
Jordy Smith hegoafrikarrak eta Gabriela Bryan hawaiiarrak irabazi zuten maiatzaren 27an Margaret Riveren (Australia) amaitu zen CT itzuliko zazpigarren txapelketa. Denboraldi erdiko mozketaren ostean, fase berri batean sartzen da lehen mailako itzulia, eta aurrerantzean rankingeko lehen bost postuetako batean egotea izango da lehiakideen helburua.
Bestalde, lehen mailatik kanporatuak izan ziren surflariek CT itzulira itzultzeko aukera bat dute, baldin eta Newcastlen (Australia) hasi berria den Challenger Series itzulian emaitza on bat lortzen badute. Horien artean da, esate baterako, Nadia Erostarbe, aurtengo denboraldian CT itzuliko zenbait txapelketatan lehiatu den zarauztarra.
Gazteenei dagokienez, aurten Europako Junior itzulia bost txapelketak osatuko dute, eta lehenengoa Donostian egingo da, ekainaren 6tik 8ra bitartean. Albiste bikaina da, izan ere, Sopelan egiten zen Europako Junior txapelketa bertan behera geratu zenetik ez da 20 urtetik beherako surflarientzat halako txapelketa garrantzitsurik egin. Donostian egin zen azken Junior txapelketa duela 14 urte izan zen.
Smith eta Bryan
Denboraldi erdiko mozketa gauzatu da CT itzulian, eta mozketa gainditu duten surflariek hurrengo urtean lehen mailan egotea ziurtatu dute. Aitzitik, kanporatuak izan diren hamar mutilek eta sei neskek CS mailan lehiatu beharko dute, berriz ere lehen mailara igo ahal izateko.
Aurrerantzean lehen bost lehiakideen artean egotea izango da CT mailako lehiakideen helburua. Jada zazpi txapelketa egin dira, hurrengoa ekainaren 9an hasiko da Trestlesen (Kalifornia) eta horrela jarraituko dute Teahupoon (Tahiti) egingo den hamaikagarren txapelketa arte. Une horretan rankingean lehen bost postuetan direnak Fijin egingo den Final Handirako sailkatuko dira, eta hor erabakiko da 2025eko WSL txapeldunak nortzuk diren.
Margaret Rivereko txapelketaren ostean ez zen eman aldaketarik nesken rankingeko lehen bost postuetan, hortaz lehen postuak egonkortu dira, baina hortik behera aldaketa nabarmenak izan ziren. Adibidez, Lakey Petersonek ozta-ozta lortu zuen denboraldi erdiko mozketa gainditzea, baina Sally Fitzgibbons edo Brissa Hennessy bezalako surflari indartsuak kaleratuak izan ziren.
Mutilen kategorian aldaketa esanguratsuak izan dira. Jordy Smith beterano hegoafrikarrak bi postu gora egin eta rankingeko buru kokatu da, Margaret Riveren garaipena eskuratu ostean. Zalantzarik gabe, aurtengo faboritoa da, 37 urterekin lehen mailako lehiakide zaharrena da eta, sarritan denboraldia lehen postuetan amaitu arren eta txapelketa garrantzitsuak irabazi arren, inoiz ez du munduko WSL titulua irabaztea lortu.
Newcastle
Ekainaren 2tik 8ra Australia ekialdean lehiatuko diren 80 mutil eta 48 nesken artean sei euskal surflari izango dira. Mutilen kategorian Europako QS rankingean lehen 7 sailkatuen artean ziren Yago Dominguez getxoztarra eta Keoni Lasa eta Adur Amatriain zarauztarrak. Nesken kategorian Annette Gonzalez Etxabarri zumaiarra izan zen Europako QS rankingeko lehen lau sailkatuen artean egoteagatik CS mailara igo zena, baina bere ahizpa Janire ere Newscastlen izango da, ordezkapen plaza eskuratu baitu. Haiekin batera, Nadia Erostarbe, denboraldi erdiko mozketara arte lehen mailan lehiatu den zarauztarra.
Gogotsu daude aurten CS mailan lehiatuko diren euskal surflariak. Horren erakusle dira azken aldian txapelketetan lortzen ari diren emaitza onak. Janire Gonzalez Etxabarrik, esaterako, zenbait aste badaramatza CS itzuliko lehen txapelketa egingo den hondartzan, eta, hori bakarrik ez, maiatzaren erdialdean han egin zen Junior txapelketan bigarren postua erdietsi zuen.
Aurten ere ekain eta urri bitartean egingo da CS itzulia, eta 5 txapelketa izango dira guztira. Denboraldi amaieran surflariek lortutako lau emaitza hoberenak batuko dira eta puntu gehien lortu dituzten rankingeko lehen 10 mutilak eta lehen 7 neskak lehen mailara igoko dira.
Gazteak Donostian
Ekainaren 6tik 8ra Gipuzkoako hiriburuan izango dira 20 urtetik beherako surflari europarrak. ‘Basque Country Junior Pro’ txapelketa, gainera, ‘Waxdayz Surfing Culture Festival’ jaialdi barruan kokatuko da. Beraz, surfaz harago, kultur ekimen ugari izango da Zurriolako hondartzaren inguruan, batez ere Saguesen.
Donostian Europako Junior txapelketa bat egin zen azken aldia duela 14 urte izan zen. Horren ondoren Europako zenbait Junior txapelketa egin ziren Sopelan, baina azken urteetan eten bat izan da eta gazteenek inguruko herrialdeetara joan behar izan dute lehiatzera. Hortaz, albiste bikaina da Euskal Herrian halako txapelketa garrantzitsu bat egitea, euskal surflariek etxean erakutsi ahal izango baitute haien maila.
Aurtengo Europako Junior zirkuitua bost txapelketek osatuko dute. Donostiakoaren ostean, Ferrolen bilduko dira 20 urtetik beherako surflariak, ekainaren 25etik 29ra. Uztailaren 3tik 5era Capbretonen izango dira. Irailaren 4tik 7ra Irlandara joango dira, Donegalgo kostaldera. Eta amaitzeko, Galiziara itzuliko dira, Ferrolera.

Llueve sobre mojado en Rioja Alavesa: «Hay gran desolación y desánimo entre los viticultores»

Los sanfermines han terminado: cientos de afectados en el último encierro, el de la villavesa

Denuncia contra el Ayuntamiento de Donostia por la vía de acceso al chalet de Xabi Alonso

Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu dute Donostiako Piratek, Pentsiodunen Mugimendua ardatz
