NAIZ

13.500 eurotik gora ordaintzera zigortu du Vueling Bilboko epaitegi batek

Erreklamatuk aurkeztutako demanda kolektibo baten ondoren, Bilboko Lehen Instantziako 12. epaitegiaren epai batek Vueling aire konpainia Bizkaiko 12 pertsonari 13.509 euroko kalte-ordaina ematera behartu du. Kanaria Handira biltzar batera joateko bidaia zapuztu zieten.

Loiuko aireportuan bertan behera geratutako hegaldi batengatik 13.500 euroko kalte-ordaina eman beharko du Vuelingek.
Loiuko aireportuan bertan behera geratutako hegaldi batengatik 13.500 euroko kalte-ordaina eman beharko du Vuelingek. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Bizkaiko 12 profesionali Kanaria Handira biltzar batera joateko aukera zapuzteagatik Vueling aire konpainiak 13.509 euroko kalte-ordaina eman beharko dio kaltetutako pertsonei. Hala dio Erreklamatuk aurkeztutako demanda kolektibo baten ondoren Bilboko Lehen Instantziako 12. epaitegiak eman berri duen sententzia batek.

Erreklamatu abokatu bulegoak ohar batean azaldu duenez, epaitegiak onartzen du, batetik, Europako araudiak ezarritako konpentsazio estandarra eta aparteko gastuen itzulketa ere, eta, bestetik, aparteko izaeraz, beste kalte-ordain bat eman beharra kalte moralengatik.

Demandaren egileek, Bilboko aireportuan informaziorik, laguntzarik eta soluziorik gabe beren jomugara iristeko aukerarik gabe geratu zirenean kexa aurkeztu zioten Vueling konpainiari, egun bererako garraiobide alternatibo bat eskatuz, baina aire konpainiaren proposamen bakarra hurrengo eguneko hegaldi bat hartzea izan zen, eta horrekin ezinezkoa zen biltzarrera iristea, azaldu dute abokatuek. Egoera horretan, hegaldien dirua itzultzea eskatu zuten, baina Vuelingek ez zuen halakorik egin.

Orduan jarri ziren kaltetutako bidaiariak harremanetan Erreklamaturekin, kasua modu kolektiboan onartu eta denen izenean demanda bateratu bat aurkez zezan.

Honako hauek ordaindu beharko ditu enpresak, guztira: 4.800 euroko konpentsazioa hegaldia bertan behera uzteagatik (400 euro pertsona bakoitzeko), 2.960,65 euro aparteko gastuengatik (hala nola erabili gabeko hotelak, taxiak eta jan-edanak), 3.706,79 euro erabili gabeko bidaia-txartelengatik eta 2.400 euro kalte moralengatik.

Kalte moralak, «mugarria»

Kalte moralen ordainketaren garrantzia nabarmendu dute abokatuek, «mugarri nabarmena» delakoan. Diotenez, ez da ohikoa prozedura mota honetan eta hori kontuan hartzeko Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren eta Auzitegi Gorenaren doktrina aipatu zituzten.

Informazio faltak, tratu arduragabeak eta profesionalen arteko topaketara joan ezinak eragin zuen ondoez emozionala, estresa eta frustrazioa aipatu du Erreklamatuk. Demandak jasotzen duenaren arabera, egoera «kalbarioa» izan zen kaltetuentzat, «arreta ezin txarragoa jaso» zuten eta babesgabe utzi zituzten. Aipatzen da, halaber, Vuelingek eskainitako garraio zerbitzua eman zela «bidaiarien beharrak ezertarako kontuan hartu gabe».

Beraz, kalte moralak erreklamatu daitezkeela, erreklamatzeko epea gorabehera gertatzen denetik bost urtekoa dela, justifikatu daitezkeen gastu guztiak erreklamatu daitezkeela, bidaiariak bidaia txartelaren dirua itzultzeko edo garraiobide alternatibo bat eskatzeko eskubidea duela eta bidaia bertan behera geratzen bada eta 14 egun lehenago abisatzen ez badute konpentsazioa automatikoa dela azpimarratu du Erreklamatuk.