Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

LABek Lakuako Gobernuaren Bilboko egoitzako ateak blokeatu ditu lan heriotzak salatzeko

Performancea egin du LABek Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren atarian. Mono gorriz jantzita lurrera bota eta sarrera blokeatu dute, Ertzaintzak joanarazi dituen arte. Izan ere, 26 langile hil dira aurten Euskal Herrian, sei joan den astean, eta Lakuari patronala presionatzeko exijitu diote.

Protesta egin dute Lakuako Gobernuaren egoitzaren atarian.
Protesta egin dute Lakuako Gobernuaren egoitzaren atarian. (NAIZ)

Joan den astean sei langile hil zirela salatzeko performancea egin du LABek Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzan. Sindikatuko dozenaka kide azaldu dira mono gorriz jantzita, aurpegiak estalita eta lurrean botata irudikatu dituzte urtea hasi zenetik Euskal Herrian lanean zendu diren 26 hildakoak. Horrela, ateak blokeatu dituzte, sar daitezen ekiditeko egoitzako pertsianak bajatzen saiatu badira ere.

Ekimena hasi denetik ordu laurden igaro gabe zegoenean azaldu da Ertzaintza. LABeko hainbat kide identifikatu ditu eta bertatik joanarazi ditu protesta egiten ari ziren guztiak. Performancearekin Lakuako Gobernuari zein Nafarroakoari ardura eskatu nahi izan die sindikatuak, patronalari presioa egiteko gaitasuna daukala iritzita.

Halaber, Josune Eroa LABeko kideak NAIZi azaldu dionez, Lakuako Gobernuak haien eskaerekiko izan ohi duen erantzuna irudikatu nahi izan dute, hots, «pertsiana ixtea». Patronalari ere jarrera bera agertzea leporatu diote.

«Lan istripu hauek oinarrizko prebentzio neurriekin ekidin zitezkeen, baina patronalak inpunitate osoa du araudia ez betetzeko», adierazi du LABek. Sindikatuak gaineratu duenez, «Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari dagokie patronala prebentzio araudia betetzera behartzea».

Ildo beretik, dei egin diete Imanol Pradalesi eta Maria Chiviteri urgentziazko Gobernu Kontseiluak deitzera, Confebask eta CEN patronalei ardura exijitu eta urgentziazko neurriak har ditzaten, lan heriotzak areagotzen ari direla eta.

«Laneko heriotzek badute erantzulea», azaldu du LABek. «Patronala, absentismoaren inguruko diskurtso lotsagabea zabaltzen ari den bitartean, langileak hiltzen ari da, ez duelako betetzen segurtasunari eta osasunari buruzko araudia, lan-kostuak merketzeko helburuarekin».