Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Nicolas Hojac eta Philipp Brugger trilogia handi baten jabe egin dira

Suitzarrak eta austriarrak 15 ordu eta 30 minutu behar izan zituzten Eiger, Monch eta Jungfrauko iparraldeko hormak lotzeko. Aurreko marka, Ueli Steck eta Stephan Siegristena, ia hamar orduan txikitu dute.

Eigerreko gailurretik gertu; proiektuaren lehen mendia izan zen.
Eigerreko gailurretik gertu; proiektuaren lehen mendia izan zen. (John THORNTON | RED BULL CONTENT POOL)

Iragan apirilean Nicolas Hojac suitzarrak eta Philipp Brugger austriarrak trilogia ero bat sinatu zuten. Ez zen eroa izan jarduera horrek dituen ezaugarriengatik, baizik eta hura biribiltzeko denbora ikaragarria egin zutelako. Eiger (3.970 m), Monch (4.107 m) eta Jungfrau (4.158 m) mendiek dituzten iparraldeko hormak lotzeko 15 ordu eta 30 minutu behar izan zituzten. Askok dioten bezala, hori bai eroa!

Biak ala biak erresistentzian zein gaitasun teknikoetan oso zailduak dira, eta indarrean jarri zuten talde lanak egundoko emaitza eman zien. Hojacek 32 urte ditu; Bruggerrek, berriz, 33. Suitzarra, adibidez, alpinismo teknikoan lehen lerroan dago. Alpeetan, Txinan, Patagonian… makina bat eskalada bikain egin ditu. Azken urteotan, berriz, abiadurako eskaladan buru belarri dabil. Adibide bat: 20015etik, Ueli Steck zenarekin batera, sokada estiloan Eigerreko iparraldeko murruaren denbora onena du.

Izaera horretako aktibitateetan Brugger ez da atzean geratzen. Trail mundua oso ondo ezagutzen du austriarrak, eta, bere kideak bezala, errekor batzuk ditu. Besteak beste, Pakistango hainbat menditan eta Piz Berninan.

Aipatu dugu bi alpinistok eginiko kronoa oso eroa dela; horretan, bederen, ez dago zalantzarik. Eta hori diogu 2004an bi alpinista historikok, Steck eta Stpehan Siegrist suitzarrek, erdietsitako marka birrindu dutelako. Hain zuzen ere, ia hamar orduan hobetu dute.
Hojacek eta Bruggerrek sinatutako kronoak alpinisten komunitatea ahoa bete hotz utzi du. Ezustekoa ere, protagonistentzat. Suitzarrak berak bat egiten du iritzi horrekin: «Erabat surrealista izan da. Gure asmoa zeharkaldi hori 19 eta 21 ordu artean egitea zen. Egundoko ustekabea izan da; oso atsegina, baina ustekabean harrapatu zigun. Horrek erakusten du pentsatzen duguna baino askoz ere gaitasun handiagoa dugula».

Hojac: «Erabat surrealista izan da. Gure asmoa zeharkaldi hori 19 eta 21 ordu artean egitea zen. Egundoko ustekabea izan da»

Protagonistok lotura handi hori apirilaren 5ean hasi zuten. Goizeko ordu batean Eigerreko iparraldeko paretan sartu ziren. Horma ikoniko hori gauez eskalatu zuten, ‘Heckmair’ bide klasikotik. 5 ordu eta 43 minutu geroago gailurrean ziren. Nahiz eta kanpoko laguntzarik ez zuten, Eigerreko tontorrean Adrian Zurbrugg kidea zain zuten. Suitzar hori ere gauez igo zen, eta ura zein janaria eman zien.

Bost minutuko atsedena hartu eta gero, Monchera abiatu ziren. ‘Lauper’ ibilbidea aukeratu zuten. Eskalatzen ari zirela, Shoulderstand izeneko igarobidearekin topo egin zuten. Garai batean tarte hori gainditzeko eskalatzaile bat sokakidearen bizkarrean igotzen zen, metro horiek gainditzeko. Lerrootako protagonistak ohartu ziren ez zutela tresneria egokia: «Soka zati bat falta zitzaigun, baina sormenezko teknikarekin sekzio hori menderatu genuen. Hortik aurrera, arazorik gabe, Moncheko murru hori igo eta gailurrera heldu ginen».

