaurlaritzaren eta enpresa handi baten aurrean tinko eusteko. Baina erakutsi dugu gauzak ondo eginez, gauzak bere onera ekartzeko aukera egon daitekeela».
«Zintzotasunez, legearen barruan eta interes orokorraren defentsan egin dugu lan», esan du Gorka Artola aldakteak. Era berean, gaitzetsi egin du zenbait sektorek prozesuan zehar Udalaren jarrera zalantzan jarri izana.
«Administrazio honetan beti defendatu dugu Udaleko teknikariekin batera egindako lana. Beren profesionaltasuna funtsezkoa izan da, eta aditu aholkulariekin batera egindako lanak bide eman du Bergararentzat kaltegarriak izan zitezkeen erabakiak baliogabetzeko. Guk beti argi izan dugu: hasieratik gure herriaren interes orokorra lehenetsi dugu interes partikularren gainetik, eta erakutsi dugu Udal honetan gauzak ondo eta zintzotasunez egiten ditugula eta hori edozeinen aurrean defendatuko dugu».
Larramendi industrialdearentzat aukera berriak
Horren harira, Bergarako Udalak salatu du proiektu honek Larramendiko industriagunean «kalte konponezina» eragin duela azken urteotan. Herri modura «denbora eta aukera baliotsuak galdu» direla nabarmendu du Artolak. Administrazioen artean beste era batera kudeatu zitekeen prozesu bat epaitegietara iritsi behar izan dela adierazi du.
Hala ere, orain aukera berriak zabaltzen direla nabarmendu du. «Epaia ez dadila soilik iraganari buruzko ondorioa izan: etorkizunerako aukera berri bat zabaltzen da. Larramendiko guneari beste ikuspegi batekin begiratu ahal diogu orain, bestelako proiektu batzuek garatzeko aukerarekin. Gaurtik aurrera, Larramendi Bergarako ehun industrialaren eta garapen sozioekonomikoaren mesedetan jartzen hasteko unea da», azaldu du.
Nolanahi, Valgreeneren proiektuaren inguruko epai hau espainiar Auzitegi Gorenean kasazio helegite bidez errekurritu daiteke, eta Lakuako Gobernuak helegitea aurkezteko 30 eguneko epea du. Hala egingo ez balu, sententzia irmo bihurtuko litzateke.
Azkenik, Bergarako Udalak berretsi du «herritarren osasuna, ingurumenaren babesa eta interes orokorra» izango direla beti bere jardunaren ardatz nagusiak.
«Ez da erraza izan, baina frogatu dugu herri baten duintasuna eta etorkizuna defendatzeko, administrazio txiki batek ere asko egin dezakeela. Eta horixe izan da gure konpromisoa hasieratik», azaldu du alkateak.
Ekologistak Martxan
Ekologistak Martxan taldeak ere helegitea ezarri zuen bere garaian EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean eta gustura «ospatu» du epaimahaiaren sententzia. «2022ko irailaren 15ean Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak ingurumen inpaktuaren adierazpena eta ingurumen baimen integratua ematearen aurkako gora jotzeko errekurtsoak ezetsi izanaren» aurkakoa izan dela sententzia azpimarratu du kolektiboak.
«Lehenik, epaiak onartzen du proiektua bateraezina zela Larramendi industrialdeko eta Bergarako Plan Orokorreko hirigintza araudiarekin, udal arkitektoak bi txostenetan eta zenbait udal dekretutan ezarri zuen bezala. Eusko Jaurlaritzak ez zituen kontuan hartu, eta 2021eko uztaileko hirigintza bateragarritasunari buruzko txosten bat defendatzen tematu zen».
Ekologistek aurkeztutako helegitea babesteko beste arrazoi bat da Lakuaren txostenean «ez zegoela proiektatutako instalazioa kokatzeko alternatiben azterlan egokirik, Bergara eta Larramendi industrialdea izan baitzen aztertutako kokapen bakarra. Ingurumen Inpaktuaren Azterketak instalazioa kokatzeko alternatiben azterketa egoki bat izan behar duela bermatzen du» epaian.
Eta hirugarren arrazoia, «hondakinak errausteko instalazioari ondoriozko araudia aplikatzeari dagokionez, sustatzaileak eta Eusko Jaurlaritza kaltzio karbonatoa ekoizteko instalazio hutsa zela sinetsarazten saiatu zirenez, eta ez zuenez zerikusirik hondakinak erraustearekin».
Hau guztiagartik helegite horiek onartu egin dira eta, beraz, Lakuak bere garaian emandako baimera «erabat deuseza» dela frogatu delako, pozik azaldu da sententziarekin.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

