Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Bidaia mistikoa basamortuan

SIRAT (SIRAT. TRANCE EN EL DESIERTO)
Estatu espainola, 2025. 120’. Zuzend.: Oliver Laxe. Gidoia: Oliver Laxe, Santiago Fillol. Int.: Sergi Lopez, Bruno Núñez, Richard Bellamyun, Stefania Gadda. Musika: Kangding Ray. Argaz.: Mauro Herce.

Sergi Lopez eta Bruno Nuñez ‘Sirât’ filmean.
Sergi Lopez eta Bruno Nuñez ‘Sirât’ filmean. ( BTeam Pictures)

‘Sirât’ (‘Sirat. Trance en el desierto’) orain aste gutxi ospatu zen Canneseko zinema jaialdian Epaimahaiaren Saria irabazi zuen filma da. Gainera, berriki jakin dugu Neon enpresa ahaltsuak erosi duela filma Estatu Batuetan banatzeko. Honek argi eta garbi erakusten du lehiaketak izan zuen eragina eta, nazioarteko apustu horren ondorioz, filma faboritoetako bat izan liteke Estatu espainiola hurrengo Oscar sarietan ordezkatzeko.

Gizon bat (Sergi Lopez) eta haren semea (Bruno Nuñez) Marokoko mendien erdian dagoen rave batera iritsi dira, desagertutako Mar alaba eta arrebaren bila. Euren argazkia behin eta berriz banatzen dute musika elektronikoaren eta ezagutzen ez duten askatasun mota baten artean inguratuta. Desesperazioaren eta hainbat frogen ondorioz, desagertutako neska gaztearen bila joango dira basamortuaren erdian dagoen pertsona talde batekin.

Narratiba inguratzailea, zinematografia liluragarria eta eszena bakoitza bultzatzen duen soinu-banda originala dira Oliver Laxe-ren filmaren oinarriak. Marokoko mendietan gertatzen den bidaia mistiko eta kontenplatiboa da, non gizatasunaren eta jainkotasunaren arteko muga lausotzen den.

Oliver Laxe

Guraso galiziarren semea, Parisen jaio zen 1982an, baina sei urte zituela joan zen Galiziara familiarekin, 1988an. Bere zinema estiloa «kontenplatiboa, espirituala eta erradikala» bezala etiketatu izan dute askok. Bere ibilbideak lotura estua du Canneseko zinema jaialdiarekin, eta hainbat sari jaso ditu bertan: 2016an, ‘Mimosas’ filmarekin Kritikarien Astearen Saria, 2010ean ‘Todos vosotros sois capitanes’ filmarekin FIPRESCI Saria, 2019an ‘O que arde’ izenburuarekin Un Certain Regard sailean Epaimahaiaren Saria eta 2025ean ‘Sirat’ filmarekin Epaimahaiaren Saria.

Bitxikeria modura, Laxe Galiziako Navia de Suarna herrian bizi da, eta bertan kultura eta ingurumen ekintza ugari sustatzen ditu.