
Zarauzko saihesbidea eraikitzeko lanak abiatu dira asteazken honetan. Azpiegitura berriak herrigunea zeharkatzen duen N-634 errepidearen trafikoa arintzea eta industrialdeetarako sarbideak hobetzea du helburu, oro har herriko zirkulazioa hobetu eta antolaketa erosoagoa eskainiz. Obrek 10.155.483,09 euroko aurrekontua dute, eta 18 hilabeteko exekuzio epea. 2027 urte hasieran erabilgarri egongo dela azpiegitura aurreikusi du Foru Aldundiak.
Frantsesbideako inguruan izan dira Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu Felix Urkola eta Zarauzko alkate Xabier Txurruka. Mendozak adierazi duenez, beharrezkoa da proiektu hau Zarautzerako zein eskualderako: «Zarauztar guztien segurtasunaren, erosotasunaren eta ongizatearen mesederako izango da». Gaur gaurkoz N-634 errepideak udalerriaren erdigunea zeharkatzen du eta ondorioz, aldaketa zarauztarren onurarako izango dela baieztatu du.
Azpiegitura berriak 1.560 metroko luzera era noranzko bakoitzean errei bana izango ditu, Astiko biribilgunetik (AP-8 irteera) Frantsesbidea kalearekin bat egiten duen tokiraino. Azken tarte hori T formako elkargune batean amaituko da. Alde batetik, Astiren egungo biribilgunea egokitu egingo da eta elipse forma izango du adar berriari lekua egiteko. Hortik, adar berri hori Bidegiko instalazioen atzetik igaroko da, bi noranzkorekin, eta autobidea azpitik zeharkatuko du, Sarobeaundiraino. Bertan biribilgune berri bat egingo da, hiru adarrekin, Buztinzuriko biribilguneraino. Bestalde, adarretako batek saihesbidea Zarauzko hirigunearekin lotuko du Buztinzurin, autobidearen azpiko pasagunearen bidez.
Txurruka alkateak eskertu egin du azpiegitura berria egiteko Aldundiak emandako «bultzada» eta Zarauzko industrialdeetara doan trafiko astunak herria zeharkatu behar ez izatea positibotzat baloratu du: «Bai mugikortasun aldetik, bai herriko industriaren lehiakortasuna hobetzeko, laguntza garrantzitsua izango da saihesbidearen zati berria».

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da
