NAIZ

Txosnak Euskal Herriko ondare immaterialeko kultur ondasun izendatzea eskatuko dute

Txosnen atzean jende pila bat lanean egon arren, geroz eta arazo gehiagori aurre egin behar diote. Horien aurrean babesa lortu nahian, txosnak Euskal Herriko ondare immaterialeko kultur ondasun izatea eskatuko dute, eta hori egin ahal izateko sinadura bilketa abiatu dute.

Miribillan egin dute txosnek aldeko sinadura bilketaren aurkezpena.
Miribillan egin dute txosnek aldeko sinadura bilketaren aurkezpena. (Jon URBE | FOKU)

«Imajinatzen al duzu jaiak txosnarik gabe?», da Euskal Herriko txosna eta jai batzordeek gizarteari egiten dioten galdera. Gaur goizean Bilboko Miribilla auzoan elkartu dira 900 eragileren ordezkariak, ‘Txosnak. Gureak, denonak’ ekimenaren berri emateko.

Txosnak Euskal Herriko jaietako nortasuna osatzen dutela uste dute, eta horregatik haien alde egiteko babesa behar dute. Arazoei aurre egin nahian, ondare immaterialeko kultur ondasun izendapena eskatuko dute, eta horretarako sinadura bilketa abiatu dute. Sinatzeko aukera egongo da www.txosnak.eus webgunean zein udan zehar ospatuko diren jaietan, txosnagunetan bertan.

«Txosnak ez dira edariak zerbitzatzeko barra hutsak. Askoz gehiago dira: jai herrikoien bihotza, elkartzeko eta elkar zaintzeko guneak, herriak bere burua ospatzen duen lekua. Gure izateko moduaren parte dira», adierazi dute eragileek.

Sinadura bilketarekin argi utzi nahi dute zenbat jendek babesten dituen txosnak, denok egon garelako batean noizbait, denok ditugu kontatzek istorioak, eta erromantizismo hori baliatu nahi dute. Izan ere, txosna bakoitzaren atzean, jende askoren borondatezko lana dago.

«Gure oroimen kolektiboaren parte dira. Gure nortasun partekatuaren adierazle. Tresna politikoak, sozialak eta kulturalak dira. Gure ahotsa dira. Eta, hori guztia babestu nahi dugu», azaldu dute.

Administrazioaren laguntza

«Egungo egoera txosnetan ez da erraza eta ikusten ari gara zailtasun handiak ditugula aurrera egiteko egiten dugun lanarekin eta sostengatzen dugun jai ereduarekin», adierazi du ‘Txosnak. Gureak, denonak’ ekimenaren kide den Iker Martinek NAIZ Irratian.

Bere garaian bertsolariek egin zuten bezala –iaz lortu zuten ondare immaterialeko kultur ondasunaren izendapena–, txosnak babestuak izan daitezen, arazoa publiko egin nahi dute, administrazioei trabak kentzen laguntzen eskatzeko. «Administrazioarekin elkarlanean gaude baina arazoak ere sortzen dira, ez garelako profesionalak», argitu du.

Sinadurak bildu ostean, Lakuari aurkeztuko dizkiote ondare immaterialeko kultur ondasun izendapena eskatzeko, baina lortuz gero, badakite ez direla arazo guztiak egun batetik bestera amaituko. Esperdo dutena da, izendapenarekin batera, administrazioen babesa ere iristea, eta hainbat arazoen aurrean gauzak erraztea.

Adibidez, ticket elektronikoa dela eta, espero dute Ogasunak ulertzea txosnak ez direla enpresa bat, «ez dugu irabazteko asmorik. Hori plazaratzea eta publiko egitean, agian kontutan hartuko dute. Gu prest gaude hitz egiteko eta lanean jarraitzeko», dio Martinek.

Horrez gain, azken urteetan eskatzen zaien burokratizazioak lana zaildu die, eta txosnen izaeran dauden ekintzak alde batera utzi behar izaten dituzte beste arlo horiei erreparatzeko. Esaterako, Martinek esandakoaren arabera, ziurtasun neurriak lehen administrazioak hartzen zituen bere gain, eta orain txosnak beraiek arduratu behar dira hortaz. «Ez dugu esaten egin behar ez dugunik, baina errepikatzen dugu, ez garela profesionalak eta ez garela enpresa bat, orduan horrelako gauzak egiteko bilatu behar da erdibideko soluzio bat, laguntza eskainiz», aldarrikatu du bozeramaileak.