
Pietro Vidi gaztearen ibilbidea oso bitxia izaten ari da. Berez, 22 urteko eskalatzailea boulderreko muturreko zailtasunean (8c+ egitera heldu da) bikain estutzen ikusi dugu. Hots, espezialista zaildua da. Baina ezustean ala ez, une jakin batzuetan eskaladako modalitate hori alde batera utzi eta estilo ezberdinetan jarduera azpimarragarriak egin ditu. Gogoan dugu, adibidez, joan den abenduan trad estiloko ‘Tribe’-ren hirugarren igoera egin zuela. Nahiz eta bide horrek hiru igoera izan dituen, oraindik ez du proposamenik jaso. Baina antza denez 9a sendoa da.
«‘Tribe’ eskalatu ondoren, Vidiren berri ez da izan. Isiltasun hori joan den astean bukatu zen Kapitainen eginiko eskalada bikain batekin. Bloke oso gogorrak, trad estiloko muturreko maila duen bide bat eta orain hormatzar bat. Ia-ia boulderretik horma luzeetara egin du salto. Bitxia alde guztietatik begiratuta. Hori gutxi ez, eta Kapitainera egin duen bere lehen bisitan ‘Lurking Fear’-en (8a+, 600 m) bigarren igoera askea sinatu du. Lehena, berriz, duela 25 urte Tommy Caldwell eta Beth Rodden estatubatuarrek egin zuten.
Italiarrak esan du Yosemitera joan aurretik beste helburu bat zuela: «Onartu behar dut ‘Salathe Wall’ (8a+) zela nire lehentasuna, baina dagoen isurian eguzkiak gogor jotzen du. ‘Lurking Fear’, berriz, aukera perfektua zen; izan ere, eguerdira arte, itzalean dago. Hortaz, luze gogorrenak eguzkitik ezkutatuta probatzeko aukera nuen. Ekinaldiak egiten hasi aurretik, ez nekien librean errepikapenik zuenik eta hainbat helduleku puskatu zirenik. Ibilbidearen giltza den bigarren luzea soka finko batekin probatzen hasi nintzen».
Oso sasoiko
Luze horri dagokionez, aurreratu behar dugu 30 metroko plaka leun eta oso teknikoa dela. Hortaz gain, bi dinamiko oso gogor egin behar dira: bat luzearen hasieran eta bestea amaieran. Ezaugarri horiek ikusita, Vidik lan eskerga egin behar izan zuen giltza hori gainditzeko. Gazteak esan du hiruzpalau eguneko lana izan zela, eta 8a+ maila baino 8b iruditu zaiola.
Bigarren luze zail hori biribildu ondoren, Vidik bazuen beste buruhauste bat: zazpigarren luzea. Halere, onartu du bigarrenak baino gutxiago eskatu ziola: «Zeharkaldi nahasi baten amaieran bi metroko bloke bertikal bat gainditu behar da. Zoritxarrez, saialdi on batean helduleku bat puskatu nuen. Berriro bilerara jaitsi eta beste ekinaldi batean erorikorik gabe egitea lortu nuen».
Nahiz eta aipatu ditugun bi luze horiek zailtasunean gogorrenak diren, eskalatzaile gazte honek onartu du hirugarrenean (7a+) ondo estutu behar izan zuela: «Metodo egoki bat bilatu osten, luze horrekin ere egin nintzen. Besteetan ez nuen arazorik izan. Hauek guztiak bistan edo bigarren ekinaldian sinatu nituen. Aipatu behar dut ere, hamabigarren luzea (7a+), zeharkaldi bat dena, ez nuela oso eroso egin».

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani

Un incendio provoca unos 40 muertos y 100 heridos en una celebración de Nochevieja en los Alpes
