Artea ikasbide hezkuntza programaren baitan 6 eta 12 urte bitarteko 117 ikaslek sortutako artelan irudimentsu eta espontaneoak jarri ditu ikusgai Guggenheim Bilbao Museoak astearte honetan aurkeztutako erakusketan. Programa honen bitartez, artistak ikasgeletan sartzen dira eta, irakasleekin elkarlanean, artea txertatzen dute ikasgaietan.
Esplorazio artistikoa eta artearen inguruko eztabaida oinarri hartuta, ikasleek sormenetik eta nork bere ikuspegitik abiatuta lantzen dituzte Lehen Hezkuntzako curriculumeko edukiak. Guggenheimek azaldu bezala, «jarduerak artea ikasgaiekin lotzeko diseinatuta daude —nola diren Zientzia, Hizkuntza edo Matematika—, ikasleek beren inguruko mundua artearen bidez ikertu eta ulertu ahal izateko».
Ikasturte honetan ekimenean parte hartu duten sei ikastetxeetako ikasleek hainbat gai jorratu dituzte, hala nola egutegiaren arabera naturak izan ohi dituen itxura-aldaketak, gizakien ekintzek ingurumenean eragiten dituzten ondorioak eta ingurune naturalarekin mimetizatzeko moduak.
Gainera, aktibismoa xede duen sorkuntza lana eta hark gizartean izan dezakeen eragina ezagutu dituzte, baita euren inguruko artisten obra ere. Eta artearen eta autoezagutzarako jardueren bidez, norberaren eta taldearen identitateari buruzko hausnarketa ere egin dute. Prozesuetan askotariko teknikak eta diziplinak erabili dituzte —besteak beste, pintura, eskultura, argazkilaritza edo performancea—, sormenak hezkuntzaren arloan duen garrantzia nabarmendu eta adierazpen askea sustatu duten hezkuntza proiektuetan aplikatuta.
Programaren edizio honetan parte hartu duten Lehen Hezkuntzako neska-mutilen sorkuntza irudimentsuetako batzuk honako hauek dira: desio onen atlas bat, artista-liburu batean jasota; ingurune hurbileko paisaiak irudikatzen dituzten bi paisaia handi, euskal artista batek herrian egindako muralean inspiratuta; musikari eskainitako bideo bat, Maria Rivero eta Maurizia Aldeiturriaga bizkaitar musikarien omenez; ikasleen gorputzen kartoizko siluetak, irudiz eta kolorez apainduta; txotxongiloak erabiliz sortutako mugimendudun zerua, hodeien joan-etorria eta ilargialdiak antzezten dituena; ikasleek asmatutako alegiazko izakien irudiak; eta esker oneko mezuak, ikasleek zuhaitz autoktonoetan zintzilikatu zituztenak, konpromiso eta errespetu keinu sinboliko gisa.
1998az geroztik 4.000 ikasle inguruk parte hartu dute hezkuntza programa honetan.

Igual Cerdán es Roldán, pero la Nafarroa de 2025 no es la de 1994

Periodismo en tiempos de maraña golpista

El estrecho de Ormuz, ¿arma definitiva en manos de Irán?

Sueños de esperanza a la americana
