Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

14 Orduak mendi ibilaldi historikoaren mendeurrena

Gaurko egun batez (ekainaren 7an), baina orain dela ehun urte, Tolosako hamalau mendizalek kirol ekitaldi horren lehen hazia jarri zuten. Aralarko Adiskideak mendi elkarteak antolatuta azken asteotan ospakizunetan murgilduta izan dira.

Irudian, 14 Orduak mendi martxaren hazia jarri zuten hamalau mendizaleak azaltzen dira.
Irudian, 14 Orduak mendi martxaren hazia jarri zuten hamalau mendizaleak azaltzen dira. (ARALARKO ADISKIDEAK)

2025. urtea mugarri historikoa da euskal mendizaletasunaren munduan: Tolosako 14 Orduen mendi martxaren mendeurrena gaur bertan ospatzen da. Lau urtez behin, Tolosako Aralarko Adiskideak mendi taldeak antolatutako ekitaldi honek bere lekua sendotu du Gipuzkoako kirol-kulturan, mendizale eta naturazale ugari erakarriz, belaunaldiz belaunaldi transmititzen den erronka batean.

Euskal Herriko mendizale federazioek antolatzen duten mendi martxen denboraldiari begiratzen badiogu, lasai asko esan dezakegu mendizaletasunaren adar horrek osasuntsu jarraitzen duela. Tolosako 14 Orduak mendi ibilaldia ez dugu zerrenda horretan urtero ikusiko; izan ere, urte olinpikoekin egiten da. Baina egutegi horretan agertzen den bakoitzean izaten duen arrakasta handia izaten da.

«Ehun urte Aralarren oinez». Ez dago zalantzarik izenburu horrek erabateko gaurkotasuna izaten jarraitzen duela. Mendi ibilaldi historiko horrek merezitako lekua duenez, azken asteotan ospakizunetan murgilduta izan dira.
Gehiegi luzatu gabe, Tolosako Aralarko Adiskideak mendi elkarteak honako lerroak idatzi ditu duela ehun urte hamalau mendizalek jarritako hazi historiko hori gogoratzeko.

Ehun urte!

Euskal Herrian zein kirol dagoen errotuena galdetzen badiogu geure buruari, mendiko ibilaldiak direla esango genuke; mendietan zehar ibili eta gozatzea Euskal Herriko geografiak ematen dizkigun zelaiekin, bidezidorrekin eta tontorrekin. Ibiltzeari gehitzen badiogu lagun taldean aritzea eta erronka bereziren edo zail bat egitea, orduan borobildu egiten dugu txangoa.

Gaur bertan ehun urte betetzen dira Tolosaldeko hamalau mendizalek berealdiko erronka egitea pentsatu zutenetik. 1925eko ekainaren 7a hartan, Francisco Larrañaga Goya (Patxi Txortxi) buru zutela, mendi zeharkaldi zirkular bati ekin zioten hamalau lagunek; Tolosan hasi eta bukatu. Hauxe izan zen ibilbidea: Tolosa, Gaztelu, Uli, Gorriti, Lekunberri, San Miguel, Guardetxe, Igaratza, Amezketa, Alegi eta Tolosa. Denera, 70 kilometro. ‘14 Orduko Ibilaldia’ izenarekin igaro da historiara zeharkaldi hura, ondo prestatutako mendizaleentzat hori baitzen eta hori baita ordutegi egokiena.

Aipatutako Larrañagaz gain, hauek izan ziren ibilaldian parte hartu zuten beste mendizaleak: Ramon Barrio, Jose Albero, Paco Tuduri, Eduardo Laborde, Juan Jauregi, Anthon Subijana, Teodoro Agote, Ricardo Diaz, Francisco Labaien, Ricardo Azaldegi, Manuel Laborde, Victor Arrillaga eta Simon Arrue.

Hurrengo urtean, berriro errepikatu zuten martxa maiatzaren 30ean, lehen aldian baino mendizale gehiagok. Eta 1943an eta 1967an ibilaldi neurtu modura antolatu zuen Aralarko Adiskideak Elkarteak, lehia izaerarik gabe, ibilbide eta izen berarekin.

1972. urtetik aurrera, Montrealeko Olinpiar Jokoen harira, ‘14 Orduko Ibilaldia’ instituzionalizatua geratu zen urte olinpikoekin bat etorriz. Hala, Euskal Herriko mendizale martxa ezagunena eta arrakastatsuena bihurtu zen, beti Aralarko Adiskideak Elkarteak antolatuta.

Geroztik, Covidaren pandemia dela eta 2020an izan ezik, lau urtean behin berritu da hitzordua, eta milaka mendizale elkartu dira orain arteko hamahiru ekitaldi ‘olinpikoetan’. Aurten, beraz, ehun urte dira lehen ibilaldi hura egin zenetik, eta Aralarko Adiskideak elkarteak ekitaldi hauek antolatu ditu mendeurrena oroitzeko. Alde batetik, erakusketa bat. Bertan, ibilaldi guztien kartel eta dokumentuak ikusgai izan dira Aranburu Jauregian lau astez. Eta bestetik, Topic-en hitzaldi eta bideo emanaldi bana. Kasu honetan, ikus eta entzun ahal izan dugu ehun urteotan nola eraldatu den geure mendi martxa.

Ibilaldiaren hasierako edizioetan, bakoitzak berea eramaten zuen; orain dela 20 urte berriz, antolakuntzak goia jo zuen partaideei ahalik eta gehien errazteko asmoz bidean. Azkeneko urteetan berriz, aspaldiko erara egitea bultzatu da.

Ibilbide luze honetan, hasieran izan zen bezala, 14 Orduak mendi martxak eduki duen oihartzuna ez da mugatu Tolosara; ezta Tolosaldera ere. Argi geratu da Euskal Herri osora hedatu dela. Tolosaldean bereziki, gazte askoren erronka izaten da lagun artean 14 Orduak mendi martxa egitea.

Osasuna zaintzea kirolaren bitartez gaur egungo erronka bihurtu denez, gazte eta helduentzako, beste ehun urte bete ditzala 14 Orduko Martxak Aralarko Parke Naturalaz gozatuz.