NAIZ
Urduña

Urduñan errotuta dagoen eskolaren festa handia ospatu dute

Urtebetez ilusioz dena prestatzen egon ostean, iritsi da Euskal Eskola Publikoaren Jaia, Urduñan ospatzen ari direna. Ondo pasatzeko eguna da, orain arte lortutakoa ospatzeko, baina oraindik ekiteke gelditzen dena aldarrikatzeko ere baliatu dute eragile batzuek.

uskal Eskola Publilkoaren Jaiaren hasiera.
uskal Eskola Publilkoaren Jaiaren hasiera. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Urduñan ospatzen ari da Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 32. edizioa. Aurten eraberritu duten patioan hasi dute festa, non eskolako ordezkariek hitza hartu duten. «Duela 30 urte Urduña Herri Eskola borrokatu zutenek argi zuten euskara eta euskal kultura sustatzeko beharra, belaunaldi berriak euskalduntzeko eta gure hizkuntza berreskuratzeko», aipatu dute.

Izan ere, oso harro daude herrian eskola herritarren indarrari esker lortu zutelako, eta haiei eskerrak emateaz ez dira nekatzen, egun errotuta dagoen eskola delako. «Errotu» da, hain zuzen ere, hautatutako leloa, ezaugarri horri ondo eutsi nahi diotelako.

Egitarau aparta prestatu dute egunean zehar den denek gozateko. Tartean, Porrotx eta Marimotots pailazoak izan dira txikientzako ikuskizuna eskaintzen. bestalde, Batukada aldarrikatzailea atera da herriko kaleetatik, Eskola Publikoaz Harro plataformaren eskutik. «Plataforman lan egiten jarraitzen dugu Eusko Jaurlaritzak Eskola Publikoari lehentasun osoa eman diezaion. Izan ere, EHIGEk Urduñan antolaturiko Euskal Eskola Publikoaren Jaian kalejira aldarrikatzailean horixe eskatu dugu», zabaldu dute.

Bazkalorduan, eskolak duela urte batzuk martxan jarri zuen ildoari heldu diote: bertako produktu ekologikoak eskaintzea. Hala, gaur Urduñako festaren baitan jaten dena, kalitatezkoa izango da.

Politikarien ikuspuntua

Honelako festetan ohikoa denez, politikariek euren aldarriak egiteko aprobetxatzen dute. Hala, Podemosek ohar baten bidez, Eskola publilkoa «euskal hezkuntza-sistemmaren ardatz egituratzaile» gisa indartzearen aldeko apustua egin du.

Era berean, «kontzertazioaren bidez kudeaketa eta interes pribatuetara» funtsak desbideratzen jarraitzea gaitzetsu du. «Ezin dugu jarraitu beste alderdi batzuek sustatutako eredu bidegabe, insolidario, segregatzaile eta pribatizatu honekin», adierazi du. Baita ere, denak jaira gerturatzeko deia luzatu du.


Begoña Pedrosak, Lakuako hezkuntza sailburuak, bere aldetik, adierazi du bere sailak eskola publikoa indartzeko nahia duela ikuspuntu pedagokigo «anbiziotsu» batekin eta baliabide, azpiegitura eta hezkuntza antolakuntzan inbertsioak eginez.

«Kalitatezko hezkuntza bat garatzea da gizarte batean egin daiteken apusturik onena», azpimarratu du Urduñan. Hala, aipatu du hezkuntza eredu «eraldatzaile, parekide eta errotu» baten aldeko pausoak ematen jarraituko duela. Zentzu horretan, ikasleen garapen pertsonal eta akademikoan zentratzen diren hezkuntza proiektuak garatzeko beharra azpimarratu du, baita ikasle atzerritarrak arrakastaz hartuko dituen eskola inklusibo bat bermatzeko beharra ere.

Bestalde, irakasleen gaitasunak indartzea eta euskara sustatzea garrantzitsuak direla esan du. «Euskara ez da irakaskuntza hizkuntza bat soilik. Bizitzeko modu bat da, komunitatea eraikitzeko modu bat, hemen jaio zirenen eta ondoren iritsi direnen arteko zubiak eraikitzeko modu bat», adierazi du, euskara eskola publiko «integratzaile» baten erdian kokatuz.