Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Intza Egigurenek badauka lehen taldeko dortsala

Realak 2029ra arte luzatu du gazte anoetarraren kontratua. 14 zenbakia eramango du bizkarrean udatik aurrera, pasa den urtarrilean lehen taldearekin debuta egin ondoren.

Intza Egiguren, Maider Castilloren eta Garbiñe Etxeberriaren erdian, kontratua luzatu ondoren.
Intza Egiguren, Maider Castilloren eta Garbiñe Etxeberriaren erdian, kontratua luzatu ondoren. (Real Sociedad)

Realak «renove operazioarekin» jarraitzen du. Esamoldearen zentzu zabalenean, bere jokalarien kontratuak berritzen jarraitzen duelako eta, Claire Lavogezen baimenarekin, berritzeek taldea gaztetzea dakartelako. 19 urte besterik ez ditu Intza Egigurenek eta gaurtik aurrera lehen taldeko jokalaria da. Udatik aurrera 14 zenbakia eramango du bizkarrean, 2029ra arte, gutxienez.

Berez, anoetarrak otsailean bere kontratua 2028ra arte luzatzea adostu zuen. Orain, beste denboraldi bat gehitu dio akordioari eta, lehen taldera behin betiko igota, argi dago bere kontratu berrian baldintzak hobetu direla.

Urtarrilean debutatu zuen erasotzaileak Realarekin, bigarren filialean hasi eta lehen taldera iritsi den lehenengo jokalaria bilakatuz. Lau denboraldi baino ez ditu behar izan eskailera osatzeko Tolosatik Zubietara iritsi zenetik, 15 urte zituela. Guztira, 17 partidatan parte hartu du (15 Ligan, 1 Kopan eta 1 Superkopan), Europako 19 urtez azpiko txapeldunaren aurreko ibilbideak iragartzen zuen irudi ona eskainiz.

«Askotan amestu dut honekin, txikitatik Realekoa izanda –aitortu du Egigurenek–. Niretzat ohore bat da lehen taldeko parte izatea». «Nire betiko taldea da –gaineratu du–. Nire taldeak nigatik apostua egitea eta eman didan konfiantza eskertzekoa da. Orain eman didaten konfiantzari zelaian erantzutea da asmoa. Ahal dudan onena egiten saiatuko naiz, nik ust dut nere bertsiorik onena etortzeko dagoela».

Talde gaztea

Fitxaketak ezagutzeko ikusmina dago, Realak momentuz Arturo Ruiz entrenatzaile berria etorriko dela besterik ez baitu aurreratu, baina oraintxe bertan badaude 17 jokalari kontratuarekin.

Eta aurreko denboraldikoa baino talde gazteagoa, batez besteko adina 24 urtekoa baino ez baita. Bi jokalarik bakarrik dituzte hogeita hamar urte: Cahynovak eta Lavogezek; aldiz, zazpi jokalarik 23 baino gutxiago dituzte. Gainera, gazteenak dira kontratu luzeenak dituzten futbolariak, azken hiabeteotan Apari (21 urte), Guridi (22), Mirari (22), Lezeta (19), Arrula (19) edota Intzaren (19) kontratua berritu ondoren.

Zerrendan hurrengoa Zubietako beste harribitxi bat izan beharko litzateke; Aiara Agirrezabala, alegia, aurten lehen taldearekin debuta egin ondoren, 16 urte besterik ez baditu ere.