
Gasteizko Korda espazioa hustu du Ertzaintzak, indarkeria erabiliz. Sareetan zabaldutako irudietan ikusten denez, gogor kolpatu dituzte ertzainek bertan ziren lagunak, eta bati sudurra hautsi diotela salatu dute.
Segurtasun Sailak berak onartu du gizon bat erietxera eraman behar izan dutela. Eta atxilotuta dagoela baieztatu du. «Erresistentzia» akusazioa leporatzen diote.
‼️ [AZKEN ORDUKOA] Korda hustu berri du Ertzaintzak. Bi pertsona atxilotu dituzte, gutxienez.
— Arabako ALEA (@ArabakoALEA) June 4, 2025
Kordako kide bati sudurra hautsi diotela salatu dute.https://t.co/qfB6fnbyAp pic.twitter.com/0pykKyoSIL
Gauean Ertzaintzak Pintore kalea hartu du gauerdi aldera eta epaitegiko kideen zain direla zabaldu da; dozenaka lagun bildu da bertan espazio horren alde egiteko. Haize Agirrek, Auzoan Bizi Etxebizitza sareko kideak, NAIZ Irratian aipatu du «erresistentziarako prest» zirela barruan.
Ertzainak ia hamaika ordu izan dira Pintore kalean, ustez epaitegiko kideen zain. Azkenean, goizeko 11.00ak aldera espazioaren atea bota eta barrura sartu dira. Beran ziren lagunak kalera atera dituzte, indarkeria erabiliz. Borrekin gogor jo dituzte, zauriak eraginez.
Manifestazioa arratsaldean
Gertatutakoa salatzeko manifestazioa egin dute arratsaldean, «Auzodefentsaz lotu Korda auzora» lelopean. Aiztogile kalearen ondoan dagoen Faroloitik abiatu da eta Kordaren aurrean bukatu da. Espazioa hustutzeko Ertzaintzaren gaurko operatiboak «Kordak berak baino balio ekonomiko handiagoa» izan duela salatu dute, izan ere, Korda «auzoak bere egin duen espazio txikia baita».
Nabarmendu dutenez, gaur Zabalgune hirigintza agentziak eta Udalak «propietate pribatua defendatu dute berriro ere, guztiaren gainetik, baina aldi berean mahai gainean jarri dute auzoaren behar material eta komunitarioei erantzuteak duen balioa, hori baita gure benetako balioa, eta horrek 80 zipaioren gaurko soldatak baino askoz gehiago balio du».
Kordako desalojoan atxilotuei eta erasotuei babesa emateko manifestazioa.
— ESK Sindikatua (@ESKsindikatua) June 4, 2025
-----
Manifestación de apoyo a los detenidos y golpeados en el desalojo de #Korda.
Aurrera! pic.twitter.com/yzIaerk5UB
2022an zabaldutako espazioa
Kaleratze arriskuaren berri eman zuten kolektibo ezberdinek apirilean. Herrizoma Elikadura Sareak, Zaharraz Harrok eta Auzoan Bizi Etxebizitza Sareak ohartarazi zutenez, Gasteizko Udalak eta 21 Zabalgune hirigintza agentziak hustu nahian zebiltzan.
Ohar batean gogorarazi zutenez, «lokalak denbora zeraman hutsik Korda bihurtu genuen arte. 2022ko ekainaren 27an Zaharraz Harrok, Herrizomak eta Auzoan Bizik autogestioa, elkarlaguntza eta auzodefentsa ardatz hartuta herri egiturak garatzeko eta indartzeko espazioa errekuperatu genuen, inolako erabilerarik ez zuen espazioa auzoarena eginez».
Udalaren erantzuna
Aipatutako eragileek hainbat ekimen antolatu dituzte kaleratzea saihesteko eta udal ordezkariekin biltzeko proposamena mahaigaineratu dute. Baina maiatzean salatu zutenez, «jabetza pribatua eta negozioa» babestu dute politikariek, «kolektiboen eskari eta beharrei entzungor» eginez.
Gainera, Kordaren kaleratzea Barne-eraberritzeko Plan Berezia ebazten ari diren honetan ere ulertu beharra dagoela esan zuten, «auzoa merkatu eta erakusleiho bilakatzeko prozesuan pausu bat gehiago suposatzen duelako».
«Interes merkantilistekin datozenei esaten diegu Korda defendatuko dugun moduan defendatuko dugula auzoa ere funts putre eta espekulatzaileengandik. Auzokideen gainetik negozioei mesede egiten dietenei esaten diegu auzoan antolatzen jarraituko dugula apartamendu turistiko bakoitza etxebizitza bilaka dadin, auzokide bakoitzak erroldatzeko eskubidea izan dezan, kide bakoitzaren elikadura eskubidea bermatua izan arte», gaineratu zuten.
Auzoaren elkartasuna
Manu Arakama Gasteiz Txiki auzo elkartearen ordezkariak babestu egin du Korda espazioan egindako lana, etorkinei eta egoera zaurgarrian diren bizilagunei eskainitako jarduerak azpimarratuz.
Era berean, salatu du Ertzaintzaren operazio «neurrigabea», bildutako auzokideen jarrera baketsua goraipatuz.
EH Bilduren galderak Bingen Zupiria sailburuari
Bestalde, EH Bilduk Ertzaintzaren dispositiboaren inguruko galdera sorta bat erregistratu du Gasteizko Parlamentuan Bingen Zupiria Lakuako Segurtasun sailburuari zuzenduta. Ohartarazi duenez, Korda espaziotik atera diren pertsonen jarrera «erabat baketsua» izan da baina, hala eta guztiz ere, ertzain batzuek «gogor kolpatu dituzte».
Besteak beste, EH Bilduk jakin nahi du sailburuaren iritzia dispositiboari buruz, kolpeen balorazioa, zaurituak egon ote diren eta hauen diagnostikoa, zauritutako ertzainarik egon oteden, polizien kamerek zer grabatu duten eta barne ikerketa bat irekiko duten.

La caza de Karmelo Ikastetxea en tres actos; compra, cierre y venta a una promotora

Igual Cerdán es Roldán, pero la Nafarroa de 2025 no es la de 1994

Potente incendio en la fábrica de LEA, que ha obligado a confinar Abetxuku y parte de Arriaga

El estrecho de Ormuz, ¿arma definitiva en manos de Irán?
