
Eguraldi narrasa izan arren, olatuak eta maila altua izan ziren nagusi Donostian egin zen Europako Junior txapelketan. Hasiera batean World Surf Leagueko rankingerako puntuagarria izan behar zuen probak, baina gero txapelketa bertan behera uztea erabaki zuen WSL erakundeak, donostiarrek salatu ostean Israel kirolariak erabiltzen ari dela Palestinan burutzen ari den genozidioa zuritzeko.
Txapelketak, ordea, aurrera egin zuen, giro onean eta parte hartze zabalarekin. Guztira, 20 urtetik beherako 38 mutil eta 24 neska lehiatu ziren Gipuzkoako hiriburuan. Herrialde desberdinetako lehiakideak izan ziren, baina gehienak euskaldunak, frantsesak eta espainiarrak izan ziren. Horiez gain, Suitza, Portugal, Ingalaterra, Irlanda, Holanda eta Italiako surflariak ere izan ziren.
Igande eguerdian amaitu zen Pro Junior txapelketa. Metro bateko olatu narrasak izan arren, lehiakideek olatuaren edozein indargune baliatzen zuten ariketa ikusgarriak egiteko. Ordea, hondartza ezagutzea abantaila bat da, eta, txandek aurrera egin ahala, bertako surflariak nagusitu ziren.
Lapurtarrak nagusitu ziren nesken kategorian. Sarah Leiceaga (20 urte) urruñarrak lortu zuen garaipena. Bigarren postua Lily Hirigoyen gaztearentzat izan zen (13 urte), hau ere urruñarra. Eta hirugarren postua Carla Morena de La Vall (14 urte) Lanzaroteko surflariarentzat izan zen. Laugarren postuan Saioa Ortega (17 urte) sopelarra geratu zen.
Mutilen kategorian, Odriozolaren (19 urte) atzetik Jaime Leandro Veselko surflari portugaldarra (16 urte) geratu zen. Hirugarren eta laugarren postuak bizkaitarrentzat izan ziren: Xan Atchorena Masterson sopelarra (17 urte) eta Peru Zuñiga bakiotarra (20 urte).
Motorrak berotzeko txapelketa bikaina izan zen Donostiakoa, izan ere, ez da ahaztu behar lehiakideen helburua WSL rankingean postu onean sailkatzea zela. Europako Junior zirkuituak aurrera jarraitzen du, eta hurrengo txapelketa Galizian izango da ekain amaieran, baldin eta, Donostian bezala, antolatzaileek israeldarren parte hartzea gaitzetsi eta WSLk berriz ere txapelketa ezeztatzen ez badu.
ISRAELDARREN PARTE HARTZEA
Donostiako txapelketan 20 israeldar parte hartzekoak ziren; gero haietako asko banderaz aldatzen saiatu ziren, nazionalitate bikoitza baitute; eta azkenik hirura murriztu zen Israelgo surflarien kopurua. Ordurako, ordea, donostiarrek bat egin zuten Palestinako herria sufritzen ari den genozidioa gaitzesteko, eta WSL erakundeak txapelketa ezeztatzea erabaki zuen, «lehiakideen segurtasuna» ezin zuela bermatu eta surflariak haien jatorriagatik ezin direla baztertu argudio moduan erabilita.
Asko izan ziren WSLren diskurtsoak Palestinaren kontrako genozidioa zuritzen duela salatu zutenak, eta, ondorioz, eztabaidak txapelketa bigarren maila batean kokatu zuen. Aitzitik, lehiakideak lehiatzeko prest ziren, eta Waxdayz Festivaleko antolatzaileek ere ez zuten lanerako gogorik galdu. Horrela, elkar lanean, maila handiko txapelketa bat antolatzeko gai direla frogatu zuten eta ekitaldi txalogarria egin zuten.
Surfaz harago, izan zen zer ikusi eta zer entzun Sagueseko eremuan, txapelketarekin batera, kontzertuak, DJ-ak eta ikuskizun ugari antolatu baitzituzten. Eta urtero bezala, larunbat goizean hondartza garbitzera jaitsi ziren hainbat herritar. Antolatzaileek balore ekologikoak ere sustatzen dituztela erakutsi zuten.

La caza de Karmelo Ikastetxea en tres actos; compra, cierre y venta a una promotora

Igual Cerdán es Roldán, pero la Nafarroa de 2025 no es la de 1994

Potente incendio en la fábrica de LEA, que ha obligado a confinar Abetxuku y parte de Arriaga

El estrecho de Ormuz, ¿arma definitiva en manos de Irán?
