Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Trebiñu Araban integratzeko beste pauso bat: «organo bizia» izan nahi duen lan mahaia sortu da

Agrupacion Independiente Condado de Treviño, EAJ eta EH Bildu talde politikoetako ordezkariek Trabiñuko Enklabea Araban Integratzeko Mahaia osatu dute. «Beste sentsibilitate politikoko» ordezkariek ere bat egin dezaten deia zabaldu dute, integrazioa gehiengoaren nahia delakoan.

Trebiñu Araban integratzearen aldeko mahaia osatzen duten ordezkariak, astearte honetan.
Trebiñu Araban integratzearen aldeko mahaia osatzen duten ordezkariak, astearte honetan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Trebiñu Araban integratzeko lan mahaia sortu dute Agrupacion Independiente Condado de Treviñoko, EAJko eta EH Bilduko ordezkariek, Trebiñukoak eta Argantzongoak. Integrazio administratiboa lortzeko ekintza guztien lankidetza, kontrastea, hausnarketa, erabaki-hartze, koordinazio eta baterako jarraipenerako organoa da.

Hala azaldu dute, ondu duten araudia sinatu baino lehen, astearte honetan Trebiñun egindako prentsaurrekoan. Sinatzaileak Pablo Ortiz de Latierro eta Ritxar Astegieta EH Bildutik, Yolanda Urarte eta David Dulanto Agupacion Independiente Condado de Treviñotik eta Eulalia Salmon eta Arantza Yarza EAJtik izan dira.

Nabarmendu dutenez, beste sentsibilitate politiko batzuk batu ahal izango zaizkion «organo bizia» izan dadin nahi dute. «Ziur baikaude Trebiñuko Enklabea Arabako Lurralde Historikoan integratzearen alde lan eginez bakarrik bermatu ahal izango dugula gure bizilagunak ez sentitzea kaltetuak gure auzokideen borondateari erantzuten ez dion egoera politiko eta administratibo arkaiko honengatik», azaldu dute.

Bost eginkizun nagusi izango ditu mahaiak. Batetik, enklabearen egoera orokorra eta udalerrien egoera administratiboak «egindako mota guztietako bidegabekeriak» aztertuko dituzte, betiere udalerrien arteko lankidetza bermatuz. Bigarrenez, Araban integrazio eraginkorra lortzeko planak eta proiektuak egingo ditute. Gainera, erakunde eta gizarte eragile guztiekin lankidetza bultzatuko dute, bai eta elkarrizketa koordinatua egin ere. Azkenik, herritarren parte-hartea eta gizarte aktibazioa sustatuko dituzte.

Prozesua martxoaren erdialdean hasi zuten eta ordutik talde politiko batzuek parte hartzeko gonbidapena errefusatu zuten. Orain, «berriro» gainerako talde politikoei beraiekin bat egiteko deia zabaldu dute.

Funtzionamendua

Araudian jasotzen denez, udaletan ordezkaritza duten taldeetako bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute mahaia. Hala ere, «Trebiñuko Enklabea Araban Integratzeko Mahaiaren beraren garapenare arabera», kopuru hori handitu egin daiteke.

Araudiaren arabera, aztertu beharreko gaiek hala eskatzen dutenean, informazio garrantzitsua eman dezaketen pertsonak gonbidatu ahal izango dira bilkuretara. Gainera, Mahaiak aztertu, landu eta onar dezakeen proiektu edo proposamenen bat aurkeztu nahi duen edozein teknikari, profesional edo herritar bertaratu ahal izango da.

Ohiko bilerak hiru hilean behin egingo dira eta hurrengoa bi aste barru izango da. Momentuz bide-orria zein izango den erabakitzeke dago, baina, «beste pauso bat eman behar zen», argudiatu du Pablo Ortiz de Latierrok. Hala, ekimen batzuk errepikatuko dira eta beste batzuk berriak izango dira baina, funtsean, «mugitu behar gara».