Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Egitura berrituta, irailarekin itzuliko da 2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Irailaren 28an hasiko da 2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Berrikuntzak dakartza aurtengo edizioak, izan ere, egitura berritu dute eta finalaurrekoa bi bueltatan jokatuko dute. Halaber, finala Casillan egingo dute abenduaren 20an.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren aurkezpena egin dute Bilbon.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren aurkezpena egin dute Bilbon. (Mikel MARTÍNEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irailaren 28an abiatuko da, egitura berrituta, aurkezpenean azaldu dutenez. Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura Diputatuak, Belate Olabarria Bizkaiko Bertsolari Elkarteko lehendakariak eta Ione Narbaiza elkarteko koordinatzaileak prentsaurrean aletu dituzte edizio berriaren nondik norakoak. Jakitera eman dutenez, Nerea Ibarzabal aurreko edizioko txapeldunak aurtengo edizioan parte ez hartzea erabaki du.

Olabarriak esker ona agertu nahi izan die txapelketa antolatzea posible egiten duten norbanako zein erakunde guztiei. Narbaizak eman du egitura aldaketaren berri. Adierazi duenez, 2023ko txapelketaren ondoren hartu zuten erabakia, finalaurrekoen arrakasta ikusita. Izan ere, finalaurrekoak bi bueltatara jokatuko dira aurten. Horrela, bertsolariei gehiago kantatzeko aukera emango diete, saio bakarra guztiz erabakigarria bilakatu gabe, eta herri gehiagotara eraman ahal izango dute txapelketa. Beste berrikuntza finala hartuko duen espazioa izango da, aurten Casillan egingo baitute.

Irailaren 28an hasiko da lehenengo fasea, Urdulizeko kultur etxean egingo duten saioarekin. Bertan, Aitor Bizkarra Ruiz, Garazi Navarro Ugarteburu, Garikoitz Sarriugarte Onaindia, Izaro Bilbao Arostegi, Koldo Gezuraga Seijido eta Mikel Retolaza Etxebarria lehiatuko dira.

Urriaren 4ean Beñat Bilbao Landa, Iker Uriarte Urrutia, Iruri Altzerreka Martinez, Jone Larrinaga Dañobeitia, Lurdes Ondaro Mallea eta Txaber Altube Sarrionandia arituko dira Lekeitioko Ikusgarri zineman. Mungian egingo dute saioa hurrengo egunean, Olalde aretoan, eta bertan kantatuko dute Ander Ucelay Aristi,Imanol Uria Albizuri, Josune Aramendi Perez, Maite Sarasola Isazelaia, Peru Vidal Gurrutxaga eta Unai Mendiburu Valor bertsolariek.

Galdakaoko Torrezabal aretoan urriaren 11n egingo duten saioan lehiatuko dira Araitz Katarain Mugarza, Asier Galarza Garai, Bittor Altube Sarrionandia, Enare Muniategi Etxabe, Irune Basagoiti Agirre eta Paule Ixiar Loizaga Legarra. Lehenengo fasea Getxoko Muxikebarri Arrigunaga aretoan amaituko dute; bertan kantatuko dute Aitor Esteban Etxebarria, Ibai Amillategi Omaetxebarria, Janire Arrizabalaga Munduate, Koldo Muñiz Aldamiz-Etxebarria, Mikel Goiriena Larrazabal eta Peio Molinuevo Martin bertsolariek. Hain zuzen ere, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan lehen aldiz arituko da Molinuevo, gainontzeko guztiak inoiz norgehiagokan parte hartutakoak dira.

30 bertsolari arituko dira, guztira, lehenengo fasean. Narbaizak azaldu duenez, horietako 21 Udabarria Bertsotan sailkatze fasetik datoz eta gainontzeko 9ak 2023an finalaurrekoetara sailkatu zirenak dira. Horietako 11 pasatuko dira finalaurrekora, 5 saioetako irabazleak eta beste 6, puntuazioz sailkatuko direnak.

Finalaurrekoa, bi bueltatan

Halaber, finalaurrekoetako lehen bueltara zuzenean sailkatuko dira aurreko edizioko finalistetako 7, hots, Aissa Intxausti Aburruza, Jone Uria Albizuri, Oihana Bartra Arenas, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Gorka Pagonabarraga Agorria, Onintza Enbeita Maguregi eta Xabat Galletebeitia Abaroa. Izan ere, 2023an gailendu zen Nerea Ibarzabalek ez du aurtengo edizioan parte hartuko. Finalaurrekoetako bigarren bueltan lehen bueltako hiru irabazleak eta puntuazioz sailkatutako beste 9 arituko dira kantuan. Finalera sailkatuko dira finalaurrekoetako bi bueltetako puntuazioak batuta puntuazio altuena eskuratu duten 8 bertsolariak.

Finalaurrekoaren lehen buelta Zeanuriko Ibarreta frontoian, Abadiñoko probalekuan eta Barakaldoko Lasegarre kiroldegian egingo dituzte, urriaren 26an, azaroaren 2an eta azaroaren 9an, hurrenez hurren. Bigarren bueltako lehen saioa Bermeoko Artza frontoian jokatuko dute azaroaren 15ean eta bigarrena hilaren 22an, Markina-Xemeingo Uni frontoian. Finala abenduaren 20an izango da.

Saio guztiak 17.00etan izango dira eta sarrerak salgai daude, dagoeneko, bertsosarrerak.eus atarian. Halaber, baten bat sobera geratuko balitz, txarteldegian egongo dira eskuragarri, lehen fasean ordu erdi lehenago, finalaurrekoetan ordubete lehenago eta finalean 15.30ean.

Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura Diputatuak, Belate Olabarria Bizkaiko Bertsolari Elkarteko lehendakariak eta Ione Narbaiza elkarteko koordinatzaileak bertsozaleak Txapelketaren saioetara gerturatzera gonbidatu dituzte.