Hojac eta Brugger Jungfrauko tontorrean; trilogiaren amaieran. (John THORNTON / RED BULL CONTENT POOL)

Denbora galdu gabe, alpinistak Jungfraujochera jaitsi ziren. Inguru hartan dagoen ikerketa estazioko bi langilek, Daniela Bissig eta Erich Furrerrek, opari polita eskaini zieten; hots, patata frijituak. 25 minutuko atsedenaren ondoren, Jungfraura abiatu ziren. Arratsaldeko 16.30ean laumilakoaren puntu garaienean zeuden.

Suitzako Alpeek dituzten hiru mendi enblematiko zituzten; diogun bezala, iparraldeko hormetatik igo zituzten denbora ikaragarri batean: 15 ordu eta 30 minutu.

Brugger: «Duela urtebete, Nicolasek eta biok proiektu hau egin nahi genuen, baina hesteetan zulaketa izan nuen, eta geure asmoa bertan behera utzi genuen»

Brugger, adibidez, oso hunkituta zegoen trilogia horretan lortutako arrakastarekin: «Niretzat une hunkigarria izan zen. Duela urtebete, Nicolasek eta biok proiektu hau egin nahi genuen, baina hesteetan zulaketa izan nuen eta geure asmoa bertan behera utzi genuen. Urtebete beranduago Nicorekin zeharkaldi hau egin izana barneratzea zaila egiten zait. Nicoren lana izugarria izan da. Nik baino askoz ere hobeto eskalatzen duenez, tarte zailenetan sokaburu joan zen. Talde bezala bikain moldatu gara, eta egundoko lana egin dugu».

Eraginkorrak

Nahiz eta Steck eta Siegristen denbora erabat hobetu duten, esan behar dugu azken hauek aitzindariak izan zirela eta beste garai batean (duela 21 urte) egin zutela lotura handi hori. Hojacek, adibidez, ondo ezagutzen zuen Steck.

Elkarrekin makina bat eskalada egin zituzten, 2017an Steck zendu zen arte: «Trilogia horretan lehenbizikoak izan zirenez, argi dago guk baino askoz ere zailago izan zutela. Haiek asmatutako xedea izan zen, eta guk horri azpimarra jartzen diogu. Uelik esan zidan hiru horma horiek egun batean lotzea egingarria zela, eta asmatu zuen. Errekorrak gainditzeak ez nau motibatzen; ez naiz “ehiztaria”. Erronkak gustuko ditut; hots, buru-hausgarriak osatu. Xede horiekin asko ikasten ari naiz, eta, horri esker, nire teknika hobetzen dut. Gaur egun ia gauza guztiekin lotuta dago errekor hitza, eta nik ez dut hori atsegin. Alpinismoaren lorpenak marka zehatz batean kokatzea ez da baliagarria. Guk denbora hori hobetu dugu, baina ez gara Ueli eta Stephan baino hobeak. Beste batzuk saiatu dira gure kideen marka hobetzen; den-denak atzean geratu ziren. Horrek adierazten du proiektu hau oso zorrotza dela eta garai haietarako Ueli eta Stephan goi mailako alpinistak zirela. Bide batez esan behar dut Ueli laguna nuela eta nire jagolea zela. Baina bere ereduarekin ez nuen bat egiten; izan ere, indarrean jartzen zuen alpinismoa oso arriskutsua zen. Ez naiz inoiz asmo horien atzetik ibili. Nahiago dut sokakide bat alboan edukitzea».

Monchetik jaisten, zeharkaldia 15 ordu eta 30 minutuan egin zuten. (John THORNTON / RED BULL CONTENT POOL)

Alpinistek onartu dute proiektua hasi aurretik azken hilabeteetan asko entrenatu zutela. Oso gogor. Brugger trail munduko espezialista denez, arlo horretan zentratu zen. Hojacek, berriz, negu osoan mendiko eskia egiteaz gain, izotz eskaladan eta mistoan makina bat saio egin zituen.

Eta irakurtzen den bezala, prestaketa horrek arrakastara eraman zituen. Hala ere, gehitu nahi izan dute zorteak ere berezko lekua izan zuela: «Duela pare bat urte, ekinaldiren bat egitea otu zitzaigun, baina hormen baldintzak eta klima ez ziren batere egokiak. Oro har, zorte handia izan dugu; den-dena lerrokatuta zegoen eta, gainera, ez genuen hutsik egin».