NAIZ

1975etik zenbatutako jaiotza kopururik txikiena izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: 12.937

2024an 12.937 jaiotza erregistratu zituen Eustatek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 2023an baino %3,8 gutxiago eta 1975etik izandako zifrarik txikiena. Jaiotzen talde handiena 30 eta 34 urte bitarteko emakumeena da, jaiotza guztien %34,3. Ondoren, 35 eta 39 urte bitarteko amen jaiotzak daude (%33,4).

Jaiotzak behera doaz tai gabe Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Jaiotzak behera doaz tai gabe Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. (Luma PIMENTEL | UNSPLUSH)

Eustat estatistika institutuaren azken datuek jaiotzen beheranzko joera baieztatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 2024an 12.937 sortze erregistratu ziren, 2023an baino %3,8 gutxiago eta 1975etik izandako kopururik txikiena.

Araba izan da jaitsierarik handiena izan duena (-%5,5); ondoren, Bizkaia (-%3,7) eta, azkenik, Gipuzkoa (-%3,2). Jaiotzak lurralde horietan 2.094, 6.421 eta 4.422 izan ziren, hurrenez hurren.

Hilabeteen arabera, jaiotzak gutxitu egin ziren gehienetan, bitan izan ezik; urtarrilean eta maiatzean jaiotzak %6,4 eta %1,2 igo ziren, hurrenez hurren.

Jaiotza tasa 5,8 jaiotzakoa izan zen mila biztanleko. Zifrarik altuena Arabak du (%6,2), ondoren Gipuzkoak (%6,1) eta, azkenik, Bizkaiak (%5,6). Erkidego mailan tasa hori 0,3 puntu jaitsi da 2023. urtearen aldean, eta 3,1 puntu 2014aren aldean.
     
30 urte edo gehiagoko amak

Sortutako haur gehienen amek 30 eta 34 urte bitarte zituzten, jaiotza guztien %34,3. Ondoren, oso gertu, 35 eta 39 urte bitarteko amen jaiotzak daude (%33,4). 40 urte edo gehiagokoen jaiotzak %11,2 izan dira, aurreko urtean baino 0,1 puntu gutxiago. 25-29 urteko amen jaiotzak %13,8 izan dira eta 20-24 urte artekoenak, aldiz, %6,2. Azkenik, ama nerabeak guztizkoaren %1,1 izan ziren, 2023an baino hamarren bat gutxiago.

Ama guztien batez besteko adina 33,4 urtekoa izan zen, aurreko urteko bera. 2024an, lehenengoz ama izan zirenen batez besteko adina 32,4 urtekoa izan zen.

Jatorriaren arabera

Amen jatorria kontuan hartuz gero, %26,6k espainiar Estatutik kanpokoak ziren eta 3.443 haur izan zituzten. 2023an ama horien ehunekoa %25,2 zen. Beren jatorrizko herrialde nagusiak honako hauek dira: Maroko (620 ama), Kolonbia (437), Nikaragua (208), Paraguai (201), Pakistan (196), Errumania (192), Aljeria (155), Honduras (137), Venezuela (117) eta Peru (108).

Estatu espainiarretik kanpoko jatorria duten ama guztien artean, %43,8 Amerikako herrialderen batekoa da, %32,5 Afrikakoa eta %12,6 Europakoa.

Oro har, emakume horiek espainiar Estatuko jatorrikoak baino gazteago izan ziren ama: kasuen %41,5ean 30 urte baino gutxiagorekin izan zituzten umeak. Espainiar Estatuko jatorria dutenen kasuan, %13,7koa da kopuru hori.
    
Erdia baino gehiago, ezkontzatik kanpo

2024an ezkontzaz kanpoko jaiotzak 6.541 izan ziren, hau da, jaiotza guztien %50,6; 2023an, berriz, %50,5 izan ziren. Duela 10 urte, 2014an, ezkontzatik kanpoko jaiotzen ehunekoa %39,9 izan zen.

Jaiotza ordena kontuan hartuta, 2024an izandako lehen 6.528 jaiotzak guztizkoaren %50,5 izan ziren; bigarrenak, %36,2; eta hirugarrenak eta ondorengoak, guztizkoaren %13,3.

2024an bizirik jaiotakoen artean, 100 neska eta 104 mutil jaio ziren. Mutilen batez besteko pisua 3.349,3 gramokoa izan zen eta neskena, 3.228,8 gramokoa.

Jaiotzen %93,5 ospitale publikoetan izan ziren, %5,9 ospitale pribatuetan eta %0,6 etxean. Erditzeak 12.802 izan ziren. Horietatik 12.620tan ume bakarra jaio zen, 179tan bixkiak eta hiru kasutan hirukiak. Erditze guztietatik 740 goiztiarrak izan ziren (%5,8).