
Sobera ezaguna da gurean Maurizia Aldeiturriaga, bere burua «aupa Maurizia!» oihuaz hauspotuz Euskal Herriko erromeriak girotu zituen panderojolea. Bada, Xabiroi bildumaren hogeigarren urteurrenari begira, haren irudia oinarri duen komikia eman du argitara Ikastolen Elkarteak, kasu honetan Euskal Herriko Trikitixa Elkartea (EHTE) bidelagun duela.
‘Maurizia. Biziminaren hotsa’ izeneko komiki honen aurkezpenean, hogei urteotan Xabiroik 76 komiki eman dituela ekarri du gogora Ikastolen Elkarteko ordezkari Arantza Munduatek, eta ikastoletan egiten diren banaketen bidez gaztetxoen artean irakurzaletasuna eta euskararako hurbilketa sustatzeaz batera kanpora begira ere banatzen dela nabarmendu du, proiektuaren egonkortasuna ospatuz.
EHTEaren izenean Itxaso Elizagoien lehendakariak hartu du hitza. Ordezkatzen duen elkartearen helburua euskal kultura «jasotzea eta zaintzea» dela ziurtatu eta zeregin horretan «urteak» daramatzatela esan du. «Eta Mauriziaren liburu hau ere hor kokatzen dugu. Badakigu, gainera, komikiarekin bestela ailegatuko ez ginatekeen lekura iritsiko garela», hausnartu du.
Mauriziaren panderoa mahaigainean
Komikiaren gaineko azalpenei Mauriziaren panderoa mahaiaren erdia dela ekin diote Garbiñe Ubidea idazle eta gidoiaren egileak eta Garluk ilustratzaileak. Aurrez-aurre zituzten eserlekuetan, kazetariez gainera, Mauriziaren familiako kideak ere izan dira, eta hori pozgarritzat hartu dute, egileek kezka baitzuten senideek nola hartuko zuten komikia.
Ubedak hartu du hitza, Maurizia irudikatzeko moldearen atzean dagoen azalpena emateko: «Mauriziak badu pribilegio handia: gure memorian bizirik dago eta gizon askoren lekua hartu du, trikitixa aipatu eta Maurizia datorkigulako gogora», goratu du, baina, txanponaren beste aldean, Maurizia «ikono» bilakatu eta beste hainbat emakumeren lekua ere bete duela iritzi du. «Komiki honetara ez dugu Maurizia ikonoa ekarri, pertsona ekarri dugu. Humanizatu egin dugu, bere bizitzako une zaurgarri bat ekarri dugu: bere senarra, Karakol, gaixotu eta denbora asko eman zuen ospitalean, lurrean koltxoia botata. Momentu zail, agian depresio, hori gainditu zuen», kontatu du, eta nabarmendu du komikiak islatzen duela «zure bizitzako bidaidea galtzen duzunean zer pasatzen zaizun barnean eta nola ematen diozun horri buelta».
Izan ere, Garlukek azaldu duen bezala, Karakol eta Maurizia eskuz-esku ibili ziren hainbat erromeri eta ospakizunetan, bata soinu txikiaz eta bestea panderoaz. Horregatik, flash-backak ere badaude komikian, «musikarekin lotura dutenak. Gizonezko mundu batean emakumezko bat gailendu zen, eta horretan Benantziok [Karakol, goitizenez] izan zuen zerikusia. Tandem bat ziren», zehaztu du.
Komikian ez dagoela «abentura handirik» esan dute, baita Mauriziaren «esentziari fidel» izan nahi izan dutela ere, eta, haren ondorengoek aipatu dutenagatik, lortu dutela dirudi: «Ikaragarri gustatu zait eta irailean eskolara eramango dut, nire ikasleekin ere disfrutatzeko. Zeharkako hainbat gai agertzen dira, punta-puntakoak. Altxor baten aurrean gaude», esan du Maitek, eta Mauziriaren grabazioetan oinarritu izana eskertu du beste batek, komikian «Porrusalda, buelta bikoa!» irakurri izanak zirrara eragin diola ziurtatuz.
Aurkezpena Maurizia hobekien gogora daitekeen erara amaitu dute, trikiti eta pandero doinuekin, EHTEko kideek giroturik lehenik eta, senideetako batek xaxatuta, panderojolearen biloben eskutik gero, Mauriziaren panderoak oraindik ere emateko asko duela irudikatuz.

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani

Un incendio provoca unos 40 muertos y 100 heridos en una celebración de Nochevieja en los Alpes

