Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Naiara Irigoyen eta Onditz Iturbe irabazle bertikaleko eta lineako hitzordu nagusietan

Joan den asteburuan, Atletismoko Espainiako Federazioak Canfrancen antolatutako Trail Running-eko Espainiako Txapelketan nafarrak eta bizkaitarrak txartelak eskuratu zituzten heldu den irailean jokatuko den Munduko Txapelketarako.

Naiara Irigoyenek, La Racako helmugan, Bertikaleko Espainiako Txapelketa irabazi du.
Naiara Irigoyenek, La Racako helmugan, Bertikaleko Espainiako Txapelketa irabazi du. (RFEA)

Trail running-eko hitzordu ofizialei dagokienez, iragan asteburuan Atletismoko Espainiako Federazioak Canfrancen (Aragoi) kokatu zuen Espainiako Txapelketa. Hain zuzen ere, bi modalitatetan: bertikala eta lineakoa. Tituluaz gain, bertaratutako espezialistek bazuten motibazio gehigarri bat. Atletismoko federazio horrek heldu den irailean, Canfrancen bertan, jokatuko den Mundialerako txartelak banatu zituen.

Eta txartel preziatu horiekin bi euskal korrikalari egin ziren: Naiara Irigoyen eta Onditz Iturbe. Izan ere, nafarrak bertikalean eta bizkaitarrak lineakoan irabazi zuten. Igorretarra, gainera, bigarren postuan sailkatu zen bertikalean; hots, Irigoyenen atzetik.

Hain zuzen ere, azken modalitate horrekin hasiko dugu kronika. Emakumezkoen lasterketan hiruko talde batek emozio handia jarri zuen 6,4 kilometro eta 990 metroko desnibel positiboa zituen ibilbidean. Rosa Larak, Irigoyenek eta Iturbek erritmo bizi ezarri zuten. Une jakin batean, bi euskal lasterkarien artean borroka estua izan zen. Nafarrak erakutsi zuen espezialista handia dela eta La Racako helmugara lehen postuan iritsi zen 51 minutu eta 16 segundoko denborarekin. 17 segundora helmugaratu zen Iturbe, eta hirugarren sailkatua Lara izan zen irabazlearengandik 33 segundora. Beste euskal korrikalari bat, Ainhoa Sanz, lehen hamarren artean sartu zen; hain zuzen ere, urretxuarrak seigarren postua sinatu zuen.

Mutiletan, berriz, boskote bat tropelaren buru jarri zen: Alain Santamaria, Alex Garcia, Jan Torrella, Ibai Larrea eta Daniel Izquierdo. Laugarren kilometroan Garcia aurreratu zen, eta helmugara lehen postuan heldu zen 42:06 kronoarekin. Bigarrena Izquierdo izan zen eta hirugarrena Torrella. Larreak, 42:40 denborarekin, bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Iturbe berriro

Aurreratu dugun bezala, lineakoan ere euskal ordezkari bat protagonista izan zen: Iturbe. Lehiakideek ibilbide motz eta azkar bati (bi itzuli) egin behar izan zioten aurre. Denera: 14,3 kilometro eta 775 metroko goranzko desnibela. Lehen itzulian Claudia Estevez lasterketaren buru joan zen. Hamabost segundora bizkaitarra zuen. Igorretarra pixkaka alde hori murrizten joan zen, Estevez aurreratu eta helmugara lehen postuan iritsi zen 1:18:09 denborarekin. Julia Fontek bigarren postua lortu zuen, eta hirugarrena Estevezek. Irakurtzen den bezala, Iturbek urrea (lineakoan) eta zilarra (bertikalean) erdietsi ditu jokatu berri den Espainiako Txapelketan. Eta ezin dugu ahantzi ere egin, Irigoyenek bezala, bizkaitarrak Munduko Txapelketarako txartela patrikan duela.

Bestalde, gizonezkoen kategorian, bezperan bertikalean brontzea eskuratu zuen Torrellak irabazi zuen 1:05:25 denborarekin. Nahiz eta igoera ezberdinetan aldeak ez ziren nabarmenak izan, espezialista indartsuenek erakutsi zuten jaitsieretan alde horiek handitzeko aukerak daudela. Eta hori egin zuen irabazle katalanak. Alejandro Garciaren (bertikaleko irabazlea) eta Larrearen artean esprint ikaragarria bizi izan zen. Azkenean, Garcia bigarren postuan sailkatu zen eta antzuolarrak meritu handiko hirugarren postua sinatu zuen. Biek ala biek 1:05:51 kronoa markatu zuten.