Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura

Euskalduntze berantiarraren teoria «kearen gainean eraikia» dagoela defendatu du Elexpuruk

Juan Martin Elexpuruk euskararen gaineko bere hausnarketak bildu ditu ‘Euskararen mende magikoak (V-IX K.o.)’ (Elkar) liburu berrian. Besteren artean, euskara berantiarraren teoria «kearen gainean eraikia» dela adierazten du bertan.

Elexpuru, liburuaren aurkezpenean.
Elexpuru, liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

Juan Martin Elexpuru idazle eta filologoak euskararen jatorriaren eta garapenaren inguruan egiten dituen hausnarketak plazaratzen jarraitzen du. Elkar argitaletxearekin kaleratu du ‘Euskararen mende magikoak (V-IX K.o.)’, iaz Nabarralderen aterkipean argitaratu zuen ‘Euskarazko izenak erromatar garaiko aldare eta hilerrietan’ obraren jarraipen gisa aurkeztu duena.

Aurkezpenean bidelagun izan du Elkarreko editore Xabier Mendiguren. Liburu honen bidez Elexpuruk bere «irakasle izate hori» berreskuratzen duela nabarmendu du, liburuak biltzen dituen testuak «eskola magistral on batzuen tankeran emanak» daudela uste baitu. Liburuak lau atala nagusi ditu eta horietan zehar Elexpuruk euskarak Erdi Aroaren hasieran «izan omen zituen» aldaketa nagusi batzuei buruzko bere iritzia plazaratzen du filologoak.

«Jendeak pentsa dezake gai lehor eta interesik gabeak direla», hausnartu du Mendigurenek, baina berari «irakurle bezala apasionantea» suertatu zaiola ziurtatu du.

Elexpuruk, bere aldetik, tituluak baduela «bere ironia edo umore puntua» esan du, ‘magikoak’ horri erreferentzia eginez, eta testuingurua finkatu du: «Goi Erdi Aroan gaude, erromatar inperioa erori da, hiri gehienak desagertu dira, jendea baserritartu egin da neurri handi batean... halako tunel batean sartzen da historia. Ilunpe batean».

Euskal Herrian mende horietako dokumentazio «oso gutxi» dagoela aiptu du, eta are gutxiago euskarari erreferentzia egiten dionik. «Baina, hala ere, badakigu gauza oso inportanteak gertatu zirela, harrigarriak esango nuke nik», iritzi du, eta adibide modura eman du ‘a’ artikulua orduan sortua dela pentsatzen dela, baita ‘euskara batu zaharra’ ere ordukoa litzatekeela. «Euskarak halako batasun bat lortu omen zuen garai hartan eta ondoren sortu ei ziren euskarazko dialektoak, euskalkiak», zehaztu du.

Elexpuruk aipatu du euskara berantiarraren puntuan ez dagoela adostasunik. «Ez dago kontsentsu handirik, aldekoak eta kontrakoak daude eta oso eztabaidatua da, baina beste hiru puntuetan adostasun osoa dago» esan du, eta berak bezala «bestela» pentsatzen dutenak «oso gutxi» direla iritzi du, «edo bestela pentsatu arren gehienak isildu egiten direla. Katedratikoen iritziaren kontra jende gutxi ausartzen da egiten»», hausnartu du.

Euskalduntze berantiarraren teoria klasikoaren zenbait azalpen ere eman ditu: «Esaten da Euskal Herriko mendebaldean ez zela euskararik egiten, zeltak ginela Gipuzkoa, Bizkaia, Araba... eremu horretan, eta gero inperioa etorri zenean baskoiek mendebaldera jo zutela eta euskaldundu zutela Euskal Herriko erdialdea eta mendebaldea. Baina gero –jarraitu du–, 2012 inguru horretan teoria iraultzaile bat etorri zen eta baskoiak ez ziren euskaldunak eta akitaniarrak bai; akitaniarrek jo zuten lehenengo hegoaldera, Nafarroa aldea euskaldundu zuten eta gero mendebaldea. Hori dena mende ilunetan: ez dago hori frogatzen duen ez dokumentaziorik ezta zantzu gehiegirik ere», gaztigatu du Elexpuruk, eta bera ez dela teoria horren aldekoa ere baieztatu du, bere ustez teoria hori «kearen gainean» eraikia baitago. Liburuan, beraz, teoria horri aurre egiteko argudioak eta datuak (esan duenez, batez ere linguistikoak, «ze historikoak etabar jorratuta daude») ematen ditu.

Bigarren atala ‘a’ artikuluaren teoriaren gainekoa litzateke, kasu honetan «oinarri onen gainean eraikia» legokeena. «Iruña-Veleiako aurkikuntzak neurri handi batean horregatik jo zituzten faltsutzat», ekarri du gogora. Euskara batu zaharra eta euskalkien gainekoak lirateke azken bi atalak. «Esaten da euskara batu zaharra sortu eta gero euskalkiak hasi zirela sortzen, ordukoak direla. Hori ere zalantzan jartzen dut datuak emanez», aurreratu du.

Azkenik, bi eranskin ere batu ditu liburura. Ea egun aintzinako euskara ulertuko genukeen gogoetatzen du batean eta, bigarrenean, Mitxelenaren esaldi sonatuaren inguruan egiten du gogoeta, «euskararen benetako enigma ez dela bere jatorria, baizik eta iraupena, eta hori testuinguruan jartzen saiatu naiz, noiz esan zuen eta ze testuingurutan, eta ze ondorio atera daitekeen hor».

Aurkezpenarekin amaitzeko, epilogoaren zati bat irakurri du Elexpuruk. Bertan aipatzen du konziente dela liburuko zenbait pasarterekin «gehientsuenak sutan» jarriko direla, baina «bakoitzak bere egia defendatu behar duela» uste du. «Gaiztakeria bat egin duen mutiko sentitzen naiz, eta ez nintzateke sentitu behar» esanez amaitu du aurkezpena.